Zeharkako bidetik jakin dut
Bilboko Athleticek Barçaren kontra jokatuko duela Kopako futbol finala. Ziur
nago, irakurleen gehiengoa, batez ere futbol mundua hurbildik segitzen dutenak,
hau da maioria absolutua, bide normaletik jabetu zela bi taldeen arteko
neurketaz. Nire kasuan, ordea, finalaren lehen berria modu bitxi batean eskaini
dit Esperanza Agirre politikastro madrildarrak, izan ere emakume horrengan hain
ohikoak ditugun purrustada horietako baten bidez iritsi zait bilbotar eta bartzelonatarren
arteko norgehiagoketaren albistea. Bistan da ez naizela futbol zale.
Medioetatik jakin ahal izan
dugu, Agirre ez duinaren iritziz bi talde horiek ez luketela jokatu beharko
espainiar lehiaketan ... euren buruak espainiartzat ez daukatelako. Horri
silogismo txar bezain tranpatia deitzen diogu, emakume.
Agirre andre txit argia: zuk uste al duzu hain
samurra dela NANeko hertsikeriarekin haustea? Eliza katolikoaren esparrutik
ateratzea - apostasia- aiseagoa da espainiar barruti geo-politikoarekin etetea
baino, fedearen naturaz gaineko postulatuak errazago uler baiaitezke dokumentu
plastifikatu batetik nire nortasunari buruz ondorioztatzen diren nolakotasunak
baino. Horregatik nonbait, ni espainiartzat naukate NAN aurkezten dudan toki
gehienetan, Agirre andre maltzurraren irizpide berdinak erabiliz.
Ez,
Espe, ez. Berriz ere zirikatzen ari zara zezen narrua, mamu eskuindarraren
pasiorik higuingarrienak piztu nahian. Ziur nago Athletic eta Barça finalera
agertuko direla. Eta milaka jarraitzailek euren frustrazioa aurkeztu ahal
izango diotela "apostasia politikoa" gauzatzea ahalbidetzen ez dien
estatu-buruzagitza osoari.
Ez dakit noiz eta non den partidua, eta joan behar
ez dudanez gero berdin dit. Baina ni hantxe edukiko nauzue, sarrera txartelik
gabe, espainiarkeriaren kontrako nire boza altxatzeko abagunea aprobetxatuta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina