BILATU

martxoa 09, 2015

ANTXON AGIRRE SORONDO


Antxon Agirre Sorondo

Larunbatean gizon on bat omendu genuen Beasainen. Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Sariaren 2014ko edizioan Antxon Agirre Sorondo donostiarrari egokitu zitzaion golardoa eta Goierriko herrian jaso zuen sarituak kolektibitate kulturalaren errekonozimendua. Baina Antxon iazko urtarrilean zendu zen eta, beraz, ezin izan zuen larunbateko zeremonia dastatu. 

Gizon ona zela idatzi dut hasieran, baina sarirako haren merituak epaitu zirenean Antxonen ontasuna baino gehiago adierazten zuen curriculumak, noski. Agirre Sorondo kultura gizona izan da, bere osotasunean. Eta sarituaren gorputz neurriei bagagozkie aparteko osotasunaz mintzatzen ari naiz. 
Xabier Obesoren grabatua
“Gizon handi baten argazki txikia" tituluko biografia idatzi du bere anaiari buruz Juan Agirrek Eusko Ikaskuntzaren enkarguz, eta testuak argi erakusten duen moduan Antxon Agirrek, batez ere, etnografia, antropologia eta etnohistoria landu zituen, modu zabalean. 
Langile aparta izan genuen Antxon hitzaren dimentsio baikor guztian, bekoki zabaleko ikerlea, alegia. Sentikorra bere ihardunean, Antxonek baikortasuna irradiatzen zuen uneoro. Urtetako adiskidantzak lotu gintuen, 1971an ezagutu baikenuen elkar Donostiako EUTGko euskarazko klaseetan. Eta horregatik esan dezaket lagun hurkoa zuela beti presente bere lanetan. Barandiaran handiaren eskolakoa zenez gero, "bestea ezagutuz, maite izateko ahalmen handiagoa dator" idatzi zuen bere koadernoetan donostiarrak. 
Antxon Agirre joan zitzaigun baina bere kultura ekarpen erraldoian segituko du bizirik, euskal kulturak irauten duen bitartean. Ataungo jakintsuari jarraituz bere egin zuen Antxonek "herriarena herriarentzat" maxima. Antxon Agirre Sorondo herrikoa zen, herriarena ikertu zuen eta emaitza herriari itzuli zion. 




 

Argazkiak: Agirre Sorondo sendia 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina