BILATU

bekatuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
bekatuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 04, 2023

INFERNURA, ZUZEN-ZUZEN


Esan daiteke erlijioei eta horiek munduan duten ezarpenari 
arrazoitzeko gaitasuna aplikatzen diodanetik ez dudala ulertu eliza katolikoaren hierarkiaren jokabidea. Ez lukeela egin behar lirudikeen arren, izugarri kezkatzen nau bere jarrerak, elizak berak eta bere inguruak umetan irakatsi zizkidan kontzeptuekin ez ezkontzeagatik. Adibideak hitzak baino ulergarriagoak direlakoan nagoenez gaurkotasun osoko bi aipatuko ditut.

Nola jo dezakete joera jakin bateko apezpikuek Aita Santua heretikotzat, haurtzaro samurretik hura hutsezina zela irakatsi baziguten? Nire ulermen kamustu samurrean ez dago elizaren gurasoen jarrera hori ulertzerik, gainerako katolikoak baino askoz ere behartuagoak baitira, printzipioz, beren artzainari obeditzera. Elizarako gauzetan ni baino jantziagoak badaude, ez al dira gai euren doktrina bera ulertzeko? Kontuz ibil daitezela, Pedro Boterok galdara irekita dauka eta.

Eta zer esan gezurrari buruz? Nori sartzen zaio buruan, Frantziskoren deira laurogei apezpiku espainiarrak Erromara bildurik, Kristoren lurreko bikarioak purpuratuei, egindako, egiten ari diren eta, zoritxarrez, kleroko kideek egiten jarraituko duten sexu-abusuak oso gaizki daudela eta bekatua dela ez gogoraraztea? Omella apezpikuen ordezkariak aitortu duena gezur hutsa da, engainatzeko asmoz pentsatzen duenaren kontrakoa esateagatik. Eta horregatik aitorlekutik igaro beharko luke. Bestela, betiko sutzarrera.

Niri ezin dit hierarkia horrek jokaera-araurik diktatu; uko egiten diot.

Argazkia: infovaticana

martxoa 24, 2011

JAINKOAREN LEGEKO HAMAR AGINDUAK. Errebisioa

Beste inoiz komentatu dudan bezala, haurtzaroko ikasketetan erabilitako zenbait liburu gordetzen ditut maitekiro, eta nostalgiarekin ere erlaziona daitekeen ariketa historikoa burutzen dut batzuetan, gure heziketa-ibilbidea nolakoa izan den ez ahazteko.

Lehen jaun hartzea egiteko ikasi behar izan genuen katixima liburuxka berreskuratu dut iragan asteburuan eta errepasatu ditut orriak, “Soy cristiano por la gracia de Dios” aitorpenak sei urteko umearenganaino eraman nauelarik, ziztu bizian.

Eta testua irakurtzen ari nintzen neurrian, zenbait baieztapenen adierazpen arabeskoekin egin dut ostera topo, garaiko moralaren aginduetara erabilitako hitz, esamolde eta ilustrazioek irribarrea lorarazi didatelarik.

Jainkoaren Legeko Hamar Aginduak ilustratzeko eskaintzen zitzaizkigun zenbait marrazki aldatu nahi ditut hona. Horiei begira, adinekook gogoratu egingo dugu zein nolako zailtasunak genituen, esplikatu nahi zitzaiguna ulertzeko. Gazteagoek, ziurrenik, garai haiek behar bezala konprenitzeko izango dute zail.

Honaino nahiko garbi, ezta? Ilustrazioak sei urteko ulermenarekin bat zetozen, eta erraztu egiten ziguten idatzizko hizkien bitarteko mezuaz jabetzea.

Baina zer esan ondoko hauetaz?

Zer zen fornicar? Eta zer ikusirik zeukan hitz bitxi horrek, mutila zapaltzear zituen loreen zelaiarekin? Gainera, zein lore mota zen hura? Nola genekien zein lore zapal zitekeen eta zein ez? Eta bihotz dirdiratsua?

Egia esan, seguru nago seigarren aginduarekin inork ez zuela tutik ere ulertu. Eta horrela eman genuen gero saltoa gu koitaduok “el demonio, el mundo y la carne” hirukote beldurgarriak arriskuz betetzen zigun mundura!

Askoz geroago jakin genuen lore haiek lirioak zirela, kastitate eta birjintasunaren sinboloa. Garaiz esan izan balitzaigu!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eta nola ulertu, “no desear la mujer de tu prójimo” hori? Sei urterekin?... Ez genekien aingerua gurekin atsekabetua ote zegoen ala –sinpleki- lotan, hainbeste zalantzaren aurrean. Eta mutil hura oso gaiztoa zen, papera urratzen ari zeneko begitarte hari erreparatuz.

A! Eta beste zalantza bat, baita urte batzuk geroago sortua: esakune horren arabera, neskatilak libre al zeuden bederatzigarren agindutik?