Belaunikatzea operazio ez osasuntsua da, on
eta gaiztoen arteko desberdintasuna gizadiaren gau beltzean loratu zenetik.
Arrazoi erlijiosoak zein giza-menpekotasun hutsaren garro zigortzaileak bizkar
hezur nagusia gertatu dira gizarte-belaunikatze prozesu antzu eta ukatzailean.
Belaunikatzea umiltasunarekin erlazionatu zaigu beti, morrontzapeko gizakiari
nagusiarenganako dependentzia eramangarriagoa egin dakion. Umiltasuna, ordea,
bi pertsonaren arteko berdintasun parekatzailetik eman behar da, egiazkoa
izango bada. Osterantzean gezur hutsa dugu, iruzurra.
Belaunikatzea beldur-sentimenduaren adierazpen natural induzitua dugu. Eta belaun joko hutsak koldarkeriaren maila markatzen du, belaunikatzailearen mugimenduan morrontza izpiritualaren sintoma larriak nabarmenduz. Belaunikatzea, dena den, ez da soilik belaun buruaren bihurtzearekin ematen, keinuak subjektu alienatuaren oinperatze gero eta sakonagoa bilatzen baitu eta horretarako mekanismoak giza norbanakoaren gogoa otzandu eta azpiratu egiten du, zein formula erabiltzen den berdin diolarik.
Pertsonaren alienazioa bere gogoaren salmentaren bidez lortzen duen palanka motak sailkatzen du, beraz, belaunikatzailearena. Eta gure gizartean alienazio erak hedatzen diren heinean belaunikatzeko kategoriak ere biderkatu dira, ikaragarri. Belaunikatzea gizakiaren heriotza morala da eta badirudi gure gizarteak heriotza-zaldunaren besoetara alderatzeko joera duela, beldurrak jota.
Nola heldu belaunikatzearen morrontza ilunetik askatzeko bideari? Hitz bakar bat dugu baliagarria: duintasuna. Nor beraren baitan duintasunari aukera emate jarraikiarekin puskatuko ditu pertsonak zapalkuntzaren kateak eta lantegia zaila izango duen arren ahaleginaren bitartez soilik iritsiko zaie gizon-emakumeei belaunikatze denen aurrean aske izatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina