BILATU

martxoa 30, 2015

LIBURUA, ADISKIDE HORI



Aste Santuko oporraldiak iritsi dira eta beraiekin batera gorputz eta gogoari atseden zibilizatua emateko ordua. Hori teorian bederen, askok eta askok justu kontrako bidea hartzen baitute, eta gorputzari astinketa ederra eskaini ostean intelektoa elikatzeko darabilten bitartekorik kuttunena telebista aparailua piztea da. Jakina, bi muturren artean badira beste aukera aunitz ere eta, adagio klasikoaren arabera, in medio virtus. 

Nik liburu batzuk sartuko ditut zakutoan. Ez dakit norantz zuzenduko ditudan nire urratsak. Baina garbi daukat ez naizela etxetik aterako atseden tarteak gustura ematen laguntzen didaten irakurgai aproposak hartu gabe. Lagun paregabeak dira liburuak, sekula dezepzionatzen ez zaituzten horietakoak. Zintzoak. Beti zure zain daudenak. 

Iragan asteko albistea izan da irakurleen portzentajea gero eta txikiagoa dela gure artean. Egia esateko, albiste zaharra dugu hori. Baditugu kanpo eta barne eragileak irakurleen murrizketan modu zuzenean intziditzen dutenak eta lehenekoekin ezer gutxi egin dezakegun arren, gutariko bakoitzarengan badira mekanismo ezkutuak irakurketarako interesa piztu dezaketenak. Gure baitan daude: bila ditzagun. 

Liburu bat irakurtzea izpiriturako oparia gerta daiteke, irakurgaiarekin asmatuz gero. Ikasi behar da irakurgai onak hautatzen. Lasai, ez da hain ariketa zaila. Liburuek mundu zoragarria gordetzen dute beren baitan eta hura deskubritzea abentura ahaztezina bihurtzen da.




http://www.fentmuntanyaiformacio.es




 

martxoa 23, 2015

ARS VIVENDI


Ascensión "Pepe"
Horixe bera igarri dut bidean berriki aurkitu ditudan bi lagunen izaera baikorrean. Bizi izateko desio zabal eta emankorra, mugarik gabea. Laurogeita hamar urte betetzear egon arren izpiritu gaztearekin hartu naute euren zirkuluan eta aukera ahalbidetu didate elkarrekiko komunikaziorako.

Pepe eta Fidel Avilako bi gizakume ditugu, ikaragarrizko bizitza eskarmentuarekin euren bizkarrean. Iragan itzulezinaren testigu zorrotzak dira eta giza miseriaren aurpegi ilunari kolorea eskaintzea lortu dute euren berezko jakitatearen bidez. 

Extremadura-Gaztela arteko artzain transhumante gisa aritu izan zen mende erdi batez Pepe, hamaika gutxiespen eta gizarte-zoritxarraren hartzaile isila. Eta ganaduaren joan etorriarekin bizi ahal izateko nahikoa ez zenean bostehun metro lur azpiko meatzean dinamita jartzen ateratzen zuen sos apurra berarentzat, emaztea eta hiru seme alabentzat. 

Fidel
Fideli, berriz, Avilako herrixka galdu batean ahitu zaizkio egunak eta ametsak. Inoiz inondik loratuko ez zitzaion udaberriaren zain erre zituen indar apurrak eta abaguneko ohekide zirkunstantzialarekin berotu zituen negu gorriko gau ilunak. Elurraren zuri itsuarazlea etorkizun beltzaren errealitate itogarriarekin tartekatu zuen etengabe, herrixkako bide malkartsuetatik zerumugari begiratzen zion bitartean. 

Orain Fidel eta Pepe - "nire izena Ascension da, baina txikitatik esaten didate Pepe"- euren bederatzigarren hamarkadako atarian bizitzako istorioak azaltzen dizkiete entzun nahi dietenei, presarik gabe, zigarro puruaren mozkin txiki itzalia ezpainetan preso, bizi izatea arte izan daitekeela erakutsi nahi balute bezala, arte bizia, alegia, egiazkoa.








martxoa 16, 2015

ATHLETIC ETA BARÇA: KAINA!



Zeharkako bidetik jakin dut Bilboko Athleticek Barçaren kontra jokatuko duela Kopako futbol finala. Ziur nago, irakurleen gehiengoa, batez ere futbol mundua hurbildik segitzen dutenak, hau da maioria absolutua, bide normaletik jabetu zela bi taldeen arteko neurketaz. Nire kasuan, ordea, finalaren lehen berria modu bitxi batean eskaini dit Esperanza Agirre politikastro madrildarrak, izan ere emakume horrengan hain ohikoak ditugun purrustada horietako baten bidez iritsi zait bilbotar eta bartzelonatarren arteko norgehiagoketaren albistea. Bistan da ez naizela futbol zale.

Medioetatik jakin ahal izan dugu, Agirre ez duinaren iritziz bi talde horiek ez luketela jokatu beharko espainiar lehiaketan ... euren buruak espainiartzat ez daukatelako. Horri silogismo txar bezain tranpatia deitzen diogu, emakume.  

Agirre andre txit argia: zuk uste al duzu hain samurra dela NANeko hertsikeriarekin haustea? Eliza katolikoaren esparrutik ateratzea - apostasia- aiseagoa da espainiar barruti geo-politikoarekin etetea baino, fedearen naturaz gaineko postulatuak errazago uler baiaitezke dokumentu plastifikatu batetik nire nortasunari buruz ondorioztatzen diren nolakotasunak baino. Horregatik nonbait, ni espainiartzat naukate NAN aurkezten dudan toki gehienetan, Agirre andre maltzurraren irizpide berdinak erabiliz. 


Ez, Espe, ez. Berriz ere zirikatzen ari zara zezen narrua, mamu eskuindarraren pasiorik higuingarrienak piztu nahian. Ziur nago Athletic eta Barça finalera agertuko direla. Eta milaka jarraitzailek euren frustrazioa aurkeztu ahal izango diotela "apostasia politikoa" gauzatzea ahalbidetzen ez dien estatu-buruzagitza osoari. 

Ez dakit noiz eta non den partidua, eta joan behar ez dudanez gero berdin dit. Baina ni hantxe edukiko nauzue, sarrera txartelik gabe, espainiarkeriaren kontrako nire boza altxatzeko abagunea aprobetxatuta.



http://www.fentmuntanyaiformacio.es