Pablo Escobar |
Galdetu zidan atzo kolonbiar lagun batek zer
ulertzen den kanpo-zorraz. Eta ahalegindu nintzen arren, ez dakit lortu ote
nuen, ez baita erraza kontzeptuak azaltzen dituen ertzak ulertzeko ariketa.
Kolonbiako bere
jaioterriko gogo-irudiak oraindik freskoak dituelako, Pablo Escobar droga
trafikatzailearen kasuaz mintzatu ginen: 1992an, AEBetara extraditatua ez
izateko, kolonbiar gobernuari eskaini zion berak drogaren diruarekin estatuaren
kanpo zorra kitatzea. Pablo Escobarren nazioarteko lotura politikoak nolakoak
ziren ideia egiteko, komentatu genuen adibide gisa, Felipe Gonzalezen
aginte-hartze ekitaldira gonbidatu zutela 1982an. Eta botere politikoa eta
mafiak zeharo erlazionatuta egon daitezkeela adostu genuen, behintzat, gure
elkarrizketan.
Geure eguneroko ergelkeriaz eraiki dugun mundu honen berbideratzeaz europar hiritarrok burua
berotzen ari garenean, Pablo Escobar berriak lotsagabe ari zaizkigu botere
politikoaren entramatuan infiltratzen, eta estatu zorren galdarak lehertzear
daude hainbeste irakite-presioa dela-eta. Horra hor, Goldman Sachs banku
boteretsua, bere pioiak Italia, Grezia eta Europar Banku Zentraleko
presidentzietan jarri dituena. Lehen AEBko gobernura ere heldu zen, indartsu.
Demokraziaren beraren zentzua arriskutan jartzen duten politikak burutzen ditu
amerikar bankuak.
Goldman Sachsek
bere garroak mundu osora eta sektore mamitsuenetara luzatu ditu. Eta horietako
bat jakietakoa da. Duela hogei bat urte erabaki zuten inbertsio polita izan
zitekeela oinarrizko zenbait jakiren gainean intziditzea –garia, artoa, kafea,
kakaoa, azukrea, ganadu-okela...- eta horien prezioak eskaintza-eskaria ohiko
legearen araberakoa izan beharrean, inbertsoreen esku gera litezkeen
“etorkizuneko”-en iragarpenen aginduetara mugituko ziren. Inbentoa!
Gauden mendearen
lehen hamarkadan, adituen esanetara, jaki horien prezioak hirukoiztu egin dira,
merkatuan. Noski, lehen gai horien sortzaile diren lurraldeetan
ekoizpen-kostuak, jaitsi ez direnean, mantendu egin dira. Beraz, diferentziala
Goldman Sachs eta antzeko finantza-funtsentzat ikaragarri handitu da. Zer
gertatzen da munduko hainbat eta hainbat estatutan euren ekonomiekin?
Hiritarrentzako jan gaiak hornitzeko ezgaiak direnez gero, kanpora jo behar
dute... eta zorra disparatu egiten zaie, infiniturantz. Miseria.
Kanpo-zorra zer den argitzeko gauza izan ote nintzen ez
dakit. Baina nire adiskide kolonbiarrari behintzat ideia bat garbi geratu
zitzaion: mafiak mota askotakoak izan daitezke eta hiritarren sufrimenduarekin
aberasten dira beti. Gobernuekin ados jarrita.
Argazkiak: gurusblog.com; desdeabajo.info