BILATU

kultura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kultura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 15, 2025

EzBerdin Berdinak



Duela hilabete batzuk, Eusko Ikaskuntzaren Kongresuaren amaieran, gure herrialdeko gizarte-kohesioari buruz idatzi nuen , eta gaiari heldu diot berriro, aipatu erakundea hiriburuz hiriburu aurkezten dabilen EzBerdin Berdinak izeneko emanaldia ikusi ondoren. Lehengo ostiralean eta Gasteizko Europa Jauregian, Kongresu haren ondorioz euskal herritarrei helarazitako mezuetako baten gorpuzte jostalari bat ikusteko aukera izan nuen: kultura gure gizarteko maila guztietara infiltratzea.

Utz diezaiogun, behin betiko, gaia bueltaka ibiltzeari ezbai antzuetan: kultura kohesionatu bat sortzeko gai ez bagara... agur euskal kulturari! EzBerdin Berdinak-ek gure izatearen berezko dena zaintzeko premiazko beharraren kontzientzia piztu nahi du, azaleko desberdintasunen barrutik. Zer da guretzat berezkoagorik hizkuntza baino, gure desberdintasunak gorabehera berdin egiten gaituena? Ezin dugu hori zalantzan jarri, gizarte zein kultura aldetik dauden desberdintasun-egoera ugari ditugun arren.

Euskarak adierazten du desberdin izatea, gizarte-berdintasunaren barruan. Bihotzetik ahora agertzen den hizkuntzak adierazten du bidea, burutik abiatuta ziurrenik ahaleginean galduko bailitzateke. Iragan ostiralean Europa Jauregian Olabide ikastolako umeek erakutsi zigutena da formula, eta ez artifiziozko saloi ponpoxetatik datorkiguna. Eta, kontuz!,  bizi dugun une kritikoa ipurdiz gora jartzea gai garela sinesteko lanabes bakarra baitugu. Zein den? Garbi: borondatea. Ez dago besterik. Baina hori ez da dendetan eros daitekeen gaia. Bere bila atera behar dugu egunero, etsi gabe.

Nork esan zuen erraza izango zela? Bai zera!!!

Argazkia: JMVM

iraila 12, 2022

KULTURAREN KONTRA?

 


Harri eta zur geratu naiz, muineraino, “mundu libreari” Ukrainiatik eginiko deiarekin, Errusiaren aurka ekiteko, edo, hobeto esanda, herrialde horren kulturaren kontra jotzeko. Zeri esaten diote ukrainiarrek mundu libre? Gizadiaren ergelkeriak eite hartu du ostera nire aurrean, neurri erraldoitan.

Aspaldi irakurri nion idazle esanguratsu eta ausart bati, hiru arriskuk ekar dezaketela gizadiaren amaiera: nuklearra, ekologikoa eta kulturaren suntsipena. Balendin Rasputin zen idazlea, errusiarra, 1987 inguruan Euskal Idazleen Elkartearekin harremanetan ibili zena.

Ez dakit aurreneko bi arriskuak behin betikoak izatera hel daitezkeenik; hirugarrenari buruz, ordea, arras ados nago errusiarrarekin. Areago, esango nuke lehen biak hirugarrenaren ondorioa direla. Gerra guztiek onena ezabatzen dute, eta herrien muin kuttunena, ezinbesteko euskarria, bere kultura da. Suntsi ditzagun kultura sorrarazteko euskarriak eta agur esango zaio herri gizaraxoari. Horregatik salatzen dut ukrainiar deia... errusiarren inbasio armatua kondenatzen dudan arrazoi berdintsuekin. Biak erreakzio faxistak dira.

Argazkia: Books and art in the USSR

azaroa 23, 2015

2016.aren SAREA



Mendetako prestakuntza holistikoaren metaketak ekarri du gizartearen garapena eta ez beste ezerk. Iraultzarik sakonena ikaskintzan datza  eta ez ikazkintzan, batzuk iluntasunaren ontasunaz konbentzituta dauden arren. Gizon-emakumeon hausnarketarako ahalmenean bakarrik eraiki daiteke esperantzaren etxea eta ezinbesteko kohesio-gaia dugu jakintza, kultura, ormak eror ez daitezen.

Jakintza, ordea, ez da bat-batean sortzen, prozesu luzearen ondorioa baitugu. Ikaskuntza, akzio, erreakzio, diziplina eta konpromisoa behar dira ezagutza sendoa sortuko bada. Inprobisazioa, utzikeria, azalkeria, berriz, epe luzerako porrotaren seinale nabariak ditugu, hondamendiaren eragile ziurrak.

Kultura borrokak sakrifizioaren bidetik eraman behar gaitu beti, ala ez da kultura izango. Artifiziozko suziriak gau bakarreko lilurak direla asumitzen ez den bitartean 2016.aren sarean harrapatuta segituko dugu, ad eternum.

Argazkia: Tere Anda