Aste Santuko oporraldiak iritsi dira eta
beraiekin batera gorputz eta gogoari atseden zibilizatua emateko ordua. Hori
teorian bederen, askok eta askok justu kontrako bidea hartzen baitute, eta
gorputzari astinketa ederra eskaini ostean intelektoa elikatzeko darabilten
bitartekorik kuttunena telebista aparailua piztea da. Jakina, bi muturren
artean badira beste aukera aunitz ere eta, adagio klasikoaren arabera, in medio
virtus.
Nik liburu batzuk sartuko ditut zakutoan. Ez
dakit norantz zuzenduko ditudan nire urratsak. Baina garbi daukat ez naizela
etxetik aterako atseden tarteak gustura ematen laguntzen didaten irakurgai aproposak
hartu gabe. Lagun paregabeak dira liburuak, sekula dezepzionatzen ez
zaituzten horietakoak. Zintzoak. Beti zure zain daudenak.
Iragan asteko albistea izan da irakurleen
portzentajea gero eta txikiagoa dela gure artean. Egia esateko, albiste zaharra
dugu hori. Baditugu kanpo eta barne eragileak irakurleen murrizketan modu
zuzenean intziditzen dutenak eta lehenekoekin ezer gutxi egin dezakegun arren,
gutariko bakoitzarengan badira mekanismo ezkutuak irakurketarako interesa piztu
dezaketenak. Gure baitan daude: bila ditzagun.
Liburu bat irakurtzea izpiriturako oparia
gerta daiteke, irakurgaiarekin asmatuz gero. Ikasi behar da irakurgai onak
hautatzen. Lasai, ez da hain ariketa zaila. Liburuek mundu zoragarria gordetzen dute beren baitan eta hura deskubritzea
abentura ahaztezina bihurtzen da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina