BILATU

apirila 29, 2024

GAUR DA EGUNA


Halaxe da, bai; deliberamendu eta ospakizun egun honetan, batzuen txalo eta algarek bazterrak beteko dituzte. Eta hitz amoltsuekin protagonistaren belarrietara adorezko hitzak xuxurlatuko dituzte. Beste askori berdin izango zaie, ospakizuna beraiekin ez doalako. Gaur du eguna gure protagonistak eta guztion aitzinean agertuko da – edo ekarriko dute-  bere barrua hustutzeko. Ariketa zaila, alde guztietatik baldintzatuta baitago, baina adiskideak ahaleginetan hustuko dira, haren berbak ulergarriak gerta dakizkigun.

Ba hori, batzuek txaloka egingo dutela gehiengoak ahanzturan jarraituko duen bitartean, izan ere giza duintasunaren jazarpen eta zapalketa antzeko kasu ugari izan dira orain baino lehen ere, eta aurrerantzean hala segituko du, giza-espezimenaren gaixotasun hau zuzenean ez dagokigun bitartean inork gutxik altxatzen baitu ahotsa, ez du lerro bakar bat idazten edota ez dira komunikabideen hautsak harrotzen. Azken finean, egoera oso pertsonala da. Familia girotik haratago ez doala esango nuke. Baina, era berean, ez da egia txikiagoa kaltetutako norbaiten ondoan zaudenean hobeto ulertzen duzula haren eta hurkoen mina.

Ez dakit zer egingo dudan. Pertsonaiarekin bat egiten dut eta berarengandik hurbil egon nahiko nuke. Bizitzaren gorabeherek gizagabetzat jotzen dudan egoera batera eraman dutela ikusten dut. Baina gaur egun ez dago lasaitasun mezu helarazterik, eta gure gizartea kolpatzen ari den gaixotasun madarikatu honek epe laburreko konponbidea izango duela agintzen duen metodologiarik ez da inon antzematen.

Seguruenik, esango duen edo kontatu nahi digunari adi egongo naiz. Oro har, ez diot ulertuko, baina hari zor diodan kidetasun eta afektuagatik gertu edukiko nau. Gaur da bere eguna. Ehun urte betetzen ditu eta alzheimerrak jota dago.

Nori buruz ari nintzela uste zenuen?

Argazkia: Zuriñe

apirila 22, 2024

AXOLA BEHAR AL DIT?

 


Axola behar al dit Ameriketako Estatu Batuek Palestina UNOren kide oso gisa sartzeari betoa jarri izanak?


Axola behar al dit Irak eta Israel giza elkarbizitzarako ezintasuna berresten duen gerra berri batean aritzeak?

Axola behar al dit munduko gobernuek arman gehiago inbertitu behar dutela uste izateak?

Axola behar al dit etorkizun zalantzagarri baten bila atzo, gaur eta bihar milaka lagun Mediterraneoko europar ertzetara iristeak?

Axola behar al dit gure gizartean, larruazalean dardara apurtxo bat baino sentitzen dugun bitartean era guztietako eta norabide guztietako indarkeria gailentzeak?

Axola behar al dit, gu guztiok lepo zuriko krimenen sindikatu batek zuzendutako kontzertu ekonomiko global baten menpekoak izateak?

Axola behar al dit gure erabakietan gero eta indibidualistagoak agertzeak?

Axola behar al dit ez dakidan nongo futbolari baten lesioa prentsa orokorreko lehen orrialdeko albiste izateak?

Axola behar al dit hurrengo oporraldian, nire helburua ziren Maldivetara joan barik etxean geratu behar izateak?

Erantzun iezaiezu aurreko galderei zeure baitan. "Axola behar dit" irabazten badu, munduaren prozedura eta jokabide orokorraren aurka zoaz.

Argazkia: Ekain

apirila 15, 2024

SEXU BIDEAK


Lehengo astean tokiko aldizkari batean irakurri nuen korronte ezagun bateko militante batek sexu jokabide berezi bat defendatzeko egindako deialdia. Nire adinean giza sexu adierazpen ugari ezagutu izan ditut, eta baita horiek guztiak errespetagarritzat jo ere, lehenik eta behin hala izateagatik errespetua merezi duten pertsonengandik datozelako. Hala ere, aitortu beharra daukat ahaleginak egin behar izan nituela hamabost lerro inguru zituen aldarrikapen manifestu hura irakurtzen amaitzeko.

Gertatu zen, egun batzuk lehenagotik Jose Mari Satrustegi etnologoak 1975ean osatutako “Euskaldunen seksu bideak” liburua berrirakurtzen ari nintzela. Gure arbasoen sexu jokabide historikoei buruzko alderdi etnografiko interesgarriak azaleratu zituen arruazuarrak bere testu jori hartan eta kontakizun erakargarri bezain argigarrien oroitzapena berriz ere nire baitan piztea nuen helburu. Jakina, eta Satrustegik idatzitakoaren testuinguruari erreparatuz irakurleak ulertuko duen moduan, liburuan ez da goiko aldarrikapenean defendatutako jokabidearen aipamenik jasotzen. Ez mendeetan zehar existitu ez delako, liburuaren egilearen eta bere informatzaileen moralarekin bat ez zetorrelako baizik.

Edonola ere, bitxia da liburuaren berrehun orrialde baino gehiagoko irakurketan energia gutxiago inbertitu behar izan nuela hasieran aitatutako artikuluarenean baino. Gakoa ez zegoen mamian, estiloan baizik.

apirila 08, 2024

TEKNOLOGIAREN ABANTAILA


Antza denez, asko dakit teknologiari buruz. Edo, behintzat, hala dio nire biloba txikiak tabletan arazotxoren bat konpontzen diodan bakoitzean. Irakurlea ohartuko da nire aurkezpen laburrean erlatibismoa nagusi dela, mundu honetan ia dena bezala. Eta zazpi urteko neska batentzat dakidana handia den bitartean, teknologiaren sekretuetan ez nintzateke hamar urte bete dituen gazte baten altuerara iritsiko. Hau konbentzimenduz eta okertzeko beldurrik gabe esaten dut.

Egia da aurrerapen teknologikoen aplikazioaren bidez zer lor daitekeen jakitea interesatzen zaidala, haiek ulertzeko gogorik gabe. Ez zait zergatikoa interesatzen zertarakoa baizik. Adibide bat jarriko dut: gaur arratsaldean Jon Etxaide mirestuaren “Hamasei seme, Euskalerriko” berrirakurtzen ari nintzen. Iztueta pertsonaiara heltzean, zaldibiarra hiru aldiz ezkondu bide zela idatzi zuen Etxaidek - horrela, ziurtasunik gabe- inork ez baitzuen ordura arte frogatzeko daturik eman. Gogoratu behar da liburua 1959koa dela eta ziur aski norbaitek harrez geroztik argitu du ezkontza kopuruari zegokion iluntasuna..

Minutu bat behar izan nuen Dokuklik bidez erantzuna aurkitzeko. Eta horrela jakin dut Juan Ignazio Iztueta hiru aldiz ezkondu zela. Ezagutu izan nuen halaber, non izan ziren zeremoniak eta ezkontzen datak, eta baita Iztuetak bere hiru emazteekin izan zituen seme-alaben kopurua ere. Etxaidek ezagutu ezin izan zuena, ez baitzuen bilakuntza digitaletarako gaur egun dugun tresnarik.

Norbaitek galdetuko dit: eta horrek zertarako balio dizu? Bada, egia esan, ez dakit, baina denbora tartetxo atsegina eman nuen datuen atzetik.

Argazkia: periódico calasanz vitoria

apirila 01, 2024

ALBISTEEN AZPIMUNDUAN


Joaten ari zaren edo bueltan zauden asmatzen zure aldarteak uzten ez duen egun horietako bat nuen. Egoera horietan, normalean, zure inguruko edozein gertaerak alderdi neutroa hartzen du, gauza zure ingurukoa ez balitz bezala. Eta inkontzienteki prentsa digitala erabili eta portadakoak ez diren Ayuso, amnistia edota arbitroaren akatsa tarteko Madril golik gabe utzi zuenez haratagoko albisteen azpimunduan sartu nintzen.

Nire lehen saioan antropozenoa "garai" geologiko gisa deklaratzea amaitu ote den galdetzen zuen albiste batekin egin nuen topo. Egia esan, aulkian urduri mugitu eta niretzat guztiz berria zen baina komunitate zientifikoaren zati bat kezkatzen zuen galdera haren ondorengoa irakurtzen jarraitu nuen. Albisteak zioen bertako defendatzaileek antropozenoa garai gisa aitortzeko bozketa errekurritu zutela, irregulartasunak salatuz eta bozketa baliogabetzeko formalki eskatuz. Antropozenoa izeneko aldaketa geologikoa, hau da, giza jarduerak eragindakoa, gaiaren inguruko teorikoen arteko liskarren kausa zen. Normala.

Edizio digitalaren azpimunduan murgiltzen ari nintzela, duela 13.000 milioi urteko eszenatokira eraman ninduen bigarren albisteak, hain justu JADES-GS-z7-01-Q izeneko galaxia, unean bakarrik 800 milio urte zituenean existitzeari utzi zionean. Hori guztia orain ezagutu da, James Webb espazio teleskopioari esker. Hala eta guztiz ere, amaitzen zuen adierazten aldizkari espezializatuak, ez dago argi galaxia horren "off" egoera aldi baterako edo iraunkorra den. Ez naiz harritzen, tartean horrenbeste urtetako distantzia izanez.

Irakurketa horien ostean aldartea lasaitu egin zitzaidalakoan nago.

Argazkia: www.inspenet.com/