Dena etorriko da, ez ibili presaka. Ikusiko duzue laster Feijook PSOEko idazkari nagusi eta gobernuburua desafiatzen duela ezpata borroka batera, baina ez esgrima kirol joko noblean erabilitakoetatik, baizik eta Don Pelayo motakoetatik. Fenomeno asturiar hark, beso armatuaren kolpez, musulmanen mugimenduari galga jarri ziola diote, Espainiako errekonkista deiturikoari hasiera emanez. Horrela irakatsi zidaten behintzat eskolakume samurreko urteetan.
Nolanahi ere, lehia ez da inoiz gertatuko, galiziarraren aurka Sanchez borrokan ari den bitartean, "me gusta la fruta" entzun eta segundoko milaren batean bizkarretik eraso bat jasateari dion beldurrarengatik. Eraso horrek, inondik ere ez ustekabean, Galiziako apostolu demokrata trump-etaria (oximoron) ere harrapatuko zukeen, aberri-saltzaile fedegabea akabatzeko ahaleginean martir bezala eroriko zena.
Pelayorengana itzuliz, hain da eztabaidatua bere jatorriaren, balentrien eta abarren tesia, non asmakizun bat dela pentsatzea besterik ez dago, “bat-handi-aske”ren kontrako sentimenduak oro ezpataz ezabatzeko inbentatuta. Matxinada gorri eta gualdako egun hauetan, oinazetik eta beldurretik begiratzen diegu berriro errekonkista sakratuari.
Argazkia: wikipedia
... ERREKONKISTA SAKATUA ... !!!
ErantzunEzabatu