Goiburu arriskutsu samarra aukeratu dudanik ez
du inortxok zalantzan jarriko, hil ezkilak jotzeko, aurrenik, gorpua eduki
behar baitugu, hots, norbait bizidunen artetik betiko joan deneko egiaztapena
eman behar da. Eta hori, noski, ez da oraindik gure mamu ulertezinaren kasuan
gertatu, baina badirudi - bidaltzen diren eta iristen zaizkigun seinaleen
arabera- AHT larri zauritua dagoela.
Tren horren kariaz, Euskal Herriko ingurunea garapen
eroaren arrastoak pairatu ondoren - itsua ez da bakarrik ikusten ez duena,
ikusi nahi ez duena ere baizik- zirkulu politiko "erantzule"
batzuetatik "etorkizuneko belaunaldientzako hipoteka gaindiezina"z
mintzatzen zaigu. Arranopola! Ez dago gaizki.
AHTren premia euskal gizarteak inoiz
aldarrikatu ez zuenean - areago, sektore gehienetan kontra egon ginenean-
aurrerantzeko ihes ekonomiko zentzugabetik, haren zergatikako
eta zertarakoa inortxok erakutsi ez zigun egitasmo faraonikoa inposatu zitzaigun. Orain, berriz,
gehiegizko gastutzat hartzen ari dira abiadura gero eta motelagoa eramango bide
lukeen proiektua. Inoiz ez da berandu, baina...
Dagoeneko, hipoteka sinatu egin da eta
etorkizuneko belaunaldiek jasan egingo dute, kasurik hoberenean inoiz gauzatuko
ez den trena bultzatu dutenen interes interesatu ala inozo sinplearen ondorioa.
Eta etorriko diren belaunaldi horiek oraingoaren zentzugabetasunaz mintzatuko
dira.
AHTri buruz gehiago: