BILATU

koronabirusa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
koronabirusa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 14, 2022

ETA ORAIN ZER?


 Ba hori, inork ez dakiela zer gertatuko den hemendik aurrera, eta munduan igarlerik ez denez, nahiz eta askok bere burua halakotzat hartu, errealitatea da pandemiak ezezagunaren aurreko gure segurtasun monolitikoaren oinarri tradizionalak astindu dituela eta zulo beltz baten aurrean gaude, nola arituko garen galdegai. Alde horretatik, koronabirusak debaluatu egin gaitu, baina -batek daki- agian onerako.

Pandemiak gure artean toki hartu aurretik bezala, gizartearen galderei hainbat postulatutatik erantzungo zaie aurrerantzean ere, gehienetan hauteskunde edota ekonomia irizpideekin. Ez da aldaketa handirik egongo, beraz, eta gure parte hartzea eta herritartasunezko sentimendua murriztu egin daitezke. Baina, jakina, nire estimazio pertsonala da hori guztia, inor konbentzitzeko asmorik gabe.

Politika guztion onerako ezinbesteko ariketa prestua dela pentsatzen jarraitu behar al dugu? Ni gero eta eszeptikoagoa naiz gaiarekin, baina ez dago beste heldu tokirik. Eta uste dut birusak mutaziorik eragin ez digun bezala, gizartean jadanik irekitzen zaigun bidea betiko zalantzaz beteta egongo dela.

Argazkia: Ekain

abendua 27, 2021

SAN ESTEBANTXE



Aramaioko esaera zahar batek “Natibitate, ase ta bete; San Estebantxe, handik aurrera lehen letxe” dio, abenduaren 26an ohiko martxa berreskuratzen dugula adierazi guran. Errealitatera itzuli gara, beraz, azken orduotako kolore artifizial anitzeko gorabeheretatik kanpo, aurrerantzean egutegi monotono eta, zergatik ez esan!, neurri handi batean bihozgabe 
batera behartuta. Galderak errepikatuko ditugu: zer gertatzen ari zaigun, noiz arte pairatu beharko dugun egoera lazgarri hau, etorkizun ekonomiko hurbilak zer ekarriko digun eta abar.

Ezin izan genuen inoiz imajinatu zomorro soil batek bizitza nahastuko zigunik birus madarikatu honek egin digun bezala. Eta zigor biblikoa bailitzan, menderatzen gaituen eszenatoki baten aurrean gaudela, momentura ondoen egokitzen dena gugandik ateratzen saiatu behar gara, asmatzen ari garen edo, besterik gabe, erabakitzea porrot ziurra den jakin barik.

Denok daukagu gure San Estebantxe inflexio puntu partikularra eta hark gidatu beharko gintuzkeela pentsatzen ibili ordez, abaguneko bitartekoak buruz erabiltzea iruditzen zait osasuntsuena. Erantzukizun guztia bestearena dela uste izatea inmorala iruditzen zait. Inor ez dago inoren gainetik, ez egoera latz hauetan, ez inoiz.

Argazkia: Ekain

abendua 20, 2021

AZKENIK ASKE


 “Azkenik, aske! Jainkoari eskerrak ematen dizkiot, azkenik aske naizelako” horrela irakurtzen da 1968ko apirilaren 4an erail zuten Martin Luther Kingen hilobian. Agian gazteenek ez dute jakingo Luther King, AEBetako arrazakeriaren kontrako borrokalari sutsu eta burutsua izan zela, eta indarkeriarik gabeko erresistentzia aldarrikatu zuela bere ekintzak aurrera eramateko orduan.

Egia da erabateko askatasuna heriotzak bakarrik ahalbidetzen digula, egia bada ere une horretan bizidunen artean geratzen direnei behintzat gure egoera berriaren erakuspena eratzea ezina dela. Martin Luther Kingek askatasuna mundu honetan nahi zuen baina balek eragotzi zioten bidea. Eta beste munduaren askatasuna besarkatu behar izan zuen.

Pandemia dela eta, txertatuen eta ez txertatuen askatasuna ez da berdina. Nirearen mugek talka egiten dute bestearenekin eta automatikoki auzia pizten da bestearen esparrua nork inbaditu duen argitu gabe utziz. Ez bide dago irtenbiderik eta eztabaida mingotsean galtzen gara, indibidualki eta giza talde gisa ahulagoak bihurtzen garen bitartean.

Egiaztapen bakarra da, birusak bere lana egiten segituko duela, eta batzuei betiko askatasunaren giltza ematen dien batera, besteei askatasunaz ezbai antzuan iraun ahal izateko igarobidea eskuratuko die. Horrela, donec venit hora novissima, azken ordua heldu arte.

Argazkia: JMVM

azaroa 29, 2021

DURANGORA, BAI? EZ?

 Aurten zailxeago du pertsonalak Durangoko Azokara heltzeko. Koronabirusaren bide saria garesti ateratzen ari zaigu, eta oraindik ez diogu antzik ere ematen azken kostu osoaren tamainari. Bistan da euskal liburuen salmentak ez duela aurten markarik jarriko, kostatzen baitzait pentsatzea balizko merkataritza elektronikoak orekatuko duenik Azokako saltokietan pairatuko den defizita. Merkatuen gora beherak, finean. 


Eragingo al du, ordea, Durangoko defizit absolutuak portzentaje berdinez oro harreko irakurketaren mailan? Ez, inondik ere ez, arrazoi sinple batengatik: erosten den guztia irakurtzen ez delako. Hori dela eta, Durangoko erromesen jarioa apalagoa izango den arren gutxitze traumatiko horrek ez du euskal irakurleen aktibitatean orbainik utziko. Euskal irakurleak Durangotik kanpo dauka bere azoka urte osoan, eta abenduan Tabira zaharreko bidea hartzen badu ere beste zerbaitek erakarria da, erosi nahi hutsak baino. Eta euskal irakurle ez denak Durangon eros dezakeenak ez dio euskal literaturari bultzadatxorik egiten. 

Nik, euskal irakurlea naizenez, badaezpada ere, ohiko nire liburu dendara joko dut. Durango beti egongo da hor, aurten agertuko ez naizen arren. 

Argazkia; durangoazoka.eus

 

azaroa 08, 2021

HIRUGARREN DOSIAREN BILA

 


Eslogana gure herrietako hainbat ormatan ageri da, eta lehen aldiz irakurtzean batxilergoan kimika ikasten ari ginela azido sulfurikoaz ohi zen ipuin irrigarria gogoratu dut. Elementua koloregabe, zaporegabe eta usaingabe zela mugatu zuen ikaslea irakasleak azidoaren tragoxka bat hartzera gonbidatu zuen. Ikasle gizagaixoak begiak beren orbitetatik aterata... “Niri gustatzen zait” ihardetsi zuen hankaz gora erori baino lehen.

Grafenoaz ez genekien ezer garai haietan, deskubritu gabe zegoen eta. Orain ere gutxi da ezagutzen dudana, teknologia aurreratuetan asko erabiltzen denaz gain. Horrezaz aparte, izadian dugun materialik gogorrena dela esan zaigu zientzia zirkuluetatik. Karbono hutsa bide da, grafitoaren aldaera hurbila. Nolakotasun azpimarragarriak, beraz, grafenoarenak. 

Eta eslogana gustatu zait, bi arrazoirengatik. Alde batetik positiboa delako txertoei dagokienez, ez ditu baztertzen, arbuiatzen. Eta bigarrena, grafenoaren bidez karbono bihurtzen garen bitartean txertatuaren iraunkortasunaren alde dagoela ematen duelako. Ormako idazlearen esku anonimoaren asmoa gizadiaren bataz besteko adinean modu gehigarriz eragitea dela esango nuke, azkenik fosilak bilaka gaitezen.

 Nolanahi ere, nire kasu partikularrean ez nator bat ormako aldarrikapenarekin. Nahiago dut esperimentuak gaseosarekin burutzea, badaezpada ere. Eta urte gutxiagorako igarobidea emango didan arren, Pfeiffer-eko hirugarren dosia hartuko dut, zalantzarik gabe.

