BILATU

Jainkoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Jainkoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

apirila 06, 2026

NORK BERE JAINKOA


Platonek gizateriaren gaineko teoria idatzi zuen, eta badakigu zer zen greziar filosofoak arimari buruz uste zuena. Egia da edozein tratatu filosofiko irakurtzen dudanean, arreta handiz saiatzen naizela, hitzak eta egilearen pentsamenduak euren osotasunean ulertzeko ahaleginduz. Gaztetatik aritu naiz klasikoekin harremanetan, eta arazo ugari sortu dizkidate, proposatzen dituzten esparruak nire buruarekin bateratu ezin izan ditudalako.

Platon aipatuz hasi naiz, denbora gehien eraman didan pentsalaria baita. Eta aitortu behar dut ez dudala beti ulertzen bere kredoa. Platonek arima desberdinak ikusten ditu kultura ezberdinetako pertsonentzat. Uste dut hori bat datorrela Hipokratesen teoriarekin, arimari eragiten dioten gaixotasun fisikoak diagnostikatzeko medikuek ingurunea aztertu behar dutela dioena. Baina, Hipokratesek medikuntzan konfiantza zuen bitartean, Platonek bere jainkoengan fede handiagoa jartzen zuen, berarentzat gorputza arimaren kartzela baitzen. Jainko bakarra aldarrikatzen duen arren, ezagutza, alegia, eta gaizto bakarra ezjakintasuna. Eta hemen estropezu egiten dut, ez baitakit zein ezagutza mailatik aurrera  hartzen zuen Platonek jainkotiartzat.

Agian gauzak sinpleagoak dira eta herri desberdinentzat arima ezberdinak egon beharrean, animali bakoitzak berea du, eta bere jainko partikularra.

Argazkia: Ekain

martxoa 24, 2014

BING BANG, JAINKOA ETA FAGOR





Gosaltzen ari nintzen,  hiru urte gazteagoa dudan Pedro nire lagunarekin, Arrasateko ohiko kafetegian. Egunkaria zeukan eskuan eta ozen komentatzen ari zitzaidan titularren gaia, nire aldetik kafesnean ogi txigortua bustitzen nuen bitartean. "Big bang-eko teoria hau ez dut ulertzen" adierazi zidan. Pedro kristau fededuna da eta unibertsoko sorreraren gain eskolan kontatu ziotena - zigutena- dauka oinarrizko printzipiotzat. Horregatik izar, planeta eta munduaren jaiotzaz zenbait zientzialari erabiltzen ari diren leherketa erraldoiaren fenomenoarekiko Pedroren jarrera ezkorra guztiz ulergarria egiten zait. Talka egiten dute bi teoriek, biak gizakiok inbentatuta. 

"Jainkoak bakarrik jakin dezake nola izan zen hasiera hura. Eta azken epaiketaren egunean haren aurrera iristen naizenean galdetuko diot ... Big bang  hori zer den ulertu nahi nuke-eta" Segundo batzuk geroago, egunkari berdinetik Fagor Etxetresnak enpresari buruzko albistea irakurri zidan: "Aljeriarrekin negoziatzen ari bide dira" Adiskidearen kristau sinesmena iraintzeko bat ere asmorik gabe eta kafesneari azken  zurruta ematera nindoakiola, "Aizu Pedro, Jainkoarengana heltzen zarenean zergatik ez diozu eskatzen Fagorrekin gertatutakoa argitzea?" bota nion. 

"Zuk uste duzu gai izango dela?" erantzunarekin, ahoa bete hortz utzi ninduen. Eskerrak ordurako kafesnea amaitua neukala.