BILATU

abendua 21, 2020

MEREZI IZAN DU, EUSEBIO


Bi heriotzaren berri eman didazu azken zazpi hilabeteotan: Carmelo lagunarena...eta zerorrena. Sekulako lasaitasunez adierazi zenidan hura gure arteko azken elkarrizketa zela, eta auskalo norako bidaiarako guztiz prest zeundela. Zirraragarria gertatu zitzaidan nire eskuetan jarri zenuen papera: “Josemari, merezi izan du. Eskerrik beroenak, Eusebio”

Eta erantzun behar dizut zuzen zeundela, guztiz merezi izan baitu... zure moduko pertsona bat ezagutzeak. Zure adiskide eta bidaikide izateak harro sentiarazi nau. Merezi izan du etorkizunari buruzko espazioak elkarrekin esploratzeak, nahiz eta norantz goazen igarri gabe utzi dugun. Baina horixe da geroa, inondik ere heltzerik uzten ez digun galdegaia. Merezi izan du gure hizkuntzaren gaineko ibilbide malkartsuan barrena ukondoz ukondo egiteak, Oiartzungo arrasatearra zinenaren eta Aramaioko arrasatearra naizenaren abiapuntuak desberdinak bagenituen ere. Merezi izan du, bihotzez, azken-azken orduraino erakutsi didazun bezala, bizitzari baikortasunetik begiratzeak, irakurtze, idazte, hausnartze, paseatze edota musika entzutearen bitartez.

Zure azken hitzak Mertxe emaztearentzat izan dituzu, bilobek inguratuta: zerua ematen du, eta gainera zurekin!! esan diozu. Ederra. Eta joan egin zara, bakean. Merezi izan du, Eusebio, bai noski!

Zuk ezagutarazi zenidan “Radio Swiss classic” entzuten ari naiz lerro hauek idaztean, Maurice Ravelen sol maiorreko Kontzertuaren adagioa. Zoragarria. Aurrerantzean irrati horrekin konektatzen dudan bakoitzean zuganantz zuzenduko dut gogoa, eta agintzen dizut ahaleginak egingo ditudala musikaren plazera zurekin konpartitzeko, Nagusitasunaren saria merezi izan duzu eta. Eusebio, laguna, izarretan elkar ikusi arte!

5 iruzkin:

  1. EUGENIO ETXEBESTEK dio:
    Pertsona berezia galdu dugu, Guk, lagun bakarra, parerik gabe. Agur Eusebio, pribilegio izan da zure adiskidetasuna.

    JESUS ARZAMENDIK dio
    A ze jatorra, leiala, alaia, eta goxua zan!

    ErantzunEzabatu
  2. Pertsona erabat irekixa, oso gertukua, jakiniminez beti, partekatzeko, entzuteko, laguntzeko... eta beti-beti irribarre haundixaz.
    Arrasate Press-en garaixan ezagutu nauen; edozertan laguntzeko prest euen beti, laguntzeko desietan esango neuke.
    Galera haundi bat da. Besarkada haundi bat familixa eta lagunei.

    ErantzunEzabatu
  3. Gogoratzen dut, orain dela urte asko ezagutu nuela, irratiko aitona ezizenez. Pertsona handia joan da, berezia, ezin politagoa barrutik! Egun handira arte!

    ErantzunEzabatu