BILATU

maiatza 30, 2022

ADISKIDEEKIN



Itsas laminen kantuek ez naute liluratzen. Nire egungo bizitzan, zirkunstantzia gehienetan, iraganeko beste edozein garaikoa baino handiagoa da erlatibitatea. Adiskidetasunean sinesten dut, alderdi guztietan. Gainerakoa guztiz baztergarria zait. Uste dut inoiz imajinatu ez nuena soberan gainditu ondoren, denda ixteko ordua dela. Badakit inoiz ez naizela gai izango harreman hautsiak bideratzeko, eta uste dut litekeena dela besteei ere ez interesatzea inoiz izan ez zen horretara itzultzea.

Balizko bizipen-espazio berrien atzetik abiatzea abentura bat besterik ez da, eta, nire bizitzaren maila honetan, ez zaizkit interesatzen. Ez nuke jakingo neure burua moldatzen, ezta nigan bilaketa-sentsazio berezirik sortuko ere. Nahiago dut aurreko aldietan zapaldutako paisaiak berraurkitzea eta iraultzea, eta horrek, kontrakoa dirudien arren, sentsazio berriak aurkitzen saiatzeak bezain merezimendu edo meritu handiagoa du, balizko sentsazio horiek hutsaren hurrena izan bailitezke.

Gainera, ziur nago agertoki berriak etengabe bilatzea ez dela progresismoaren ezta askatasun handiagoaren sinonimo ere. Aske naiz nire lagunen artean, eta horiek osatzen dute nire bizi-espazioa, gogobetegarria eta nahikoa.

Argazkia: Zuriñe

maiatza 23, 2022

TXIMINOA SANXENXON?

 


Batera agertu zitzaizkigun tximinoaren baztanga eta Abu Dabiko komisionista. Azaldu behar dut arras despistatu nintzela albisteekin, eta sentsazio arduragarri batek gainezkatu ninduen. Adina izango ote? Pentsatu nuen, nire ezgaitasunean. Hain zahartzaro gaiztora kondenatu nau bizitzak?

Begira; albisteek esaten ziguten batak Sanxenxon lur hartu zuela hiritarrei iseka eginez,  eta besteak zaintza neurri osoen gainetik latitude guztietako gizon emakumeei mingaina ateratzen ziela. Orduak aurrera egin eta komunikabideek informazio gehiago eman ahala, horien berriekin nahasten ari nintzela iruditu zitzaidan. Tximinoaren arriskuari aurre egiteko kanpaina berezi bat prestatzen ari zirela ulertu nuen. Baina gero komisioengatik eskuak zikin dituena baztangarekin nahastu zituzten albistegiek, eta ez nuen jakin bereizten arriskua Sanxenxokoarenean edo primatean ote zegoen. Ala bietan.

Osasun-komunikazioan aditua den Fernando Simonek berak ere, birusari buruz hitz egin zuen, eta ziurrenik ezkutuan gordeta egon zela aitortu zuen, biktimen ahuleziaz eta pasotismoaz baliatuz gaitza hedatzeko bere aukeraren zain. Ni gero eta galduagoa nengoen, eta ez nintzen gauza helarazten zitzaidan uneko mezuari irudi zuzena jartzeko. Zurrunbilo hartan, Afrikako hegazkinetik jaitsitakoaren aurpegia kutsatze birikoari buruzko albisteari jartzen nion; eta, bestalde, pantailan agertzen zen animaliari Afrikatik iritsia zela suposatzen nuen.

Gehien despistatu ninduena, ordea, gaixotasunerako erremediorik ez dagoela zioen erantzun zientifikoa izan zen, maiz eman baitut nire iritzia birus koroidunaren gain, horren gisako tximino kutsagarriekin esperantzarik ez dagoela konbentzituta. Eta txundituta nengoen mundu zientifikoak ere uste horretan nirekin bat egiten zuela ikustean.

Argazkia: La Voz de Galicia

maiatza 16, 2022

BORONDATEAREN KONTRA


 Esan ohi da irtenbidea bilakuntzan datzala. Eta ez da zaila asmatzea baieztapen horren atzean badagoela bizitza modu positiboan bideratzeko jokaera bat. Batzuek ez diote jaramonik egiten bide horri, eta zirkulu batetik irtetea zaila egiten zaie, itolarri existentziala landuz, bide zuzena topatzea gehiago eta gehiago eragozten diena.

Baina egia da, halaber, gauzak ez direla beti norberak nahi bezala ateratzen, eta konponbidea ameskeria hutsa bilakatzen da. Badira beste faktore batzuk norberaren borondatearen aurka jokatzen dutenak, eta askotan gaindiezinak dira, irtenbide egokia aurkitzeko asmoen porrota eginaraziz.

Gure arteko aitorpen bat: gaurko idazkiaren aurreko sarreratxoa Alaves futbol ekipoa bigarren mailara jaitsi izanaren harira dator. Ez nekien nola apaindu atzera bueltarik ez duen gertaera hori, eta ahal izan dudan hausnarketarik filosofikoenera jo dut, “Glorioso”aren zaleen atsekabea arindu gabe seguruenik.

maiatza 09, 2022

ARTE ERAKUSPEN HERRENAK







Interesgarria da gure herri eta hirietako hormetan gero eta ugariago agertzen diren arte-adierazpenei erreparatzea. Herritarren adierazpen-gaitasunaren adierazle bikaina iruditzen zait, eta esango nuke, batzuetan – ez beti- tokiko agintariek artearen bidez iragana eta eguneko gizarte errealitatea adierazteko duten sentsibilitatearen ispilua bihur daiteke. Zenbaitzuetan gertatzen da, tamalez, barne auzi intelektuala pizten zaiela aginte makila dutenei eta arte erakuspenaren emaitza herren geratzen da herritarron begietara.

Adibide batekin esplikatuko naiz hobeto. Begira: Leintz Gatzagarekin lotura zuzena duen elementu arkitektoniko bat da Dorletako Santutegia- adierazpen erlijiosoa aipatu gabe- erreferentzia historikoak XIII.tik ematen dituena. Hori lege onez ezin da ahaztu, osterantzean hainbeste aldarrikatzen ari garen memoria historikoaren oinarriari ostikoa ematea izango bailitzateke. Eta argazkiko adierazpen artistikoaren nire ustezko huts hori ezin da zuritu, santutegia txirrindulari baten irudiarekin dagoela ordezkatua adieraziz. Izan ere, orma irudiko txirrindulariek beren esfortzuan Gatzagako aldapatzarra oroitarazten dute, eta ez santutegia. Gainera, Dorletako Ama Birjinak txirrindularientzako balizko babes izpirituala iragan mendeko erdialdetik bakarrik eskaintzen ari da mendetako bere tenplutik.

Argazkia: JMVM

maiatza 02, 2022

AZKENEKOAN


“Gure enpresan azkenekoan asmatzen dugu beti” zioen lehengoan Arabako Dominarekin saritu duten Eduardo Anitua arabarrak. Eta hain esaldi xume baina borobil horren egiatasunaz geratu nintzen pentsakor. Horixe da, bai jauna, arrakastaren gakoa, lan esparrua edozein izanda ere. Lehena, bigarrena, zazpigarrena..., berdin zaio, beti izango baita azkena. Asmatzearen prozesua luzatu egingo da, bilatzailearen borondate eta gogoaren parera.

Inportanteena ez da lehen saioan erdiestea, helburura iristea baizik, eta horretarako lortu nahi denarekiko konbentzimenduan egon behar da zutik. Nork bere indarren eta xedearen ontasunean sinetsi behar du, desiratutako geltokira iritsiko bada. Igual dio ez bada lehenean asmatu! Hurrengo batean izango da... baldin eta heltzeko gure gaitasunean konfiantza badugu.

Lehiaketako animaliak gara, zentzu guztietan. Geure burua probatu behar dugu pozik sentitzeko. Helburuaren ontasunean sinesten badugu gerta dakigukeen gauzarik txarrena ahaleginean amore ematea da. Esku artean dugun horretan sinetsiz gero, etenik gabe borrokatu behar dugu, tarteko helburuetan porrot egin arren. Hortik ikasiko dugu, gure ezagutza aberastuko dugu, aurrera egingo dugu. Eta azkenean garaipenaren turutak joko du... eta hori azken saiakeran gertatuko da.

Argazkia: Ekain