BILATU

Olentzero etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Olentzero etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 12, 2026

SAN CUCUFATO

 


Olentzerok ekarritako eskularruak galdu nituen, oparia jaso eta zenbait egunetara. Atsekabetu egin ninduen, batez ere euskal pertsonai mitikoari eskutitza idatzi ziona nire hutsak tristetu egingo baitzuen. Beraz, gertatua erdi isilpean gordetzea erabaki nuen. Hala ere, lagun bati azaldu nion galera eta horrek aurkitze lana San Cucufatoren esku uztea aholkatu zidan. San Cucufato?

Hasierako harriduraren ondoren, bere existentziaz ere ezertxo ez nekien aipatutako santua, galdutako objektuak berreskuratzeko bitartekaririk onena dela azaldu zidan adiskideak. Eta haren gaineko sasi otoitz hutsezin baten berri eman zidan.

Interneten sartu eta pertsonaia aurkitu nuen, hari batean hainbat korapilo lotzen dituzun bitartean esaten duzun esaldiagatik ezagun dena, galdutako objektua agertuz gero korapiloak askatzeko promesa egin behar diozuna.  Jakina, ez nintzen joko horretan sartu, baina nire buruak etengabe gogorarazten zidan norbait goibelduko zela eskularruak falta zitzaizkidala jakin izan balu.

Buru nahaste ilun hartan, hotz izugarria egiten zuen eguerdi batean eskuak izoztuta nituela kafetegi batera sartu nintzen eta artean atean nengoela zerbitzariak barratik bota zidan, denok aditzeko moduan: "lehengo astean hemen utzi zenituen eskularruak". Hori entzutea eta nik "Gora San Cucufato!" oihu egitea bat izan zen! 

Orain ez zait batere axola, erregalatu zizkidanak dakien ala ez egun batzuetan bere oparia non zegoen jakin gabe egon nintzela. Ziur nago interes handiagokoa izango dela berarentzat, galdutakoa aurkitzen laguntzen dizun pertsonai bat dagoela santuen olinpoan, galdu eta aurkituetako bulegora joan beharrik gabe.

 San Cucufatoren sasi-otoitza:

https://cajondelsastre.com/2017/05/12/san-cucufato-los-huevos-te-ato/


abendua 30, 2019

BELENA ETA OLENTZERO, BURU TRINTXERAK SOBERAN


Jaietako zurrunbiloan sartuta, urte zaharrari ipurdia erretzeko prestatzen ari garela,  egunotan bizi izan dudan sentsazio bati eman nahi diot tokitxoa ondoko lerroetan.
Aitortzen dut betidanik ditudala jaiotzak atsegin. Arrasateko Ozteko-Etxeko lagunek nire haurtzaroan urtero jartzen zuten belen erraldoi hura -  baliteke nire irudimen txikiarekin alderatzen nuelako- oraindik barnean grabatuta daukat, gero eta sofistikatuagoak erakusten zaizkigun jaiotza bitxi ulergaitzak bisitatzen ditudan bitartean. Ikusi ahal izan ditut artzain motorizatuak, hegazkinean iristen diren erregeak, Star Warseko sekuentziaren batetik aterata diruditen Herodesak, ... Baina oraindik ez dut inoiz Olentzero bat aurkitu portalearen inguruan, nahiz eta "aditu duenean Jesus jaio dela..."

Bestalde, aurten ere hamaika aldiz abestu ditut Olentzeroren kopla desberdinak... Areago, umeentzat prestatutako ipuin antzeztu baten errepresentazio ederraren ikusle izan naiz. Eta ohartu naiz Olentzero gizaraxoari ostu egin zaiola Belengo umea jaio zeneko albistearen emaile izatea... Olentzero ikazkina, bixigu zalea, jentilen lagun mina, eta beste hainbat nolakotasunekin disfrutatu ahal izan dut arlotea, baina ihes egin dit kristau aleak. Badirudi Olentzeroren nortasun agirian ezabatu dutela askok haren ibilaldiko mugarri hori. 

Gustatuko litzaidake belenismoa irekita egotea jainko-sinesmeneko heterodoxentzat edota fededun ez izan arren historia eta artea maite dugunontzat; eta halaber nahi nuke datozen belaunaldiei transmititzea, kristauentzat historikoki zerbait adierazi zuela Olentzerok. Belen eta Olentzero ez lirateke elkarren arerio izan beharko, azken finean enbor bereko adarrak baitira eta biek galdegai berdinari eman nahi diote erantzuna. Garbi daukat buru-trintxerak desagerrarazi behar ditugula gugan, komuneko espazioen mesedetan.

Argazkia: Zarauzko hitza 

abendua 31, 2018

OLENTZERO, MAGOAK ETA... ERGELAK


Ez dago opari berririk erregeetara arte. Horixe entzun nion ama bati Gasteizko tranbian, Olentzerok bereak banatu zituenetik berrogeita zortzi ordu oraindik eman gabe. Eta ezetz asmatu, irakurle zintzoa, nor ikusi nuen tranbian bertan aurreko esaera aditu eta berehala. Ba, ozeanoz bestaldeko pertsonaiarik kalifikaezinena,  bagoiko nire jarlekuaren ondoan eserita. Eta bere krapula-begirada galdu eta ergelarekin andreari galdetu zion zenbat urte zituen haurrak.

Ez nuen amaren erdiespena entzun ahal izan, baina higuingarriaren zantzoek bete zuten tren espazio itxia, I already fucked every day at his age”, euskara batuan, gutxi gora behera, "nik bere adinean narrua jotzen nuen egunero" adierazten duena entzun genezakeen bitartean. Baieztapen lapidario eredugarria nire sentsibilitate higatuan dardara eragiteko gai izan zen. Sukar puntu batekin nengoen eta horregatik ezin dut ziurtatu honakoa ere gertatu ote zitzaidan: jiratu nintzen Trumpengana eta bere begien aurrean esan nion: ”You're not more stupid because you don't train”

Ulertu ote zidan ala ez berdin zait. Ni lasai geratu nintzen. Eta uste dut, tranbiatik atera aurretik istorioaren subjektu pasiboarengana joan, ilea ferekatu eta «zorte on Errege Magoekin » opa niola. Berak begi keinu lagun bat eskaini zidan.

urtarrila 16, 2017

ERGELAK EZ



Idatzi nuen aurrekoan itxaropentsua izan behar dela, aurrera egingo bada. Bateon batek esan dit baikorregia naizela, errealitateak ez duela urdin koloreko etorkizunik antzematen ahalbidetzen. Jakina, baina zer irabazten dugu gure burua, denon artean jarri dugun teloi ilunaren kontra behin eta berriz jotzen? 

Dena den, itxaropenak ez du zerikusirik inozo izatearekin, batzuetan inozokeriazko zipriztinekin berriz bataiatu nahi gaituzten arren. Olentzero edo Errege Magoenganako sinpatiak ez digu fantasia errealitaterekin nahasi behar. 

Eta aurrekoa ongi datorkit, mahaira eramaten dizkioten errege-dekretuak EAO (BOE)n sinatzen dituen borboiari buruzko nire iritzietan tinkoagotzeko.  Pertsonaiaren hitzetan, espainiar estatuak krisi ekonomikoa gainditu du eta ekoizpen modeloa aldatu. Horren gisako baieztapenik egiten duenak, bietako bat, gu ergeltzat hartzen gaitu edo ez daki zertan ari den. 

Horren moduko azalpenetan ez naiz ni oinarritzen itxaropentsuak izan behar dugula adierazteko. Itxaropentsuak bai, ergelak ez. Horregatik nik, majestateetatik, errege magoetan bakarrik sinesten dut, behintzat ilusioa ekartzen didate.

Argazkia:Tere Anda