Argazkia: JMVM

azaroa 01, 2021

EZ DAUKAT BESTE ARMARIK


 Idazkiak, hausnarketa publikoak, ikus entzunezko mezuak, elkarretaratzeak eta abar alperrekoak bide dira, ez dute ezertarako balio izan. Zentzun gabeko bizimodu arriskutsura itzultzen ari gara, hemen ezer gertatu izan ez balitz bezala. Edozelan ere, ez noa ikasgai moralik ematera, ez bainaiz inoren argi dorrea eta nahikoa daukat nire ortutxoarekin, besteenetara sartu barik.

Baina nolabaiteko eskubidek babestu beharko nindukeelakoan nago. Ozeanoa zeharkatzera doan itsasontziari nazioarteko arautegiak salbamenduko txalupak eraman behar dituela gogorarazten dion bezala, edota hegazkinean flotagailuak derrigorrezkoak direla baieztatzen zaigun antzera, ez dut ulertzen zergatik pandemiaren eragin hiltzailea errotik erauzi ez den bitartean hiritarron eskubide guztiak ez diren errespetatu behar. Nork bermatzen dit niri, adibidez, atenditzen ari zaidan osasun zerbitzuko profesional horrek osasun neurriak bete dituela?

Lege entramatuak erdi umezurtz uzten nauen bitartean, nire eskubideari iseka egiten dioten guztiak madarikatuko ditut. Zoritxarrez, ez daukat beste armarik.

Argazkia:Ekain

uztaila 19, 2021

EKONOMIA HUTSAREN ESKLABOAK


Giza kolektiboaren garapena soziala izango da ala gureak porrot egin du. Ezeren gainetik gizakia izango da garaile ala esklabo hutsak bilakatuko gara. Izan ala ez izan, argi eta garbi. Ekonomiak ezin du gizartea askatu, formula askatzailean oinarri ekonomikoa derrigorrezkoa gertatzen zaigun arren.

Pandemiak mundua hankaz gora jarri digu eta hamaika laudorio entzun ahal izan ditugu, botere politikoek berreskuratze ekonomikorako aldarrikaturako neurriak direla eta. Inoiz erabilitako aurrekonturik handienak izango dira han eta hemengo herrialdeetan martxan jarriko direnak eta badirudi ostera ere ahaztu dugula pertsona diruen labirinto konplikatuan. Salba bedi ahal duenaren gordintasunean jarraitzeko arrisku bizian gaude, neoliberalismo orojalearen hatzaparretan preso.

Egitura defizit erraldoiak azalean utzi du osasun publikoaren gabezia kronikoa. Erakunde boteretsu aseezinek bira berri batez estutu dute mundu osoko populazioaren premia, ia-ia bizitza arrunt duinari eusteko ahalmena ahitzeraino. Eta oinezkook gure mailako albokoari begiratzen diogu, gehiago ote garen frogatzeko, guztiz ahaltsuak gure etorkizuna hipotekatzen digun bitartean. Dinamika horrekin apurtzen ez den bitartean ekonomiak ez gaitu aske egingo.

Argazkia: JMVM

ekaina 14, 2021

IKASI AL DUGU EZER?


Ziklo berri batean gaude eta itxurari begira badirudi mundua suspertzen ari dela. Galtzerdi bati barnekoz kanpora egin izan bagenio bezala gainetik kentzen ari gara iluna, inguru argitsu batekin ordezkatzeko. Eta, noski, gainera datorkigun udari ongi etorri zaratatsua ematera prestatzera goaz, gurekin amaitzerik ez dagoela erakutsi nahi baikenuen, labezomorroak baino gehiago garela, hain zuzen.

Munduko kalapita politikoek itxaropenerako zirrikitu gutxi uzten dutenean - ikus Gaza edo Ceuta/Melilla; osasun ekonomikoak jangela solidarioetako bezeroen kopurua biderkatu duenean; tentsio ekologikoak orekaren soka apurtzear duenean - "denbora amaitzen ari zaigu"; futbol zelai batera sartzea kutsaketa guztiak baino premiazkoagoa egiten denean;... orduan, zerbait ez dugu ondo egin pandemiaren kudeaketan edota gureak ez du irtenbiderik.

