BILATU

abuztua 01, 2016

PUBLIZITATEA EUSKARAZ



Ustekabe atseginez beteriko goiza izan nuen lehengo astean. Erosketak egiten ari nintzen Gasteizen, ezohiko toki batean. Hiruzpalau denda desberdinetara sartu behar izan nuen eta, nire harridurarako, ormako publizitatea euskaraz irakur zitekeen. Baita produktuen etiketetan ere. Kasu batean euskara hutsez agertzen ziren mezuak eta besteetan lehentasuna ematen zitzaion gure hizkuntzari. Ez da normal izaten - areago, kontrastez beteriko Vitoria-Gasteiz hiriburuan- euskaldunon hizkuntzak horrenbeste arreta on jasotzea, batez ere merkatal esparruan. 

Ez dakit kanpaina baten islapen hutsa den, euskara ere badela erakustearren, edo motu proprio-ko ekimenaren ondorio itxarongarria. Nik bigarrena nahiago nuke, jakina, baina kostatzen zait pentsatzea saltoki internazionalen tokiko hizkuntzekiko sentsibilitatea hain maila praktikora iritsi denik. Edozein modutan, txalogarria iruditu zitzaidan emaitza.

Nire poza askoz handiagoa izango zen, ordea, denda horietako pertsonala euskalduna izan balitz eta nirekiko harreman komertziala euskaraz gauzatu ahal izan balute. Hurrengo baterako utziko dugu zirkulua ixtea. Step by step.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina