Bizikletak udarako direla idatzi zuen
Fernando Fernan Gomezek aspaldi. Halako zerbait ere adierazi zuen Miguel Delibesek. Eta horrela pentsatzen nuen nik abuztu
honetako goiz sargoritsu batean, mendiko txirrinduan bidexka aldapatsu
eta narraz beteriko batetik gora nindoala. Egia esateko, duela hamabost bat
urtera arte ez naiz ziklismo-zale aktibo izan eta orain ere udako hilak
aprobetxatzen ditut pedalen bitartez gorputzari astindutxoren bat emateko. Ezer
gutxi, edozein modutan. Baina, dena den,
gero eta gutxiago, gorputzaren ajeak nabarmenagoak baitira urteetan barrena
egiten den neurrian.
Horregatik, udako goizetan bizikletaren
gainera igo naizenean beste egiaztapen batez ohartu naiz: nire adinean eta
praktikatzaile apal-apaltxoa naizela kontuan izanda, bizikletaren gaineko
ibilaldiak bakardadean egin behar ditut. Osterantzean, talde dinamikari
jarraitu nahi izanez gero, gibela ahotik atera dakidake ... eta ez nago ni
halako sufrimendutarako. Beraz, udarako eta bakarka.
Argazkia: JMVM