BILATU

errekonkista etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
errekonkista etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

azaroa 20, 2023

ERREKONKISTA SAKRATUA

Dena etorriko da, ez ibili presaka. Ikusiko duzue laster Feijook PSOEko idazkari nagusi eta gobernuburua desafiatzen duela ezpata borroka batera, baina ez esgrima kirol joko noblean erabilitakoetatik, baizik eta Don Pelayo motakoetatik. Fenomeno asturiar hark, beso armatuaren kolpez, musulmanen mugimenduari galga jarri ziola diote, Espainiako errekonkista deiturikoari hasiera emanez. Horrela irakatsi zidaten behintzat eskolakume samurreko urteetan.

Nolanahi ere, lehia ez da inoiz gertatuko, galiziarraren aurka Sanchez borrokan ari den bitartean, "me gusta la fruta" entzun eta segundoko milaren batean bizkarretik eraso bat jasateari dion beldurrarengatik. Eraso horrek, inondik ere ez ustekabean, Galiziako apostolu demokrata trump-etaria (oximoron) ere harrapatuko zukeen, aberri-saltzaile fedegabea akabatzeko ahaleginean martir bezala eroriko zena.

Pelayorengana itzuliz, hain da eztabaidatua bere jatorriaren, balentrien eta abarren tesia, non asmakizun bat dela pentsatzea besterik ez dago, “bat-handi-aske”ren kontrako sentimenduak oro ezpataz ezabatzeko inbentatuta. Matxinada gorri eta gualdako egun hauetan, oinazetik eta beldurretik begiratzen diegu berriro errekonkista sakratuari.

Argazkia: wikipedia

uztaila 13, 2015

KARLISTEN ERREKONKISTA



Arrasaten geneukan igerileku ederra aipatuz, XX.aren berrogeitamarretan nagusi genuen moralari buruz idatzi nuen iragan astean . Besteak beste nioen, herriko gizakumeok bakarrik genuela instalakuntza moderno haietara sartu ahal izatea, zeharo debekatua baitzegoen emakumezkoen presentzia. Ekimen pribatuaren ildotik ireki zen piszina hura eta enpresaburuen mentalitate, berez, atzerakoiari garaiko erregimen faxistaren arau estu eta birrintzaileak gehitzen zitzaizkion, gizarte giro gris ilunean. 

Denboran nire artikuluak bat egin zuen Asturiasetik iritsitako albiste bitxi batekin. Karlista asturiarrek duela hirurogei urteko lelo moralizakor harekin segitzen dute, hondartza eta igerilekuetako sexu bereizketa aldarrikatuz, espainiar gizartearen desbideratze demoniakoari balazta jartzeko. Hori dela eta, Sixto erregegaiaren segitzaile asturiarrek 1958ko irizpideak berpiztu dituzte, espainiar errekonkista berri baten premia exijituz. Urte hartako aitorpenean, Ortodoxia eta Moralitaterako  Gotzainen Batzordeak zioen, beste harribitxi batzuen artean:

"Presentan especiales peligros las excursiones campestres, con baño mixto en un estanque o río; pues a los inconvenientes del baño público en general hay que añadir los que provienen de la frivolidad, ligereza y excesiva libertad de un día de excursión" 

Ba hori, bejondeiela polita karlistei!