Gure bizimodua hankaz gora jarri duen gaixotasun
honek dardara adierazi du gizartearen harreman sarean. Alde batetik,
heriotzaren aurrean zein umezurtzak garen utzi du garbi, betiko joan zaizkigun
ahaide eta adiskideak ia-ia bakartasunean eta gure agurrik gabe desagertu
baitira, oinazea handituz. Bestetik, hurbilean egon arren ikutu ezin izan
ditugun pertsona maitatuenganako sentimendua etsipen-puntuak estali du, zenbait
hilabetez.
Baina izan dira alde positiboak ere: unetxo batez
nork bere baitara bildu ahal izan ditu indarrak. Niri behintzat ondo etorri
zait ordena apur bat jartzeko, bizimodu arruntaren zurrunbiloan sartuta
abiadura handiz bururatzen zitzaizkidan ideia eta egitasmoak soseguz aztertu
ahal izateko. Eta neurri handi batean bereiztu ahal izan dut – edo hori
iruditzen zait bederen- alea lastotik. Eta erlatibizatzeko plataforma paregabea
suertatu da koronabirusa. Gure baitan bakarrik zein gutxi balio garen egiaztatu
dit osasun-krisi honek. Besteenganako ekarpenean datza irtenbidea, elkar
aritzeko ahalmenean, bide horrek nora eramango gaituen ez badakigu ere.
Isolamendu espiritualean, indibidualismoan, inoiz ez gara ezer izango, liberalismo gordin antzu
eta norberekoiak horren aldeko oihuak ozen botako dituen arren.
Beste gauza bat da krisi honek askorengan
pizturiko “proposito de la enmienda”k noiz arte iraungo duen. Bekatuak
aitortzeko unean apaizari egiten genion promesa aitorlekutik alde egin bezain
laster lurruntzen zitzaigun, bekatuan berrerortzea ez baitzen penitentzian hain
garestia. Horregatik, oraingo aitorpen kolektiboak – mea culpa eta guzti-
gizakiarenganako fedetik egin behar dugu, salbamendurako giltza izango bada.
Argazkia: Ekain