BILATU

ekaina 30, 2014

ERREKONOZIMENDUA



Inoizko  ezustekorik handienetakoa eraman nuen iragan ostegun iluntzean, 2013ko Urrezko Zeledoia niri ematea erabaki zela adierazi zidatenean.   Ez nago ohituta halako ustekabeetara eta golardo hori urtero nori eskaini deliberatzen duen erakundeko lehendakariaren hitzak entzun ondoren sentsazio bitxi batek harrapatu ninduen.  "Shock" egoeran kulunkatu nintzen denbora luzexkaz: Egia ote? Ez al da nire irudimenaren jokaldi gaiztoren bat? 

Erdi zorabiatuta nuen oinarrizko zentzua pixka bat berreskuratuta gero, niri gertatzen ari zitzaidala baieztatu nuen. Eta orduan hamaika bider hamaika oroitzapen txar saskira jaurtiki nituen, bizi ari nintzen une goxoari intentsitate osoz heldu behar niola konbentzituta. 

Lau hamarkada luzeko lana giza kolektibo batek aintzakotzat hartu duela ikusteak gogo-bateriarako adore berria ekartzen du, lan horren bidez nor beraren satisfazioa eta gizartearekiko konpromisoa betetzea besterik bilatu ez duen edozeinentzat. Eta nire kasuan sobera ordaindutzat ematen dut nire burua gasteiztarrek eskaini didaten errekonozimendu honekin.

Bide berdintsutik segituko dudala agintzen diet hiritarrei, dagokidana ahalik eta hoberen egiten. Bihotzez.

ekaina 23, 2014

BORBOIAK, ERABILTZEKO ETA BOTATZEKO PANPINAK




Espainiarrek erregea aldatu dute. Egia esan, espainiarren borondatea ordezkatzen dutela uste duten alderdi politikoetako gehiengoak erregea aldatzea erabaki zuen euren arteko negoziazioetan eta plis-plas batean estatuko legeria euren interesetara interpretatuz "hemen bakea eta gero aintza" himnoa jo zuten, ahalmen kritikoa oraindik  daukatenak ahoa bete hortz utziz. 

Borboiak panpin bihurtuta ageri dira beste behin, beraz, demokraziako satrapa guztiz ahaltsuen eskuetan. Jostailu apurtuak bezala ditugu, hiritar guztion (ni ere sartzen naiz sail horretan, nire NAN dela eta) diruarekin forratuta.

Niri, egia esan, bost axola (axola erlatiboa, hori bai, bestela ez nintzateke gaiaz idazten ibiliko) zer datorkidan Madrilgo gortetik. Aspaldi adcierazi nuen espainiar lapikoan egosten denak ez didala loa galarazten, eta jarrera horrek bere desabantailak sor diezazkidan arren, nahiago dut arreta larregi ez galtzea ez dagozkidan buruhausteetan. 


Garai berrietarako borboi berriak ez du ezer berririk ekarriko, pertsonaia mameluko horiek ezin baitute, berez, berritasunik sortu. Antzuak dira beren ahalmenik ezean. Eta faltsukerian eragindako uhina egiten dieten guztiak oinarrizko zentzuari iseka burutzen ari zaizkio ergelkeriatik, ez baitago pertsona batengan ezer arbuiagarriagorik  bere buruarekiko zintzotasuna sabeleko deiengatik sakrifikatzea  baino. 

Dena den, sen onak esaten dit mamelukeria horrek ez duela luze iraungo. Eta espainiarrengatik poztuko nintzateke, funtsean estimatu egiten baititut, eurek  ez badakite ere.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es