BILATU

azaroa 29, 2021

DURANGORA, BAI? EZ?

 Aurten zailxeago du pertsonalak Durangoko Azokara heltzeko. Koronabirusaren bide saria garesti ateratzen ari zaigu, eta oraindik ez diogu antzik ere ematen azken kostu osoaren tamainari. Bistan da euskal liburuen salmentak ez duela aurten markarik jarriko, kostatzen baitzait pentsatzea balizko merkataritza elektronikoak orekatuko duenik Azokako saltokietan pairatuko den defizita. Merkatuen gora beherak, finean. 


Eragingo al du, ordea, Durangoko defizit absolutuak portzentaje berdinez oro harreko irakurketaren mailan? Ez, inondik ere ez, arrazoi sinple batengatik: erosten den guztia irakurtzen ez delako. Hori dela eta, Durangoko erromesen jarioa apalagoa izango den arren gutxitze traumatiko horrek ez du euskal irakurleen aktibitatean orbainik utziko. Euskal irakurleak Durangotik kanpo dauka bere azoka urte osoan, eta abenduan Tabira zaharreko bidea hartzen badu ere beste zerbaitek erakarria da, erosi nahi hutsak baino. Eta euskal irakurle ez denak Durangon eros dezakeenak ez dio euskal literaturari bultzadatxorik egiten. 

Nik, euskal irakurlea naizenez, badaezpada ere, ohiko nire liburu dendara joko dut. Durango beti egongo da hor, aurten agertuko ez naizen arren. 

Argazkia; durangoazoka.eus

 

azaroa 22, 2021

EUSKALDUNIK ZORIONTSUENA

 


Zorionaz galdetzen zaigunean irudimena hegan hasten da eta trumilka datozkigu balizko mugaketak. Orduan konturatzen gara zorionak, gutxienez, ez bat baizik gizakiak adina begitarte eduki ditzakeela, zoriona ukiezina baita, sentimentala, eta beraz psikeak agintzen du bizipen fisiko guztien gainetik. Zoriontsu izan daiteke oinazean. 

 Xabier Amuriza bertsolariak adierazi berri duenez, bera da “bigarren euskaldunik zoriontsuena” Eta badaki zein izan zen lehena: Bernat Etxepare idazlea, hau da, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren egile ahaztezina (ahaztezina behintzat adineko euskaldunontzat, kostatzen baitzait pentsatzea gazteek nafar klasikoaren liburua irakurri dutenik) Amurizak ordu ederrak eman bide ditu apaiz heterodoxo eta erromantiko haren obra euskara batuan jartzen. Ondorioz haren kideko bilakatu da bizitza sentimenduetan eta zoriona nagusitu zaio.

Pozten naiz Amurizaren egoeraz. Bakean eta askatasunean garatutako lanari beti geratzen zaio ateren bat zabalik, ukiezintasunean nagusitzen zaigun zorionaren argi printzak sartzen uzten dituena. Horrexegatik aisialdian (otium) zein negozioetako (nec-otium) saiakerak gogokoak behar dira izan, zapore atseginarekin amaituko badira. Finean, denak izan gaitezke euskaldunik zoriontsuena.

Argazkia: Zuriñe 

azaroa 15, 2021

EZ NAU IZUTZEN EROSGAIEN URRITASUNAK

 


Ez dela opari dendetan erosgai nahikorik egongo? Eta? Harrituta nago hain ikuspegi sinplista eta buru gutxikoarekin, harrituta eta izututa, nagusiak garen arren gure heldutasuna iristeke dugula egiaztatzen baitut. Eta denbora alperrik xahutu dugula iruditzen zait.

Ez noa kontsumoaren kontrako jarrera numantinoa egitera, inondik ere ez. Gizakiari adimen puntu bat piztu zitzaion unetik beretik gizadiaren ardatza elkar truke libreko gaietatik igaro da, dei dezagun diru edo beste edozein balore. Ezin da ulertu gizon emakumeen historia eduki ekonomikoen sostengu gabe. Industria eta merkataritza oinarrizkoak ditugu gure espeziearen bilakaera etengabean.

Baina postulatu horietatik abiatuta, gastatzeagatiko gastatze desaforatua, neurrigabea, adimenaren desbideraketarik arriskutsuenetakotzat jotzen dut, eta horrexek izutzen nau. Gizon emakumeok ordena apur bat jarri behar dugu lur planeta honekiko gure harremanetan. Glasgow-eko goi bileratik atera ez diren neurriak ahalbidetzeko eta megakorporazio itotzaileek ezartzen dizkiguten kateak apurtzeko formula bilatu behar dugu, aiene antzu eta guztiz alienagarrietan erori gabe.

Mugarri erabakigarri batera ailegatu gara eta inguruei erreparatuz, erosgaien balizko urritasunak hausnarketarako aukera ekar liezaguke. Planto egin diezaiogun zentzun gabeko kontsumoari eta ireki ditzagun bide berriak, gure kontzientziarekiko erantzukizun osoarekin.

Argazkia: Ekain

azaroa 08, 2021

HIRUGARREN DOSIAREN BILA

 


Eslogana gure herrietako hainbat ormatan ageri da, eta lehen aldiz irakurtzean batxilergoan kimika ikasten ari ginela azido sulfurikoaz ohi zen ipuin irrigarria gogoratu dut. Elementua koloregabe, zaporegabe eta usaingabe zela mugatu zuen ikaslea irakasleak azidoaren tragoxka bat hartzera gonbidatu zuen. Ikasle gizagaixoak begiak beren orbitetatik aterata... “Niri gustatzen zait” ihardetsi zuen hankaz gora erori baino lehen.

Grafenoaz ez genekien ezer garai haietan, deskubritu gabe zegoen eta. Orain ere gutxi da ezagutzen dudana, teknologia aurreratuetan asko erabiltzen denaz gain. Horrezaz aparte, izadian dugun materialik gogorrena dela esan zaigu zientzia zirkuluetatik. Karbono hutsa bide da, grafitoaren aldaera hurbila. Nolakotasun azpimarragarriak, beraz, grafenoarenak. 

Eta eslogana gustatu zait, bi arrazoirengatik. Alde batetik positiboa delako txertoei dagokienez, ez ditu baztertzen, arbuiatzen. Eta bigarrena, grafenoaren bidez karbono bihurtzen garen bitartean txertatuaren iraunkortasunaren alde dagoela ematen duelako. Ormako idazlearen esku anonimoaren asmoa gizadiaren bataz besteko adinean modu gehigarriz eragitea dela esango nuke, azkenik fosilak bilaka gaitezen.

 Nolanahi ere, nire kasu partikularrean ez nator bat ormako aldarrikapenarekin. Nahiago dut esperimentuak gaseosarekin burutzea, badaezpada ere. Eta urte gutxiagorako igarobidea emango didan arren, Pfeiffer-eko hirugarren dosia hartuko dut, zalantzarik gabe.

Argazkia: JMVM

azaroa 01, 2021

EZ DAUKAT BESTE ARMARIK


 Idazkiak, hausnarketa publikoak, ikus entzunezko mezuak, elkarretaratzeak eta abar alperrekoak bide dira, ez dute ezertarako balio izan. Zentzun gabeko bizimodu arriskutsura itzultzen ari gara, hemen ezer gertatu izan ez balitz bezala. Edozelan ere, ez noa ikasgai moralik ematera, ez bainaiz inoren argi dorrea eta nahikoa daukat nire ortutxoarekin, besteenetara sartu barik.

Baina nolabaiteko eskubidek babestu beharko nindukeelakoan nago. Ozeanoa zeharkatzera doan itsasontziari nazioarteko arautegiak salbamenduko txalupak eraman behar dituela gogorarazten dion bezala, edota hegazkinean flotagailuak derrigorrezkoak direla baieztatzen zaigun antzera, ez dut ulertzen zergatik pandemiaren eragin hiltzailea errotik erauzi ez den bitartean hiritarron eskubide guztiak ez diren errespetatu behar. Nork bermatzen dit niri, adibidez, atenditzen ari zaidan osasun zerbitzuko profesional horrek osasun neurriak bete dituela?

Lege entramatuak erdi umezurtz uzten nauen bitartean, nire eskubideari iseka egiten dioten guztiak madarikatuko ditut. Zoritxarrez, ez daukat beste armarik.

Argazkia:Ekain