Duela berrogeita
hamar urte hasi zen istorioa eta ordudanik urria hila eta Beatles izena
elkarren ondoan doaz nire baitan. Norbaiti gezurra irudi lekiokeen arren,
hertsi-hertsirik izan dut "love me do" abestia Liverpooleko mutilek
argitaratu zutenetik. Musika hark -notak interpretatzeko moduak- zerbait
berezi sortu zuen nire baitan, ordurarte sekulan igarri gabeko sentsazio
atseginak amets egitera gonbidatu ninduena.
Sixties (1990) nire liburuan nioen bezala, BBCk mirariak egiten zituen garai hartan gure arima gaztetxoetan, eta ingelesaren ezkutuetatik barrena joan nintekeelako aitzakian tinko, gurasoei gaueko ordu goxoetan uhin arrotzen bibrapen xarmangarriko diala "lapurtzen" nien. Zorte apur batekin musika bitxi hura entzun nezakeen, gure emisoretan zeharo ezezagun genuena.
Eta nire kasuan bezalaxe beste askorenetan
ere, 1962ko urri hartatik musika gureagoa da, tokikoagoa, unibertsalagoa, jatorria zein den
axolarik gabe. Hil hartatik Beatlesen xarmak dena inbaditu zuen, munduko zoko
guztiak indar berritzaileko olatuak harrapatu zituen eta izpiritu askatzailearen
lekuko zirudienari ongi etorria eman genion, zerbaiten esperantzan. Nahiz eta
une haietan, guk –gizaxo errukarri samarrok- ez genekien oso seguru zurrunbilo hark nola
astindu behar gintuen.
Igaro ginen
elizetatik –latinezko kantuekin- eta igande eguerdiko plazako kontzertuetatik
–pasodoble eta zarzuela-zati hautatuekin- oilo ipurdia jartzen zigun doinu
dardarkaria dastatzera. Eta munduaren erritmoa bera ere aldaeraz genezakeela
pentsatzera heldu ginen. Inozotasunaren sintomak agerian.
Ordurarte
klasikotzat genuen musikak jipoi ederra jaso zuen eta areto arranditsuetara
pasatu zen, zokoratua bezala. Eta elizak zein igande eguerdiko plazako
kontzertuak gazteagotu egin ziren, usadio eta gustu berriek espazio zabalak
irabazi zituzten-eta.
Mende erdi baten ostean, gogoak dardarazi zizkiguten melodia haietako asko eta asko klasikoen sailkapen sakratuan sartu dira, mailarako igarobidea denborak baino funtsean kalitateak eskaintzen baitu. Eta, nik bederen, klasikoa askozaz atseginagoa daukat duela berrogeita hamar urte baino. Niretzat, dena 1962ko urrian hasi zen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina