BILATU

Pello Zabala etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Pello Zabala etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 07, 2022

KRISTAU GIDARIA ERE IZAN ZEN PELLO


“Jainkoaz galdezka” bere libururako Joxe Arregi frantziskotarrak 2007an nire ekarpentxoa eskatu zidanean, aukera agertu zitzaidan aspaldixetik lotan nuen sentimendu erlijiosoarekiko hurbiltze keinu bat egiteko. Eta eskariari erantzunez idatzi nituen lerroei ekin ahal izateko Arantzazun kokatu nuen nire burua, fedeari eustea gero eta konplikatuagoa egiten ari zitzaidan une haietan han ikusten bainuen artean konfiantza pittin bat ematen zidan giza zirkulua. Joxe bera, Iñaki Beristain eta Pello Zabala nituen erreferenteak, egunetik egunera kide gutxiago eta printza larriagoak aurkezten zituen bi mila urteko elizaren eraikinean.

Hamarkadak dira  galdu nuela erlijioetarako zintzotasun hertsia, eta gizakien arteko elkar trukean bilatzen dut oreka espirituala. Eta Arantzazutik hiru frantziskotar haiek gogo bakea zekarkidaten euren hitz eta, batez ere, ereduarekin. Hizkera bertsuan ari ginen, eta haien mezuaren bibrazioak nigan oihartzuna eragiten zuen. Eta proiektatzen zidaten soseguzko sentsazioa kristau kolektibo orokorrera irisarazteko gai izan zitezen desiratzen nuen barne-barnetik. Behar nuen, behar genuen.

Hirukote magiko hartatik bi betiko joan zaizkigu eta Joxe Arantzazuko talaiatik bota zuten. Azken galera izan da Pellorena. Humanoa zen eta hil egin da. Amaitu zait Arantzazuko hitz jario itxarongarria. Etorriko dira tenporak iragarriko dituztenak eta musika klasikoaz mintzatuko zaizkigunak. Baina Pello gidari, Jainkoaz eta jainkotasunaz hitz egiten zidanaren argi dirdiratsu bezain apala betiko itzali da. Horixe da nire moduan bila ari direnek galdu duguna.

Argazkia: Goiena

Gehiago nire blogean Pello Zabalari buruz:

urtarrila 29, 2018

PELLO ZABALAREN ILDOTIK



Amezketarraren nortasunean murgil egiten bada, Euskal Herrian sortutako pertsonaiarik interesgarrienetakoen multzoan sartu behar dugula ondoriozta daiteke, samur asko. Horregatik irakurri nuen Puntua aldizkarian egin berri zaion elkarrizketa. Hamaika plazatako bizipenak gainditu ondoren  Pellok badaki zein ertz askotakoa den mundua, borobila marrazten zaigun arren. Horrexek egiten ditu bere ekarpenak aberats, interesgarriak, toki gehienetatik bueltan dagoela erakusten baitu beti. Bere janzkera xumeak ez ditu zorioneko sasi-ezkutu interesatuak estaltzen: dena garden azaltzen digu, beldurrik gabe. 

Besteak beste, egungo euskal eliz agintarien gaineko balorazio txikia egin du Pellok aipatu elkarrizketan  Hitz gordinak erabili ditu, oso. Eta ene ustez horixe ematen dio balioa bere ekarpenari: barne-barneko sentimenduaren islapena da, apaingailurik gabea. Pellok ondo ezagutzen zuen Juan Garmendia Larrañagak ohi zioen bezala, gauzak alda ez daitezen ez dago hoberik haien gaineko hitz erditan ibiltzea baino. Pelloren gisako eliz militanterekin beste kuku batek kantatuko luke, adibidez, Artzain Onaren katedraleko dorretik. Osasuna, Pello!