Urtebete t’erdi eman dugu krisiak gure gizarte jarrera eraldatuko duela iragarriz, eta itxura askoren arabera zauri gehiagorekin atera gara borrokatik. Gure gizarteak - denak- jota daude eta bi bloketan sailkatzen ari da gero eta gardenago planetako biztanleria: nirekin ala nire kontra. Pandemia ez da amaitu; areago, badirudi betidanik gurekin bizi izan dela, gizon-emakumeon izaerarekin batera sortua. Noiz behinkako erupzioak - azkenari koronabirus deitu diogu- barne-zornearen ondorio hutsak dira. Irtenbidea ez datza Jansen, Pfizer, Moderna edo AstraZeneka txertoetan.

Argazkia: Zuriñe

martxoa 22, 2021

LA META EZ DAGO MADRILEN


“La Meta” izan nuen laurogeietan gau mahaiko libururik erabilgarrienetako bat. Zuzendaritza lanetan murgilduta, Goldratten testua argi faroa bilakatu zitzaidan denboraldi batez, erabakietako prozesuaren faktoreak sailkatzeko eta ordenan jartzeko argibideak eskaintzen baitzituen. Sistemen kudeaketaren mugak jartzen zituen azalean teoria hark eta, aitortzen dut, liburua negozioetako bibliatzat hartzeko arriskuan egon nintzen. Emandako denboraren perspektibatik epaitua, teoria borobil hura praktikara eramateko zailtasunak gaindiezinak ziren, teoria guztietan gertatzen den moduan. Baina teoria zen.

Pandemia zikin honetarako ez dago aproposeko “La Meta”rik. Teoria guztiak, beraz, idazteke daude. Eta gainetik birusaren garroak betiko uxatzen ez diren bitartean – eta gero ere bai, ziur-  Goldratt berriak ugarituko zaizkigu, teorikoak perretxikoen letxe ugaltzen baitira, ureztatzen ibili gabe ere. Baina, behintzat, teorikoek arazoa antzeman egiten dute, detektatu, eta borondate on batekin aholkuak ematen dituzte praktikarako, nahiz eta diagnostiko eta zuzentze-iradokizunetan oker egon daitezkeen.

 Teorikoak ez dira, horregatik, kaltegarrienak. Teoria zale hutsak direnei, gutxienez argiaren gaineko interesa suposa dakieke. Beltzenak, min gehien egiten dutenak arazoaren irtenbiderako edozein teoriari uko egiten diotenak dira, sistemen kudeaketarako prestakuntza eta borondate minimoaren premia hanka artetik pasatzen dutenak. 

Argazkia: Diario Vasco

 

martxoa 15, 2021

IKUSI ETA IKASI? EZ BETI

 


Azken urtebete honetan asko ikusi dugu, ezker eskuinean, goi eta behean. Denetarikoak bizi behar izan ditugu, heriotzak barne, kontraesanean erori naizen arren, ezin baita heriotza bizi. Baina burutapen filosofikoak alde batera utzita, egia da iragan den urteak eskarmentuz bete digula motxila, iragartzera jarrita ere inoiz irudikatuko ez genuen moduan. Hain konplikatu eta bihurria izan den!

Batzuei errotik ostu die urteak bizi-ondasuna. Denoi, berriz, bizi-metroaren portzentajea eraman digu urtebete antzu hurrenak, eta lehortearen noraezean galduta hamaika katramilatatik jasan behar izan ditugu. Zenbaitzuei arrasto sakona utziko digun bitartean, normala izango da gazteengan etorkizunerako esperantzak gora beherak lautzea, eta gerta liteke pairatutakoa historiaren apunte huts bat bilakatzea zenbait hamarkadaren buruan.

Asko ikusi dugu, bai, zentzumenak iratzarririk eduki baititugu, ingurukoa amesgaizto bat izango ote zen galdegai. Egunak joan egunak etorri giza espeziaren gaineko zalantza kezkagarriak biderkatu dira gure artean, erantzun zehatzik ez duten itaun labaingarriak, hain zuzen. Eta iluntasunaren gunetik sortutako egiaztatze gordin beltzenetakoa da, ikusi eta ikasi hitzak ez doazela derrigorrez elkarren ondoan, sarritan ikusi arren ez baita ezertxo ere ikasten.

Argazkia: JMVM