Aita bertsozalea zen, oso. Uztapide, Basarri eta garai hartako eskolako maisuak zituen gogoko. Badirudi gaztetxoa zela Arrasateko Joxe Markiegi apaizak - 1936an fusilatua, argazkian nire aitarekin- piztu zuela berarengan eta bere ikaskideengan bertsoetarako zaletasuna. Eta sarrera hori eginda, aitortu behar dut ez nuela aitaren afizioko lekukoa eskuratu, ezta usainik hartu ere. Diodan, halaber, 1973 inguruan - eta beste inor prest ez zegoelako- testu bat idatzi behar izan nuela, Arrasateko Danok elkarteak antolatutako bertso saio baterako: ezgaiaren ausardiaz, bertsogintzaz aritu nintzen esku-egitarauan. Ez dut gogoratzen saiora joan nintzen, ziur ezetz.
Baina har dezadan lur: Euskal Herriko Bertsolari
Txapelketaren finaleko arratsaldean telebista aurrean jarri nintzen eta, nire
borondatea bortxatu gabe, Lujanbio-Mendiluze buruz burukoa ikusi nuen,
ordu laurden batez. Eta aparailuari begira irribarrea loratu zitzaidan,
gogoratu bainuen aitak esaten zuela egiazko euskalduna izateko bertsolaritza
eta dantza egitea gustukoak izan behar zirela. Ez al zait pisutsuegia egingo, arin-arin, txerri dantza eta abar ikasten hastea nire adinean? Gainera, barkatu aita, ez dut nire burua lantegi horretan ikusten.
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina