BILATU

Esperanza Agirre etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Esperanza Agirre etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urria 13, 2025

ESPERANZA AGUIRRE ETA ERREGEA, AVILAREN ALDE


1997ko azaroaren 27a zen. Orduko Kultura ministroa gonbidatu genuen Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan parte hartzera, lehen aldiz bideokonferentzia bidez konektatuta, hainbat hiritan aldi berean egiten ari zena. Konexio horietako bat Madril-Gasteiz izan zen. Esperanza Aguirrek presiditu zuen mahaia Ministerioko areto batean, eta pantailaz bestaldean Félix Ormazabal Arabako diputatu nagusia zegoen,  Kongresuaren Gasteizko egoitzan.

Ordurako, Esperanza Aguirre ezaguna zen jendaurreko agerraldietan zentzurik gabeko gauzak esateagatik, eta guk, antolatzaileok, apustu moduko bat ezarri genuen gure artean ministroaren hitzaldian lehenengo inkoherentzia nork antzemango.

Ez genuen denbora asko itxaron behar izan, hasierako agurrean, Agirre andrea Félix Ormazabali zuzendu baitzitzaion Ávilako diputatu nagusi gisa. Eta ez zuen hutsegitea nabaritu —behintzat, ez zuen barkamenik eskatu—, nahiz eta garbi zegoen “estudios vascos”en ekitaldi batean zegoela.

Gogoratu nuen anekdota Espainiako erregeak lehengoan Gasteizen berriro ere Ávila aipatu zuela jakin nuenean, Arabako beste diputatu nagusi bati, Ramiro Gonzalezi, zuzendu zitzaionean. Eta dakidanez, borboia ez zen bere akatsaz konturatu ezta hutsa zuzendu ere, behintzat publikoki.

Espainiako kultura ministroa eta erregea. Zein pertsonaiak!

Argazkia: JMVM

maiatza 18, 2015

DOAKO BARRETERAPIA



Barreterapia ei da, zenbait gaixotasunen sindrometik ateratzeko pertsonen baitan aplika daitekeen metodorik eragingarriena. Gure gizartean gero eta gehiago dira barne sintoma negatiboetatik aldentzeko asmoz barreterapiaren ingurura biltzen diren lagunak. Agian horrek esan nahi du gure gizartearen osasun egoera egunetik egunera okerragotzen ari zaigula, baina badaezpada ere oraingoan silogismoetatik kanpo geratuko naiz. Ez diot inori arrazoirik zerbitzatu nahi, tipo ezkortzat har nazan. 

Aitzitik, nik ere, barrearen onuraz konbentzituta, irakurleari pista batzuk eman nahi dizkiot. Debalde, gainera. Begira: zerrendatxo batean gaixotasunaren balizko zenbait kausa idatziko ditut, negarra sorrarazi beharrean irakurleari barregura eman behar diotenak. Zoaz poliki, lagun, eta ikusiko duzu zein ondorio goxoa duen barreak. Erreza da. 

A.- Jorge Fernandez espainiar Barne Ministroak esan berri du guardia zibilak ez direla EAEtik sekulan joango. (Arnasa hartu soseguz eta ekin barreari)

B.- Raxoyren iritziz ustelkeria ez da bere alderdiaren arazo estrukturala. (Arnasa ... )

C.- Obamak mila dolar baino gutxiago dauka bere kontu korrontean (Arnasa ...)

D.- Franciscok esan du Mahmud Abbas palestinarra bakearen aingerua dela (Arnasa ...)

E.- Esperanza Agirre eta Cifuentesek otoitz egiten diote San Isidrori, enplegua sor dezan (Arnasa ...)

F.- (Irakurri gaurko egunkariko titularrak eta nahikoa duzu zure zerrenda propioa egiteko)



http://www.fentmuntanyaiformacio.es