Azaroaren amaiera eguna
dugu gaur. Horrek esan nahi du urtearen azken bihurgunetik igarotzen ari
garela, abenduaren maldan beherako helmugako zuzenari ekin aurretik. Hogeita
hamaika egun gehiago eta urtea erre dugu, guztiz.
Ez dakit gaurko San
Andresi edo datorren igandeko San Nikolasi galdetu beharko diodan urteen gero
eta abiadura handiagoaren zergatiaz, egia borobila baita susmoa dudala
egunari ordutxoren bat ostu diotela. Eta inguruko lagunak (gazteagoak ni baino)
oker nabilela konbentzitzen ari zaizkidan arren ezin dut nire baitatik urteak
lehen motelago zihoazeneko sentsazioa uxatu.
Beraz, nagoen
suposamendu honetara behin iritsita, falta zaizkidan orduak berdintzeko loari
kendu beharko nizkiokeela pentsatzen ari naiz. Dena den, San Andres eta
San Nikolasen erantzuna ezagutu arte itxoingo dut, ziurrenik eurak ere
antzerako trantzetik igaro baitziren eta duten eskarmentua baliagarria izango
zait erabakia hartzeko.
Kontatuko dizut, irakurle estimatua.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina