BILATU

Egipto etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Egipto etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

apirila 10, 2023

EGIPTO ETA ADIMEN ARTIFIZIALA. LISTO PASAU

 


Programa bat bestearen atzetik izan zen.  Egiptologo talde batek duela hiru edo lau mila urteko hilobi horietako baten edukia deszifratzeko egindako ahalegina islatu zuen lehenak. Teknologiarik aurreratuena erabili zuten hildakoaren ondorengo bizitzara igarotzeari erreferentzia egiten dion horma-irudi bat sortzeko, ia-ia hormako marra ikusezinetatik abiatuta.

Bigarren erreportajeak etorkizuneko agertoki batera eraman zuen ikuslea (agian ez hain urrunekoa) non irudimenak ere zeresan handia izan zuen eta adimen artifizialaren itxaropenik gabeko ezarpenaren ondorioak gure garunean sartzen saiatu zen.

Berehala lotu nituen bi dokumentalak nire pentsamenduetan eta iruditu zitzaidan bata eta bestea, haien edukian, lotura birtual baten bidez lotzen zirela. Beste munduan hemengo bizitzan bezain egoera erosoa lortzeko beharrezkoa zitzaion guztiarekin hilobian lurperatuta izatea agindu zuenak eta adimen artifizialaren garapenean inbertitzen duenak abiapuntu bera dutebere boterea gainerako hilkorren aurrean ahal den bezala iraunaraztea, jainkoen laguntzarekin edo nanoteknologiarenarekin.

Faraoiak ustezko beren jainkotasunean porrot egin eta desagertu egin ziren. Ez daukat batere argi lurra planeta menderatzeko lasterketa berriak gizakiak ez dituela esklabotasunik izugarrienera eramango eta, azken finean, beren buruen suntsipenera. Ba hori, listo pasau.

Argazkia: wikipedia

abuztua 19, 2013

ERLIJIOAK ETA MILITARRAK



Ikaragarri itzela dugu erlijioaren izenean elkar hiltzea. Militarizazioaren garroek erlijioaren alde iluna astintzen dutenean garrasi erdiragarria ozen altxatzen da eta fusilek heriotza ekartzen dute giza taldera. Hori (nire) tesi  bat da, baina erlijioaren desbideraketak fusilak eskuan hartzera gonbidatzen duela idatz liteke ere. Eta bi bideek ondorio berdinera eramango gintuzkete: hondamendira.

Dei dezagun Egipto edo Belutxistan. Berdin dio. Erlijioaren gaineko neurriz kanpoko erabilpenak tragedia sorrarazi du beti, ekialde, mendebal, hego edota iparraldeko kolektibitateetan. Erlijioa gizakien inbentoa da eta horregatik grina guztien arragoa bihurtzen dira gizon emakumeok instrumentalizatzen ditugunean. Gerra santuak zein gurutzadak gizabanakoen ezintasunaren ezaugarri nabarienetakoak ditugu, eta ahalmenik ezak bortizkeriaren abiapuntua gertatu izan dira tximinoa bi oinen gainean ibiltzen hasi zen unetik, edo agian lehenagotik ere.

Irrazionalizazioak hondatu egiten du elkar bizitza, eta erlijioak militar izatezko  muturreko jokaerarekin nahasten direnean ekidin ezinekoa da gizarte eztanda, ez baitago ezer irrazionalagorik  jainkoaren hitza indarrez sartu nahi izatea eta, zer esanik ez, armen bitartez arrazoia ezarri gura izatea baino.

Erlijioak gizakion arteko kohesio gai bezala ikusten dut, elkarri zor zaion begirunetik proiektatua. Osterantzean arma higuingarria bilakatzen dira. Militarren gain, berriz, aldeko ezer gutxi esan dezaket. Baina ezin dut ahaztu pertsonen berezko jokaera arbuiagarriaren seme-alabak direla. Beraz, ia nork konpontzen duen korapilo tragikoa.

Argazkia: www.latercera.com