BILATU

Messi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Messi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

uztaila 18, 2016

NI EZ NAIZ MESSI



Garbi gera dadila: ni ez naiz Messi. Ez dut iruzurgileekin ezer jakin nahi, nire etsaiak baitira. Ez naiz Messi, Pujol, Alonso (Fernando edota Xabi) Imanol Arias, Ana Duato, Juan Luis Cebrian, Botin edota pertsonaia mespretxagarri  horien gisako inor. 

"Oihana erretzen denean zurea den zerbait erretzen da" eslogana egin zen ospetsu duela zenbait hamarkada. Baina are gehiago zabaldu zen mezua Perich komikigileak esaerari  "... , konde jauna" erantsi zionean. Ogasun beharkizunekin betetzen ez dituzten deitoragarri horiekin antzerako eslogana atera genezake: "Zuk zure zergak ordaintzen ez dituzunean, niri egiten ari zatzaizkit kalte, iruzurgile nazkagarria"

Gizarte batek beraren kontra ari den inorekin bat egiten duenean - pasibo eta, zer esanik ez,  aktiboki- gaixorik dagoenaren seinale garbia da. Eta susmoa dut gurea osasun egoera larri baten sintomak erakusten ari dela, izan ere kriminal horiei eskuburdinak eta oin-grilloak ipini beharrean txaloka ari zaie.

Argazkia: quitopress.com

ekaina 17, 2013

MESSI IRUZURGILEA ETA ERGELKERIA

Messik burua galdu zuen, ala agian bere aitak. Ala biek. Eta bazterrak harrotu egin zaizkigu,  galdera nagusia jokalariari zer gertatuko ote  bide delarik,   justiziak burutu beharrekoa  zer den ahaztu izan balitz bezala. 

Ia-ia une bertsuan, komunikabideek ekarri digute Barçaren azken fitxaketa zalapartatsuaren zenbait zehazkizun eta arras txundituta geratu naiz honako klausularekin: "senyeraren" balore izpiritualak aurrerantzean defendatuko dituen ostikalariaren adiskideak Brasildik etorri ahal izango dira, bi hilabetean behin Barcelonara, gastu guztiak futbol taldeak ordainduta. Ez dut uste Master in Bussines Administration egitera bertaratuko direnik. 

Norbaitek esango dit enpresa pribatu batek bere diruarekin nahi duena egin dezakeela... Esan egingo dit, baina ni ez nago ados baieztapen horrekin. Edozein enpresak bere bezero, hornitzaile eta inguruko guztiei errespetua zor baitie; ez ditu iraindu behar, ezta keinuz ere. Diruak, gezurra iruditzen bazaigu ere, badu bere etika. Eta diru irabazte hutsak ez du edozein gehiegikeria baimentzen. Demokrazia ez da agintean daudenak edozertarako libertatea edukitzea. Agindu ahal izateak ez die korsikar patentea ahalbidetzen agintariei. Eta hori ahaztu egin dela dirudi.

Barça da erantzulea, onerako eta txarrerako, bere langileak kontratatzeko erabilitako bitartekoez. Eta horiek lege betebeharretarako duten obligazioez. Messik galdu du burua baina bere enpresak bidea erakutsi dio iruzurrerako. Fitxaketa berriaren ergelkeria lotsagarriei amen egiteak bide okerra ongarritzea adierazten du. Eta espainiar estatuko egoera kalamitosoak hiritarrak suzko zigor mantsotzailerekin astintzen dituen bitartean hiritargoari denbora pasarako gai berria zerbitzatzen zaio, futbolisten istorio lotsagarriekin. Francok ez zuen hobeto egingo.


Argazkia:  famosos.ciudad.com.ar