BILATU

Pedro Sanchez etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Pedro Sanchez etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ekaina 16, 2025

AKATSA AUTOPSIAN ATZEMATEN DA


Medikuntzako profesionalen artean zabalduta dagoen irri-esaera batek, gutxi gorabehera, dio edozein akats autopsian detektatzen dela. Ez banago oker, Atahualpa Yupanqui izan zen esaldia ospetsu egin zuena bere "Milonga galdua" publikoarentzat kantatzeari ekin aurretik azaldua.

Politika munduan bizi dugun egoera ustel honetan, duintasun etiko apur bat duen edozein hilkorrentzat nazkagarria da eguneroko albisteak ikustea. Lurpeko mundu politikotik sortzen den etengabeko jario kirastua auskalo nola eta noiz amaituko den, baina ziurrena da hilotz bat baino gehiago utziko duela bazterretan.

Ausartuko nintzateke esatera Pedro Sánchezek egindako akatsa —barkamen eskaerak Borbon elefante zalea gogorarazi zidan— laster hilotzen kameran aztertuko dutela. Behin pentsatu izan nuen gizon hori gai izango zela bere kolaboratzaileen esku luzea diru publikoetako kutxatik urrun edukitzeko. Baina bere ingurukoek gainditu egin dute, eta inork ez daki ziur zenbateraino dagoen bera ere inplikatua, aurka dituen auzi eta salaketetan. Asko direnak eta zurrunbilo indartsutik ateratzen bada ere, zauriak ez dira arinak izango.

Zalantzarik gabe, ordea, autopsiak argituko du psozialistaburuaren iragarritako heriotzaren gakoa, inoiz jotzeari uzten ez dion milonga triste eta ilun honen ondoren antzematen dena.

Argazkia: OCCIDENT

otsaila 11, 2019

KONTARI, KONTULARI, ERRELATOREA... HORI EZ DA ARAZOA!


Espainiako politikak gero eta betarte ilunagoa aurkezten digu. Egunetik egunera zeru goibelean beltzagoak agertzen dira oreixa iragartzen diguten hodeiak. Eta mendebaletik - alde horretatik iristen zaizkigu, eskuarki, ekaitzak eta haizealdi bortitzak, mendebal/vendaval- ez dira gauzak hobeto pintatzen. Hondamena begi bistakoa dugu. 

Kontari, kontalari, errelatorea, idazkari, notario, ... auskalo nola deitu behar zaion fatxa espainiarren trumoia altxarazi duen iriztu-pertsonaiari. Barkatu, uhin faxista jasoarazi duena Sanchez izan da, bere proposamen inozoarekin. Zeharo jota dagoen gobernu buruari ez zaizkio gauzak bat ere ondo ateratzen ari eta estropozuz-estropozu dabilkigu gurpil eroan, nondik atera daitekeen asmatu ezinik. Bien bitartean, zerumugan fusilak prestatuta agertzen dira errekete eta falangista berriak. Ez da broma.

Orain badirudi hautsi egin dela Kataluniako zorioneko mahaia, teorian alde bateko eta besteko aldarrikapenak egokiro jasotzeko kontari baten beharra omen zuena. Ni istorio honen hasieratik inguratu nauen galdera planteatu nahi dut: inork uste al du, jaramon egingo zitzaiola mahai-idazkari horri, argi bila berarengana jo behar izan balute? 

Arren! Arazoa ez da balizko mahai baten inguruan eser daitezkeenen hitzak hoberen jasoko lituzkeenaren definizio administratiboa. Ezta pertsonaia mahaian esertzea egokia den ala ez. Erroan irtenbiderik ez duena da, etxe partikulartzat hartzen ari direneko patioan inork ez duela urrats bat ere atzera eman nahi, espazio komunak eraikitzeko inor ez dagoela bere aldetik ezertxo ere galtzeko prest. Eta horrela lantegia alperrekoa da. Trintxeretan segituko dira (gara) Bitartean, Franco Valle de los Caidosen. Ad eternum?
Argazkia: JMVM

ekaina 11, 2018

SOKRATES BERRIA IZANGO AL DA SANCHEZ?

Izan al zen inoiz Sokrates? Batzuek diotenez Platonen inbento zoragarria da, hain zuzen bere elkarrizketei behar bezalako testuingurua emateko asmoz sortua. Beste askok, aldiz, gorputz eta arima jartzen diote,  horren egiatasuna sekula frogatu ezin izan duten arren. Gauza da sokratikoak dialektikaren maisuak direla informazioaren baitan dauden ideia eta kontzeptuen bila aritzeko. Horregatik ere filosofia moralaren aitatzat daukagu Sokrates, egiazko pertsonaia edo fikziozkoa bada ere.

Pedro Sanchezek La Moncloako atearen eskutokia bereganatu duenean, niri behintzat presenteagoak egin zaizkit duela urtebete bat inguru sozialisten ideia berriak aldarrikatuz euren kongresurako deia egin zeneko lehentasunak. Besteak beste, Sanchezen memorandumean irakurtzen zen  kontzepzio politikoari sinesgarritasuna falta zaiola  iharduna mugatuko duen espazio moraleko baliorik gabe, berdintasun, askatasun eta solidaritatearen zutabe nagusi eta ezinbestekoen barruan.

Irakurri dut berriro sozialisten txosten hura eta konturatu naiz, kongresuan aliatu dituen indar politiko batzuen balioak ez direla ezta aipatu ere egiten. Ariketa konplikatua du, beraz, Sanchezek espazio moraleko puzzlean guztion ideiei toki ematen. Alde batetik eta bestetik indar negatiboak hel dakizkioke, eta arrisku bizia du bere burua balizko sokrate berria bilakatzeko. Hurrengo belaunaldiek galde lezakete: izan al zen inoiz Sanchez? Ez al zen PPren inbento miragarri bat izango? PSOEkrates berria?