BILATU

uribarri ganboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
uribarri ganboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

iraila 08, 2025

ZERU PARTIKULARRAK


Ez dakit existitzen den, baina deskribatzeko edo margotzeko aukera dagoenez, nik behintzat garbi daukat. Gaur goizean nire begiekin ikusi dut, eta ordutik nire baitan eta paperean jasotzen saiatzen ari naiz.

Uribarri Ganboan zehar nabigatzen ari nintzen, belak guztiz irekita, eta kanabera uretara luzatua, arrainen batek tenk egingo ote esperantza amaigabean.

Une labur batean, zerua ikusi dut, nire zerua. Eta berriro erreproduzitzen saiatu naiz, baina haizearen norabidea eta nire kanaberaren kurbadura ez ziren berdinak. Ikusi egin dut... baina desagertu egin da.

Ziur nago hura zela nire betikotasunerako aukeratuko nukeen zeru zatia. Baina berehala konturatu naiz ez zela %100ean egokituko nire maiteen zeruarekin, urruti joan gabe belaontzian nirekin zeuden bi bilobenekin. Beste era batera esanda, zerua oso gauza berezia dirudiela, amesten duen pertsonaren gustura egokitua, eta pertsona bakoitzak berea du, ez baitira bi amets berdin. Bikoterik sutsu eta maiteminduenak ere ez lirateke gai izango betiko zeruko espazio bera definitzeko.

Iruditzen zait mundu honetan ameslari izan diren bezainbeste lursail txikitan banatuta dagoela zerua, eta hori ez dator bat haurtzaroan irakatsi zidaten doktrinarekin, jende on guztiak espazio berera bilduko zirenekoa. Nik, behintzat, ez dut horretan sinetsi nahi. Gizateria sortzeko erabilitako formula errepikatzea litzateke... eta ongi ikusi dugu zer bihurtu den hura.

Ez dut beste aukerarik nabigatzen jarraitzea baino, ea berriro agertzen zaidan.

Argazkia: JMVM

uztaila 28, 2025

ONURADUNETAKOA NAIZ


Gaur astelehena, Uribarri Ganboan berriro gogoratzen dugu Arabako eskualde baten bizimodua erabat aldatu zuen gertaera bat, garai hartako stablishmentek bultzatuta bertako gehienon borondatearen kontra sortutako urtegi batek piztua, eta beti bezala, gehien bat emigratzera behartuta egon zen giza taldearen arrazoiak alde batera utzi zituena.

Ehunka familiek ez zuten beste aukerarik izan maletak egitea baino, eta atzera begiratu gabe, betiko agur esatea beren etxeei, lan eta aisialdirako lekuei. 1950eko hamarkadaren erdialdean gertatu zen, eta haurren, helduen eta adinekoen exodoa oraindik ere askoren memorian dago... Hurrengo urratsaren berri izan gabe, euren lurretatik erauzitakoek bazekiten ez zela inoiz berdina izango. Atzean ezer ez, eta aurrean galdera ikur erraldoia.

Gaur ez ditut berriro salatuko giza eraso horretatik etekin material deitoragarria atera zutenak. Ez dut idatziko, askotxo egin dut, geratzea erabaki zutenei buruz, bizitzaren aldeko borroka berrian porrot egiteko arriskua jasan zuten arren. Baina bai ostera aitortu nahi ditut, euren sustraietatik indarrez atera zituzten guztien ausardia, egoitza berri bat eraikitzeko burututako ahalegin sutsua, beren lorpen epikoa baliatuz, denboran milaka eta milaka herritarrek etekina atera genezan sakrifikatu ziren haiek.

Benetako onuradunetako bat naiz ni.

Argazkia: JMVM

uztaila 18, 2022

FRANCOK EZ ZUEN SANTA MARINA ITO


Jeneral hiltzailea gaur 86 urte matxinatu zen. Gure historia modernoan aurrekaririk ez duen gertaera izan zen eta oraindik sendi askotan ez dugu damu sentimendurik jaso arimarik gabeko ekintzaileengandik ezta haien ondorengoengandik ere, egin zitzaigun kaltearengatik.

Gaur Santa Marina dugu kristau egutegian eta atzo, jai bezpera gisa,  ospakizun baten berreskurapeneko lehen ahalegina burutu genuen, duela 70 urte jeneral hiltzailearen jarraitzaile plutokratek eraiki zuten urtegiak ito zuena. Familia xume askoren itxaropenak eta ilusioak urek ezabatutako balio material eta ez materialen artekoa zen Santa Marina baseliza, eta horren inguruan XVI.tik herritarrok ospatzen zuten jaia.

Zazpi hamarkadatako isilune tristearen ondoren, eta giza mirari txiki bat balitz bezala, atzo urtegiaren hondotik, bere garaian baseliza izandakoaren hormen artetik mezu bat sortu zen, kooperazi
oaren eta errebindikazio-festaren ontasuna elkarrekin kantatzeko gai izan gaitezen eskatzen zuena.

