BILATU

azaroa 30, 2015

URTEAK GERO ETA LABURRAGOAK



Azaroaren amaiera eguna dugu gaur.  Horrek esan nahi du urtearen azken bihurgunetik igarotzen ari garela, abenduaren maldan beherako helmugako zuzenari ekin aurretik. Hogeita hamaika egun gehiago eta urtea erre dugu, guztiz. 

Ez dakit gaurko San Andresi edo datorren igandeko San Nikolasi galdetu beharko diodan urteen gero eta abiadura handiagoaren zergatiaz,  egia borobila baita susmoa dudala egunari ordutxoren bat ostu diotela. Eta inguruko lagunak (gazteagoak ni baino) oker nabilela konbentzitzen ari zaizkidan arren ezin dut nire baitatik urteak lehen motelago zihoazeneko sentsazioa uxatu. 

Beraz, nagoen suposamendu honetara behin iritsita, falta zaizkidan orduak berdintzeko loari kendu beharko nizkiokeela pentsatzen ari naiz. Dena den,  San Andres eta San Nikolasen erantzuna ezagutu arte itxoingo dut, ziurrenik eurak ere antzerako trantzetik igaro baitziren eta duten eskarmentua baliagarria izango zait erabakia hartzeko.

Kontatuko dizut, irakurle estimatua.

azaroa 23, 2015

2016.aren SAREA



Mendetako prestakuntza holistikoaren metaketak ekarri du gizartearen garapena eta ez beste ezerk. Iraultzarik sakonena ikaskintzan datza  eta ez ikazkintzan, batzuk iluntasunaren ontasunaz konbentzituta dauden arren. Gizon-emakumeon hausnarketarako ahalmenean bakarrik eraiki daiteke esperantzaren etxea eta ezinbesteko kohesio-gaia dugu jakintza, kultura, ormak eror ez daitezen.

Jakintza, ordea, ez da bat-batean sortzen, prozesu luzearen ondorioa baitugu. Ikaskuntza, akzio, erreakzio, diziplina eta konpromisoa behar dira ezagutza sendoa sortuko bada. Inprobisazioa, utzikeria, azalkeria, berriz, epe luzerako porrotaren seinale nabariak ditugu, hondamendiaren eragile ziurrak.

Kultura borrokak sakrifizioaren bidetik eraman behar gaitu beti, ala ez da kultura izango. Artifiziozko suziriak gau bakarreko lilurak direla asumitzen ez den bitartean 2016.aren sarean harrapatuta segituko dugu, ad eternum.

Argazkia: Tere Anda

azaroa 16, 2015

GIZA IRRAZIONALTASUNA



Euskaldun guztiok ez ginen ETA  eta islamiarrak ez dira berez izua sorrarazteko estigmarekin jaiotzen. Pellokeriaren hurrena litekeen hori gogoratu beharrekoa zaigu, batez ere Pariseko sarraskiaren oihartzuna oraindik amatatu ez denean. Ondorengo lerroek ezer berri gutxi ekar diezaiokete mundua bizi ari den gatazka odoltsuaren gaineko auziari. Mantra gisako pentsamenduak, ordea, argi eman liezaioke korapilo ilunari.

Askok munduko gerra berritzat hartu duten konfrontazio honek ez du epe laburreko irtenbiderik, aurreko gerratan ez bezala oraingoan ezina baita ejerzitoak nortzuek osatzen dituzten eta batailak non emango diren zehaztea. Ezezagutza horrek eszenategi bakarrera eramaten gaitu, bai ala bai: alde guztien konbentzimenduaz iritsi behar da han eta hemengo triskantzak uztera hondamendia erabatekoa izango ez badugu. Ez da alde bakarreko irtenbiderik. 

Konbentzimendura elkarrizketa eta ekimen eraikitzailearekin bakarrik helduko gara. Armek markatzen duten justiziarekin ez da inoiz bakezko agertokirik prestatuko eta orain arteko gizarte desoreka akabatzaileak berean segituko du, bakar-bakarrik giza irrazionalitateak ongarri dezakeen amaiera apokaliptikoa ahalbidetuz. 

Erlazionatutako artikulua (1991-03-12):


 

azaroa 09, 2015

ERREFRAUAK KILI-KOLO



Datorren urtean ehun beteko dituen Delfin laguna beste inoiz ere ekarri dut txoko honetara, gure arteko solasaldietako bere ekarpenen batek merezi izan duenean, batez ere.

Lehengoan, ohiko kafe eta marianitoa (berak) aurrean genituela,  antzar talde bat igaro zen eta sasoiko agureak  bota zidan: "Cuando las grullas veas pasar coge el aradro y vete a sembrar. Cuando las veas volver coge el aradro y vete a romper"

Nik dakidanez, egun hartan inguruko inork ez zuen goldea hartu soloan aritzeko. Azken nekazal lanabesak, kasurik hoberenean, zokoratuta daude, gehienetan apaingailu gisa, egun etxe dotore eta eroso bihurtutako antzinako baserrietan.

Antzarrak igaro dira, baina baserritarrak desagertu zaizkigu, ia erabat, eta domu santu egunean ez ziren mendi gailurrak elurrez zuritu. A! eta zikoinek Lukuko kanpai dorrean segitzen dute eta ez dugu, beraz, San Blasera arte itxoin behar berriz ikusteko.

Errefrauen berezko zentzuak galduz doazen neurrian gure bizitza-usadioak ere aldatzen zaizkigu, etengabe.


Argazkia: Marian Agirre

azaroa 02, 2015

PORTADAKO ALBISTEA, ARRASATEN



-      Siriako iheslarien hamaikagarren giza hondamena   Alemaniako mugan.
-      Pujoldarrak lapurretan maisu.
-      Raxoik Kataluniari buruz: ez dit pultsuak dardararik egingo.
-      "Ahal dugu" beherantz doa hautesleen boto asmoari begira.
-      Francisco eta Munillaren arteko desenkontrua gero eta handiagoa da.
-      Gürteleko epaileen PPrekiko sinpatiak zalantzan jartzen du epaia.
-      Ehunka errefuxiatu ito dira Mediterraneon azken egunotan
-      EHBildu eta EAJ ez dira gai Legebiltzarreko bake ponentzia aurrera ateratzeko.
-      Eta abar. Eta abar.


Medioetan horiei eta antzerakoei portadako garrantzia  emango zaien arren, kazetaritzaren oinarrizko arauei jarraiki ez lukete inondik ere hain toki pribilegiatukoak izan behar, ohikeria okagarriko konstanteak baititugu.  

Inongo medioren portadan agertuko ez den albistea, berriz, Arrasaten eman da: alkateak bisita egin die herriko elkarte kulturalei, bakoitzaren nondik norakoaz galdetzeaz gain, udalaren kultura-asmoen berri emateko.
 
Lekukoa naiz, elkarteetako arduradunak oraindik ahoa bete hortz daudela, alkateak luzatutako ezusteko galant horrekin. Ez zeuden ohituta. Bejondeiola!