Antza denez, asko dakit teknologiari buruz. Edo, behintzat, hala dio nire biloba txikiak tabletan arazotxoren bat konpontzen diodan bakoitzean. Irakurlea ohartuko da nire aurkezpen laburrean erlatibismoa nagusi dela, mundu honetan ia dena bezala. Eta zazpi urteko neska batentzat dakidana handia den bitartean, teknologiaren sekretuetan ez nintzateke hamar urte bete dituen gazte baten altuerara iritsiko. Hau konbentzimenduz eta okertzeko beldurrik gabe esaten dut.
Egia da aurrerapen teknologikoen aplikazioaren bidez zer lor daitekeen jakitea interesatzen zaidala, haiek ulertzeko gogorik gabe. Ez zait zergatikoa interesatzen zertarakoa baizik. Adibide bat jarriko dut: gaur arratsaldean Jon Etxaide mirestuaren “Hamasei seme, Euskalerriko” berrirakurtzen ari nintzen. Iztueta pertsonaiara heltzean, zaldibiarra hiru aldiz ezkondu bide zela idatzi zuen Etxaidek - horrela, ziurtasunik gabe- inork ez baitzuen ordura arte frogatzeko daturik eman. Gogoratu behar da liburua 1959koa dela eta ziur aski norbaitek harrez geroztik argitu du ezkontza kopuruari zegokion iluntasuna..
Minutu bat behar izan nuen Dokuklik bidez
erantzuna aurkitzeko. Eta horrela jakin dut Juan Ignazio Iztueta hiru aldiz
ezkondu zela. Ezagutu izan nuen halaber, non izan ziren zeremoniak eta
ezkontzen datak, eta baita Iztuetak bere hiru emazteekin izan zituen
seme-alaben kopurua ere. Etxaidek ezagutu ezin izan zuena, ez baitzuen
bilakuntza digitaletarako gaur egun dugun tresnarik.
Norbaitek galdetuko dit: eta horrek zertarako
balio dizu? Bada, egia esan, ez dakit, baina denbora tartetxo atsegina eman nuen
datuen atzetik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina