Ascensión "Pepe" |
Pepe eta Fidel Avilako bi gizakume ditugu, ikaragarrizko bizitza eskarmentuarekin euren bizkarrean. Iragan itzulezinaren testigu zorrotzak dira eta giza miseriaren aurpegi ilunari kolorea eskaintzea lortu dute euren berezko jakitatearen bidez.
Extremadura-Gaztela arteko artzain
transhumante gisa aritu izan zen mende erdi batez Pepe, hamaika gutxiespen eta
gizarte-zoritxarraren hartzaile isila. Eta ganaduaren joan etorriarekin bizi
ahal izateko nahikoa ez zenean bostehun metro lur azpiko meatzean dinamita
jartzen ateratzen zuen sos apurra berarentzat, emaztea eta hiru seme
alabentzat.
Fidel |
Fideli, berriz, Avilako herrixka galdu batean
ahitu zaizkio egunak eta ametsak. Inoiz inondik loratuko ez zitzaion
udaberriaren zain erre zituen indar apurrak eta abaguneko ohekide
zirkunstantzialarekin berotu zituen negu gorriko gau ilunak. Elurraren zuri
itsuarazlea etorkizun beltzaren errealitate itogarriarekin tartekatu zuen
etengabe, herrixkako bide malkartsuetatik zerumugari begiratzen zion bitartean.
Orain Fidel eta Pepe - "nire izena
Ascension da, baina txikitatik esaten didate Pepe"- euren bederatzigarren
hamarkadako atarian bizitzako istorioak azaltzen dizkiete entzun nahi dietenei,
presarik gabe, zigarro puruaren mozkin txiki itzalia ezpainetan preso, bizi
izatea arte izan daitekeela erakutsi nahi balute bezala, arte bizia, alegia,
egiazkoa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina