Amaitzen ari den urteari ipurdia erreko bagenio, arabar aintzinako
ohitura bat betetzen arituko ginateke. Errepuierre deitzen zioten gure arbasoek
ekintza horri eta urteko azken iluntzean hamabi hilabetetan zehar ganbara eta
baserriko ikuiluetan pilatutako traste zaharrei su ematen zieten, garren
izpiritualitate garbitzaileek urte berriari agurrik onena egin ziezaioten.
Guk ere 2012ko hondarretan gure sutzar propio eta partikularra egin
genezake, eta nork sutarako egokien derizkion gaiak bota litzake, bere ingurua
lohikeriaz garbi eta alperreko oztopoz libre uzteko. Sekulako su beldurgarriak
izango lirateke. Ezetz?
Urte zaila izan da, alde guztietako gatazka etengabeek jipoituta. Uhin
hondatzaileak bata bestearen ondoan iritsi dira gure hondartzetara, zurrunbilo
sakonak eraginez, marea gorriek ur ertzetik erauzi nahi izan gaituzten
bitartean. Itotzear egon gara zenbait alditan eta sutzar hipotetikoan gustura
erreko genituzkeen gaiak pilatu zaizkigu, eguneko argia ia-ia ezkutatzeraino.
Baina bizirik segitzen dugu, eta horixe da garrantzitsuena. Gezurra
badirudi ere, oraindik kementsu agertzen gara, gizakiaren ahalmena neurtezina
baita. Hamaika zoritxar etsigarri pairatu arren, gizon emakumeok gai gara
berriro jaiki eta bideari berrekiteko, biharko itxaropenean baitugu gogoa
jarrita, hobearen esperoan.
Urte amaierako nire sutzar berezia zentzu negatiboko erregai guztiekin
elikatu ondoren, ilusiozko zenbait tantarekin zipriztinduko ditut garrak,
eguneroko argiak aurrerantzean ere adorearen hazia ernetzen lagunduko
didalakoan.
Urte berri osasuntsu!
Argazkia: www.euskonews.com