Batera agertu zitzaizkigun tximinoaren baztanga eta Abu Dabiko komisionista. Azaldu behar dut arras despistatu nintzela albisteekin, eta sentsazio arduragarri batek gainezkatu ninduen. Adina izango ote? Pentsatu nuen, nire ezgaitasunean. Hain zahartzaro gaiztora kondenatu nau bizitzak?
Begira; albisteek esaten ziguten batak Sanxenxon lur hartu zuela hiritarrei iseka eginez, eta besteak zaintza neurri osoen gainetik latitude guztietako gizon emakumeei mingaina ateratzen ziela. Orduak aurrera egin eta komunikabideek informazio gehiago eman ahala, horien berriekin nahasten ari nintzela iruditu zitzaidan. Tximinoaren arriskuari aurre egiteko kanpaina berezi bat prestatzen ari zirela ulertu nuen. Baina gero komisioengatik eskuak zikin dituena baztangarekin nahastu zituzten albistegiek, eta ez nuen jakin bereizten arriskua Sanxenxokoarenean edo primatean ote zegoen. Ala bietan.
Osasun-komunikazioan aditua den Fernando Simonek berak ere, birusari buruz hitz egin zuen, eta ziurrenik ezkutuan gordeta egon zela aitortu zuen, biktimen ahuleziaz eta pasotismoaz baliatuz gaitza hedatzeko bere aukeraren zain. Ni gero eta galduagoa nengoen, eta ez nintzen gauza helarazten zitzaidan uneko mezuari irudi zuzena jartzeko. Zurrunbilo hartan, Afrikako hegazkinetik jaitsitakoaren aurpegia kutsatze birikoari buruzko albisteari jartzen nion; eta, bestalde, pantailan agertzen zen animaliari Afrikatik iritsia zela suposatzen nuen.
Gehien despistatu ninduena, ordea, gaixotasunerako erremediorik ez dagoela zioen erantzun zientifikoa izan zen, maiz eman baitut nire iritzia birus koroidunaren gain, horren gisako tximino kutsagarriekin esperantzarik ez dagoela konbentzituta. Eta txundituta nengoen mundu zientifikoak ere uste horretan nirekin bat egiten zuela ikustean.
Argazkia: La Voz de Galicia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina