BILATU

maiatza 28, 2018

UMEZAINTZAN


Urteko egunik politenetakoa izan nuen iragan asteazkena, umezaintzako txikitxoekin bilduta, hogeita hamar bat haur jakin minak irrikan nire inguruan eserita. Duela sei urte ere idatzi nuen txoko honetan ariketa atsegin honetaz, eta nire azalpenetan ez naizela errepikatuko aginduz, ostera heltzen diot gaiari, ordubete goxoa izan zela aurreratuz.

Umeak ume, beti, hemen eta edonon. Horregatik begirune osoz hurbildu behar gatzaizkie,  kontzienteak baitira alde guztietatik iristen zaien informazioaz. Eta prest daude eurengana heltzen ari dena digeritzeko, hori bai, informatzaileak mezua behar bezala janzten badie.

 Herriko historiaz mintzatu behar nien oraingoan ere, eta lantegia erreza ez den arren entzule txikitxoenganaino konexioa ahaleginean datzala ezagutu dut azken urteotan, batez ere nire biloben bitartez. Ez du zerikusirik nagusienganako taktikarekin, kasu honetan entzuleei ere eskatu behar baitzaie aldeko jarrera aktiboa. Umeekin konektatzeko erabili beharreko lanabesak diferenteak dira. Eta, zinez, gero eta ederragoa ikusten dut maistra-maisuen ofizioa. Ziur nago urteen joaneko talaiatik begiztatuta, errekonpentsatuta sentitzen direla behin ume izandakoen erantzunarekin. Polita litzateke ezagutzea, iragan asteazkeneko nire entzuleek ilusioz transmititu nahi izan diedanaz ezer gogoratzen duten urtebete barru.

Argazkiak: Miren Etxebarria

maiatza 21, 2018

BETI ARTE TELEGRAMA



Telegrama hiltzen ari da. Eta nor da telegrama? galdetuko dute gazteenek. Horixe da adin txikikoa izatearen abantaila eta... defizita, oroimeneko arasak oraindik gutxi beteta baitaude. Noski, ni ere ezin naiz oroitzapenen bidez Samuel Morseren garaietara heldu, baina - aspaldikoa naizenez gero- komunikazio arrunteko bitarteko aproposak izan genituen telegramak sarritan erabili ditut, hartzaile eta igorle moduan. 

Normalean telegramak bi motako mezuak eramaten zituen alde batetik bestera: albiste ona ala txarra: jaiotzak eta heriotzak; merkatal hitzarmen baten itxiera zoriontsua ala lehiakideak irabazi izana; Everestera iritsi dela edo oinarriko kanpamendutik behera egin behar izan dela; unibertsitaterako Valladolideko azterketa gainditu dela ala... (ez, ez gainditzearen albistea emateko ez zen dirurik gastatzen, hobe baitzen hondamendiaren arrazoiak etxera iristean buruz-buru kontatzea gurasoei) Beti modu laburrean adierazita, telegramak sentimendu baten laburpena eramaten zuen, hartzaileak ongi ulertuko zueneko ziurtasunarekin. 

Teknologiaren lasterketak aspaldi baztertu zuen telegrama ohiko bitarteko komunikatzaileetatik eta bizirik segitzen duen arren arnasketa lagunduaren bidez daukate, desentxuferako agindu ofizialaren zain.

Argazkia: moll.com

maiatza 14, 2018

NATURAREN DESOREKA



Ez da berria, gizakia aspalditik baitabil eguratsari ahalik eta zukurik gehien ateratzeko ahaleginetan. Gogoratzen dut, artean umea nintzela Arabako Errioxara joan ginen sendi bidai batean lehen aldiz entzun nuela bertako nekazariek tiro egiten zietela hodeiei, euriari eragiteko asmoz. Gauzak sofistikatu egin dira eta berriki irakurri dut txinoek lantegi erraldoi batean dihardutela Tibetean euri jasa 10.000 milioi metro kubikotan gehitzeko. Naturak matematikarako eman zidan gaitasun urria dela eta, hainbeste uretako bolumena irudikatzeak ihes egiten dit, baina suposatzen dut asko dela. 

Zentzumen osoarekin adierazita esan daiteke, ordea, txinoak alde batetik eta amerikano eta amerikano ez direnak bestetik, modu artifizialean euria eragitea planetaren desoreka handiagotzen ari garen bitartean, hondamen berri baten atarian jartzea dela, edo - argiago esanda- sartuta gauden burugabeko ingurumen-politikari jarraipen itsua ematea. 

Horrek esan nahi du, beldur ematen didala txinoen saiakerak, ezer onik ekarriko ez diolako gure munduari. Eta ikuspuntu ekologikotik bakarrik ari naiz; geopolitikoari helduko bagenio... akabo!

Argazkia: Wikipedia

maiatza 07, 2018

ATE GIZARAXOA


2018-05-05

Historia luzeko lekukoa dugu Zarugaldeko atea. Baliteke herriko harresietako hondarrik  adinduena izatea, zazpi mende t'erdiko eskarmentuarekin. Denetariko herri bizipenak ezagutu ditu eta herritarren poz eta alaitasunen partaidea gertatu da, isiltasunean. 

Eta txintxik esan gabe ere pairatu ditu bere kontra gizakien arteko dibergentziak sortutako eraso eta kalteak. Ate gizaraxoa XV.eko ahaide nagusien arteko liskar odoltsuetatik gaur egunera arteko bizikidetza batzuetan zentzu gabera heldu da. Badirudi bera dugula herri bihotz taupaden erritmo desberdineko adierazgarria. Ba al du gureak irtenbiderik?

2018-05-04
2018-04-05
2018-04-04



















2018-03-06

2018-03-01
                                                        
Argazkiak: JMVM