BILATU

abendua 25, 2017

DANTZAN IKASTEN HASI BEHARKO AL DUT?


Gaur nire aitak 96 urte beteko zituen. Duela ia mende erdi bat hil zen eta agian horrexegatik berari buruzko oroitzapen multzoa oroit-biltegiko lehen arasan daukat gordeta, bizi-bizirik. Eta azken egun hauetan modu bereziz ekarri dut gogora nire sortzailea, hausnarketa xumetxoan murgilarazteaz gain irribarre txiki bat ere lorarazi baitit. 

Aita bertsozalea zen, oso. Uztapide, Basarri eta garai hartako eskolako maisuak zituen gogoko. Badirudi gaztetxoa zela Arrasateko Joxe Markiegi apaizak - 1936an fusilatua, argazkian nire aitarekin- piztu zuela berarengan eta bere ikaskideengan bertsoetarako zaletasuna. Eta sarrera hori eginda, aitortu behar dut ez nuela aitaren afizioko lekukoa eskuratu, ezta usainik hartu ere. Diodan, halaber,  1973 inguruan - eta beste inor prest ez zegoelako- testu bat idatzi behar izan nuela, Arrasateko Danok elkarteak antolatutako bertso saio baterako: ezgaiaren ausardiaz, bertsogintzaz aritu nintzen esku-egitarauan. Ez dut gogoratzen saiora joan nintzen, ziur ezetz.

Baina har dezadan lur: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finaleko arratsaldean telebista aurrean jarri nintzen eta, nire borondatea bortxatu gabe,  Lujanbio-Mendiluze buruz burukoa ikusi nuen, ordu laurden batez. Eta aparailuari begira irribarrea loratu zitzaidan,  gogoratu bainuen aitak esaten zuela egiazko euskalduna izateko bertsolaritza eta dantza egitea gustukoak izan behar zirela. Ez al zait pisutsuegia egingo,  arin-arin, txerri dantza eta abar ikasten hastea nire adinean? Gainera, barkatu aita, ez dut nire burua lantegi horretan ikusten.

Argazkiak: JMVM 

abendua 18, 2017

BERDINERA ITZULI?


Itzuli gara Kataluniako eszenategira eta errepikatzen ari dira iragan urriko dardarak, alde batean eta bestean. Bibrapen bortitzak ditugu, edozeinen egitura animikoa arrisku bizian jar dezaketenak. Ahalegintzen naizen arren - edo hori uste dut, behintzat- ezin dut ulertu batzuen eta besteen arteko kontaktu punturik ez izatea auzi larbatu honetan. Hobeto adierazteko, ez zait iruditzen formula egokia arazoaren balizko irtenbidea Montserrateko "beltzaran"aren esku uztea. Eta ikusten ari garenez, badirudi norbaitek pentsatzen duela naturaz haratagoko indar ezezagunen batek konponduko duela gizakiontzat hain konponezina bide den korapiloa.

Bada, ez. Ez dut miraritan sinesten eta horregatik gizon eta emakumeen arteko borondate onean jartzen dut esperantza, izaki konplikatu samarrak garela badakidan arren, azkenik ergelkeria guztiak kaltegarriak direla uste dugulakoan bainago. Edozein inposaketa zapaltzaileren bidea kretinismo hutseko politika da, burmuin gabeko itsu batek bakarrik babes lezakeena. Puntu antzu berdinera itzultzen denak ez du ezer ikasi. Eta soberan dago eszenategi komunean.


Argazkia: JMVM

abendua 11, 2017

ARDOA ETA HITZA



Mahatsa natura eta ardoa artea diren bezalaxe, ahotsa eta hitzari buruz gauza bera esan genezake. Ahotsaren gaitasuna eskaini zaigu, berez, eta hitzaren bitartez bibrapenak sortzen dira, hotzikarak,  gogoa poztu ala iluntzen dutenak, ahotsa berezko nolakotasuna baita eta hitza lanabes hutsa, arte bihur daitekeena.

Uzta berdineko mahatsarekin ardo diferenteak lor daitezke, maneatzailearen trebeziaren arabera. Eta diskurtsoak ere erabat dibergenteak eskain dakizkiguke ahotsaren tonu eta intentsitate berdinetako ahoetatik. Batzuk txalogarriak, besteak ez hainbeste, edo deitoragarriak.

Ezina da, ordea, hitzaren bidezko artea, lanketan burua bakarrik erabiliz gero. Bihotzeko tantak ezinbestekoak ditugu diskurtso koadrikulatuan eroriko ez bada.  Eta adinean aurrera joan ahala, badirudi zorroztu egin zaidala hitz jario arras egituratuetarako kritika. Ez zaizkit interesatzen, antzutzat baitauzkat. Horregatik, gaur arratsaldean gotzain txit goren baten berbaldi ortodoxoak dardara negatiboak piztu dizkidan batera neskato baten hitz dardaratiek ukendu osagarri gisako eragina utzi dute nire baitan. Azken hori da artea. Purpuratuarena, lauki idorra.

Argazkia: Tere Anda


abendua 04, 2017

EUSKARAREN ETA ELIKAGAIEN BANKUAK



Bi ekimen esanguratsuak izan ditugu asteburuan. Alde batetik, atzo, Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta bestea, Elikagaien Bankuek ostiral eta larunbatean burutu zutena, premia larritan daudenen behin behineko salba-ohola daitekeen besteon kontzientziari zuzendua. 

Seinale gorriek adierazten zuten elikagaiez hutsik zeudela aspaldi janari biltegiak, hiritarron borondatezko eskuzabaltasunaren zain. Gaur astelehenean apur bat hornituagoak agertuko dira eta atejoka ari zaizkien premiadunen etxeetara esperantzazko tanta batzuk helarazi ahalko dituzte. Baina Elikagaien Bankuak geratzeko etorri dira eta euren lanak ez du atsedenik ezagutuko, auskalo noiz arte. 

Euskararen Bankuak ere denetariko elikagaiak behar ditu bere arasetan, premiazko egoeran bizi baikara. Premia administrazioan, premia enpresetan, premia etxeetan eta premia kalean. Atzoko jaiak amaitu ziren eta gaur, astelehenez, beste jardunaldi gogor eta serio bati heltzea dagokigu, bihar, etzi eta etzidamu egin beharko dugun bezala. Gure hizkuntzaren bankuak ezin du makineria geratu, ate irekiko jardun erantzulearen bitartez lortuko baitugu apalak betetzea. Behin eta berriz, etengabe, gau eta egun: horixe da lanerako kadentzia. Bestela jai dugu.

Argazkia: Tere Anda