Argazkia: JMVM

urria 07, 2019

CURRO NIRE HIZKUNTZA-AKUILULARIA


Patxi esaten diote azken hirurogeita bost urteotan baina, berak adierazi ez didan arren, ziur nago Curro jaio zela, andaluziarra baitugu, Alhama de Granadakoa, eta mukizu nintzela ezagutu nuen. Berak ez badaki ere, sekulako akuilua izan nuen neure burua euskalduntzeko bidean. 


Uribarri Ganboan gertatu zen, gizarte inguru erdal hutsean. Goiz batean, nire kanaberarekin urtegiko bazterrean amuarrantzan nengoela, gizakume gazte bat hurreratu zitzaidan eta euskaraz egin zidan. Gazteleraz erantzun behar izan nion. Gero etxean nire aitarekin komentatu nuen jazotakoa eta aitak ihardetsi zidan: zer pentsatuko zenuke andaluziarra dela esango banizu? 

Shock bat bezala izan zen niretzat. Andaluziarra? Eta ni Aramaioko arrasatear erdaldun hutsa! Aitortu behar dut pertsona harekiko lehen kontaktu hark zeharo irauli zuela euskararekiko nire jarrera biguna. Granadako gizaseme haren ereduak sustraiak bota zituen nigan, eta esango nuke egun hartan bertan hartu nuela vasco-tik euskaldunera igarotzeko erabaki sendoa. 

Hirurogei urte geroago, ustekabean, gizon harekin egin dut topo, ia-ia lehen buruz-buruko urruti hartako toki berdinean. Ikusi bezain laster ezagutu dut eta anekdota hura azaltzeko eta eman zidan eredua eskertzeko hurbildu natzaio. Patxi, ez dakizu zuk ondo zer nolako oparia egin zenidan, gura gabe, egun hartan! esan diot emozioz beteta.

Argazkia: JMVM 

abuztua 06, 2018

RAMON JIMENEZ “ZAPE”


A long, long time ago,
I can still remember how
(Don McLean. American pie)



Bai, aspaldi ezagutu nuen Ramon Jimenez "Zape" Uribarri Ganboan eratutako jai ekitaldi batean. Auskalo zenbatgarrena izango zen hura Gasteizko artista komikoak bere bizitzan eskainitakoen artean. Nik, aldiz,  lehen aldiz nuen Zape aurrean eta oraindik ere oroitzen dut nigan utzi zuen zapore atsegina. Emanaldira aurreiritzi batekin  joan nintzela aitortu behar dut, garaiko Txomin del Regatoren klon bat izango ote genuen. Erregimeneko irratiek hurbiltzen zizkiguten txominkeria arbuiagarriak eta nazkatuta nengoen Bizkaiko artista (?) harekin.

Baina Ramonek aurki ezabatu zituen nire beldurrak eta gustura egon nintzen ordubete inguruko emanaldian. Gizon jantzia, bekokiz irekia eta umore zuria bikain zerabilena. Horixe aurkitu nuen Zaperengan. Ordurako,  Gasteizko Udalak Urrezko Zeledonarekin saritua zen gure gizona.

Eta iragan ostiralean ostera egin dut topo Ramonekin. Bisita egin diogu sarikide batzuek, eta bere laurogeita hamalau urtetako talaiak ahalbidetzen dion lasaitasunetik jairik alaienak opa zizkigun,  berak hamarkadatan eskukadaka barreiatu duen bizipoz berdintsuarekin. Segi alaitsu, Ramon!

Argazkia: Julio Roca


otsaila 09, 2015

JOSE MARI SEDANO EUSKALTZALEA


Aramaion, 14-11-08an

Ostegun eguerdi elurtuan Gasteizko Santa Isabel kanposantutik itzultzen ari naiz etxera autobusez, Jose Mari Sedano adiskidearen gorpuari lur eman ondoren. Ziurrenik, izen horrek gutxi esango die blog honetako ohiko irakurleei, batez ere gasteiztarrak ez direnei. Jose Mari aspaldiko pertsonaia maitagarria, lagun zintzoa, nuen Gasteiz eta Arabako gizarte-paisaian. 

Jose Mari 1964an ezagutu nuen, buruz-buruko gure lehen topo egitea hamasei urte geroagora arte gauzatu ez bagenuen ere. Irrati uhinen bitartez izan nuen haren lehen berri, Radio Vitorian iganderoko arratsaldeetan emititzen zuen saioa Uribarri Ganboako nire etxean sintonizatzen hasi ginenean. "Euskal Jaia" bataiatu zuen bere ekarpen erakargarri hura, eta niretzat askatasunezko ahokada fresko suspergarria bilakatu zen irratsaioa, bizi genuen inguru gris ilun hartan. 

Jose Marik programatzen zituen euskal kanta eta euskarazko azalpenek Gasteizen ere mundu diferente bat sor zitekeela erakusten zuten igandero. Bazen itxaropenerako leiho bat! Handik zenbait urtetara, 1984ko otsailaren 19an hain zuzen, "Euskal Jaia"k lehen milagarren saioa bete zuenean, omenaldi bat eskaini zitzaion Jose Mariri Gasteiko Printzipal antzokian. Eszenategian Mikel Laboak euskal abeslarien eta, oro har, euskal kulturaren eskerrona luzatu zion, eta besarkada anaikorrean lotu ziren bi lagunak. Espektakuluari segitu zion bazkarian hitz egin behar izan nuen, eta Jose Mariri zuzendu nizkion hitzetan bere adore eta kemen arabarra nabarmendu nuen, eragozpen eta oztopo askoren gainetik defendatu baitzuen beti Araba euskaldunaren errealitatea. 

Elkarrekin emandako gure azken orduak iragan abenduaren 30ean izan ziren, Burgos aldean. Urrezko Zeledonen ohorezko presidentea zen eta txango batera gonbidatu gintuen. Astindu ederra eman genion oroitzapenetako arasari, ugari baikenituen elkarrekin jorratutako bizipenak, Jose Marik zuzentzen zuen "Gasteiz" urtekarikoak, esaterako. Urtetan eskatu zidan artikuluren bat idaztea. "Baina euskaraz" gehitzen zuen eskabidea telefonoz egiten zidanean.   

Euskaltzale arabar handi bat joan zaigu. Hazia erein zenuen, Jose Mari, uzta ziurtatuz. Eskerrik asko eta ikusi arte!

abuztua 13, 2012

MARIA ESATEN DIOTE HAIZEARI

Aurtengo udako gau sargoritsuek, goi tenperaturez gain, ustekabekoak ere ahalbidetu dituzte eta horietako bat gertatu zitzaidan lehengo ostiral-larunbatekoan, termometroak errekor mundialak hautsi ondoren iluntasunak zekarren haize pittintxoa lagunekin dastatzen ari nintzela. Uribarri Ganboa oso herri txikitxoa da eta dozena bat adiskide bertako gune bakar batera biltzea ez da normalean ematen. Baina hantxe ari ginen, kontu kontari, oroimenak berehala ahazten dituen aurreko udetako hotz-beroak gogora ekartzen.

Halako batean bi mutil gazte ezezagun azaldu ziren, urduri oso, besoetan lore ontzi handi bana zekartela, eta gure aurrean aparkatuta zegoen auto batera hasi ziren kargatzen ontziak, haien tamainarengatik nekez sar zitezkeenak. Urduritasunak ez bide zien laguntzen eta gutariko batzuk hurbildu gintzaizkien esku bat luzatzeko asmoz. Eurengana heldu baino lehen konturatu ginen ontziak lapurtzen ari zirela. Ez zuten espero, jakina, euren gaiztakeriaren testigurik izatea eta zeramatena bertan uzteko agindu genienean, urduritasunak goia jo zien. Maletategia gaizki itxi ondoren ziztu bizian atera ziren euren autoan. Noski, matrikula hartzeko aukera izan genuen. Baita hartu ere.

Maletategia oker ixteak ontziko landareak txikitu zituen eta lurrean geratutako hostoek ekarri ziguten hurrengo ustekabea: marihuana zen. Beraz, deabruaren haizeak eraman bailuen atera zen autoak karga berezia zeraman. Eta galdera nagusitu zitzaigun: herriko nor zen haien jabea? Erantzuna bilatzeari ekin genion; samurra zen: ontziak zeuden tokitik autoa aparkatuta zeukatenerainoko tartean lapur urduri gazte iheslariek utzitako arrastoaren alderantzizko bideari jarraikiz... ezagutu genuen zein den bere ortuan maria ezkutuan hazten duen herrikidea.  Zer egin? Abisatuko genuen bere etxean gertatutakoaz? Emango genion autoaren matrikula?

Biharamunean, egun argiz hobeto aztertzen bide dira arazoak, lapurketaren lekuko zuzenok adi-adi egon ginen, ezer aipatzen ote zen gertatutakoaz. Baina inork ez zuen herrian ttinttik ere adierazi gaueko pasadizoaz, ezta interesatuak ere. Eta guk ere nahiago izan genuen isilik egotea, nahiz eta bi gazteak jabetza pribatu batera sartu ziren, hiru bat metro altuerako ormaren gainetik. Delitua, beraz.

“Paint your wagon” (Izenik gabeko hiriaren legenda) pelikulan bada abesti zoragarri bat, “They call the wind Maria” tituluarekin. Larunbat goizaldeko bi mutil ebasleren ihes zazpikia ikusita, maria-ko ontziekin autoan, une hartan genuen haize epel apurrari keinu aldrebestua egin ziotela esango nuke. Izenik jarriko ez diodan herrikidea, berriz, haizerik izan ote genuen ahaztuta, sutan jarriko zen lapurketaz ohartutakoan. Eta pelikulako urre bilatzaileen antzera, nik ere aurrerantzean Maria deituko diot gau sargoritsuaren  haizeari.

uztaila 29, 2012

KONSTANTZIAREN SARIA

Konstantzia, teknologia bezala, ona ala txarra izan daiteke; aplikapenaren arabera sailka daiteke. Konstantziaren bidez marka daiteke nor beraren xedeenganako indarra. Gizabanakoen baitan sortzen den izpiritu sortzaileak markatzen du erabakien helmena, eta bakoitzak ahal duen neurrian jar daiteke lorpenaren maila, ia beti. Ikusgarria da goizero jaikitzean gutariko bakoitzak bere buruari agintzen dizkion proposamenen soka. Egunak aurrera dagien heinean –nekearen ondorioz- laxatzen doana. Gorputzak gogoarekin batera du lan egiten, eta alderantziz.

Konstantzia eta esfortzurako gaitasuna elkarren ondoan joaten dira, normalean. Konpromezuen arabera aurkeztuta, bata eta bestea osagarriak ditugu helburuetara iristeko, eta nahi izan eta ahal izatearen arteko distantzia txikitu egiten da bien aplikapen egoki eta zentzukoaren bitartez. Konstantzia beharrezkoa da, berez mugatuak garenok geure muga naturaletatik kanpo jauzia egin dezagun. Egia da, modu xehean esanda, beti ez dela jomuga erdiesten, ahaleginean borondatea jarri arren. Baina salbuespen gisa har genezake aurreko egiaztapen hori.

Gaur goizean, Uribarri Ganboako urtegitik abiatu den triatlon munduko txapelketaren testigu zuzena izan naiz. Mila eta hiru ehun inguru parte hartzaileren topalekuraino heldu naiz eguna urratu berria, eta horietako askoren urduritasuna frogatu ahal izan dut. Mundu guztiko atletak hara bildu dira, egun ugariko prestakuntza fisiko eta psikikoaren ondoren egiazko orduari ekiteko prest, eta sakrifiziorako konstantzia emaitza eskaintzear zegoenean gizon-emakume ausart horien keinu eta ahotsetan urduritasun puntu garaia nabaritzen zen, normala den bezala. Lortuko al zuten bakoitzak espero zuen saria?

Konstantzia, ahalegin  jarraikia, sakrifizioa... dena alperrekoa gerta daiteke, zirkunstantziaren batek eraginda. Bai, hori ere egia da. Baina formula garaileko oinarrizkoak ditugu. Haiek ezik nekez eskura daiteke garaipena. Gure aitona-amonek garbi zeukaten, lanparatxoak pizturik jarrai zezan etengabe elikatu behar zitzaiola olioaz. Lanparak, ordea, ez zuen gehiago argituko olio-ontzian unetxo batez erregaia kantitate handiagoan ipini arren. Neurri aproposa, etengabe eskainia eta arretaz zaindua. Horiexek ziren formulako konstanteak, argia izango bazuten.

Txoria harrikadaz ehizatu nahi duenak ere ez du beti xedea lortuko, baina seguru asko gero eta hobeto jakingo du habaila erabiltzen. Hain egia borobila zuzen-zuzen erlazionatuta dago konstantziaren emaitzarekin. Horregatik, ziur nago, triatlona Gasteizen amaitu denean, gehienok euren konstantzia eta esfortzurako neurrian jaso dutela saria. Azkenean, nork ereiten duen haziaren araberako uzta biltzen da bizitza honetan. Eta saria ez bada beti eskuratzen ere, ahaleginak nor beraren gaitasuna markatzen du beti.

urtarrila 01, 2011

URTEBERRI GOIZ ITXAROPENGARRIA



Urteberriko argigintzari ohi bezala ekin diot, Uribarri Ganboako goiko mendixkan, eguzkia noiz jaikiko zain. Berrogeita bederatzi bira eman diot gurutzea-harrizko muinoa-ipuru zaharra triangeluari, barnean, mantra egiaztatzaileak bailiran, otoi/kanta/oihu astintzaileak berpizten zitzaizkidan bitartean.

Azken elurtearen arrasto txikiz inguratua eta behelaino sarkorrak bustia, desagerturiko adiskide eta ahaideei zein inoiz jaioko diren ondorengoei zuzendu natzaie isilean, egunsenti batean nirea ere bilakatuko den espazio helezinean euren ondoan toki egin diezadaten.

Eta behelainoa jaiki egin da.

Urteberri osasuntsu denontzat!