BILATU

San Isidro etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
San Isidro etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 15, 2023

NEKAZARIRIK GABEKO SAN ISIDRO


Gizarteak bere aisialdi atsegingarrirako nahia adierazteko duen indarraren isla dira jai herrikoiak. Tradizio bihur daitezke, eta beteranotasun horrek bere alde edo kontra joka dezake, giza kolektiboaren malgutasunaren arabera, bere baitan etengabe gertatzen den aldaketara egokitzeagatik.

Denok ezagutzen ditugu beren zentzua galdu duten jaiak, eta, hiritarrek gorde nahi dituzten arren, tradizioaren arimatzat har genezakeen zerbait falta zaie. Ez dut bat ere aipatu behar, oso gertu ditugulako. Badaude artifizialki sortzen direnak ere, sustrai-zentzurik gabeak, ibilbide labur bat iragar dakiekeenak.

Jaien zurrunbilo horretan deigarria egiten zait - zilegi bekit aipatzea, hurbilekoak ditudalako- herriko San Isidrokoak. Izpiritu nekazari huts hutsetik duela ehun urte jaiotakoak eraldatzen joan dira etengabe eta egun osasuna darie, hitzaren zentzu zabalean, noski. Auzoan ez dugu nekazari bat ere aurkituko baina ospakizuneko ardatz nagusian iragan baserritarra islatzen da, ez - jakina- antolatzaileek joandako garaiak hobeak izan zirela pentsatzen dutelako, baizik eta gorantz eta kementsu hazteko sustraiak ezinbestekoak direla konbentzituta daudelako.

maiatza 15, 2017

ISIDORUS AGRICOLA


Hagiografiak hamaika santuren bizitza zertzeladak hurbildu dizkigu eta biografia guztietan bezala auskalo zer dagoen asmatuta eta zenbat den egia. Frogatzerik ez dagoen guztia erlatibotasunaren erresuman kokatu behar da eta irakurleari dagokio zerekin geratzen den erabakitzea. Nik bederen ideia garbi bat daukat historiako testu guztiei aplikatzeko: oraingo pertsonaien gainean hainbeste erreferentzia irrealak eskaintzen zaizkigunean, atera kontua zein nolako egiatasun gradu edukiko duten orain ehun, berrehun edo mila urteko gizon emakumeen inguruan idatzitakoek.

Nire adineko hainbatek bezala, gustura oroitzen dut nerabezaroko aldizkari bilduma bat: Vidas Ejemplares. Derrigorrezko irakurketakoak ez baziren ere, historia sakratua ikasgairako ederto zetozen osagai gisa. Eta zenbaki guztiak erosten ez genituen arren trukeren bidez heda genezakeen irakur-eremuko mugak.

Urteak igaro dira ordudanik eta irakurle izaten segitzen dut. Baina  irakurgaia ulertzeko modua aldatu egin zait, beste hainbat emoziorekin gertatu zaidan bezalaxe. Gaur San Isidro - Isidorus Agricola- eguna ospatzen du eliza katolikoak. Vidas Ejemplares eskuan hartuta oroitu dut, nekazari madrildarraren bizitzari buruz gehien inpaktatzen ninduena, otoitzen ari zenean aingeruek gidatutako idien istorioa zela. Orain, berriz, polita iruditzen zait, literatura hutsa.

Argazkia: JMVM