Telegrama hiltzen ari da. Eta nor da
telegrama? galdetuko dute gazteenek. Horixe da adin txikikoa izatearen
abantaila eta... defizita, oroimeneko arasak oraindik gutxi beteta baitaude.
Noski, ni ere ezin naiz oroitzapenen bidez Samuel Morseren garaietara heldu,
baina - aspaldikoa naizenez gero- komunikazio arrunteko bitarteko aproposak
izan genituen telegramak sarritan erabili ditut, hartzaile eta igorle moduan.
Normalean telegramak bi motako mezuak eramaten
zituen alde batetik bestera: albiste ona ala txarra: jaiotzak eta heriotzak;
merkatal hitzarmen baten itxiera zoriontsua ala lehiakideak irabazi izana;
Everestera iritsi dela edo oinarriko kanpamendutik behera egin behar izan dela;
unibertsitaterako Valladolideko azterketa gainditu dela ala... (ez, ez
gainditzearen albistea emateko ez zen dirurik gastatzen, hobe baitzen
hondamendiaren arrazoiak etxera iristean buruz-buru kontatzea gurasoei)
Beti modu laburrean adierazita, telegramak sentimendu baten laburpena eramaten
zuen, hartzaileak ongi ulertuko zueneko ziurtasunarekin.
Teknologiaren lasterketak aspaldi baztertu zuen telegrama ohiko bitarteko
komunikatzaileetatik eta bizirik segitzen duen arren arnasketa lagunduaren
bidez daukate, desentxuferako agindu ofizialaren zain.
Argazkia: moll.com
Argazkia: moll.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina