BILATU

otsaila 25, 2019

IBERIAKO IPUINAK


Horixe da, euskaratua, egun hauetan esku artean izan dudan liburuaren titulua. Ohikoa baino denbora tarte luzeagoa eraman dit irakurketak eta arrazoia liburuko edukia azaltzen den hizkuntzen kopuruan dago: hamabost. Biziki atsegina izan dudala aurreratzen dut. Soseguz joan behar izan dut, batzuetan ozenki irakurriz, hizkuntza arrotzak nituenei zukua atera nahi bainien, eta irakurraldia ulergarriagoa egiten da nork bere begiek ikusitakoa belarrietatik ere bereganaten badu.
 Rosalía de Castro galiziarra – galegoz-, Vicente Blasco Ibañez valentziarra, valentzieraz-, Federico Garcia Lorca andaluziarra –romaniz-  eta penintsulako beste zenbait egileren ipuinak dastatu ahal izan ditut. Euskarazkoak Jose Migel Barandiaranek bere ikerketa lanetan jasoak dira.
Liburuaren hitzaurre interesgarrian,Joan Lluis Marfany hizkuntzalariaren aipu bat dugu, eta aldatu nahi dut hona: «Durant molts segles, la gent parlava d’ una certa manera o altra - i algunes d’ aquestes diverses maneras estaven més o menys relacionades entre si i es distingien més o menys unes d’ altres- però ningú no parlava en cap llengua » 
Eta halaxe da, baxu Erdi Aroko errealitate politiko eta instituzionalek baldintzatu baitzuten hizkuntzen erabilera. Eta botere politikoak hankaz gora jarri zuen hizkuntza desberdinetako hiritarren arteko harreman arrunta - elkar ulertzen zioten- gaztelania inposatuz beste guztien gainetik. Euskara ez dugu sail horretan sartuko, erromantzearen garapenetik kanpo baitago, jakina, baina politikoki hizkuntza-zentralismoaren garroak pairatu zituen, besteek bezala
Estatuaren egitura politiko, sozial eta mediatikoak eta mendetako tradizio judeo-kristauak - ez ahaztu Babeleko zigorra- hizkuntza txikiak madarikatu zituzten. Iberiako ipuinak liburuak erakusten digu argi eta garbi, Babel inbento bat izan zela eta inongo jainkoren zigorrik ez baizik hizkuntza-dibertsitatea oparia dugula, askatasunean garatu behar dena, historiaren eta, finean, bizitzaren bultzagilea ez baita homogeneitate monolitikoan ematen dibertsitatean baino.

otsaila 18, 2019

EGIA ETA EGIATASUNA


Astebetea eman den arren, gogoak akuilututa gaira itzuli nahi dut. Eta esan behar dut Bernard Williams filosofoa etorri zitzaidala gogora Madrileko manifestazioaren ondoko aitorpenak entzun nituenean. Bilkura nazionalista baztertzailerako deia egin zutenen oihu propagandistiko beltzak gezurraren erroetaraino iristen zirela iruditu zitzaidan, eta hamaika aldiz barreiatzen den gezurra egiatzat har daitekeelako errealitateak eite hartu zuen nigan ostera.

Egia eta egiatasunari buruz teorizatu zuen Williams jaunak deitoratuko zituen Madrileko giza-kontzentraziora deialdia burutu zutenak. Filosofo ingelesaren arabera, baieztapen intelektualaren errealitatearekiko adostasun intelektuala da egia; finean, inguratzen gaituenerako adimenaren egokitzapena. Egiatasuna, berriz, izpiritu bolondresari dago atxikita eta nork bere jokaera, helburu eta interesetara erlazionatuta dituen egiak aldarrikatzen ditu. Egiak, beraz, itxuraldatu egiten dira egiatasuneko dantzaren arabera.

Madrileko erakuspen tristearen antolatzaileek, errealitateari bizkarra emanez, hankaz gora jarri dute egia. Eta garbi erakutsi dute zein nolako egiatasunarekin ari zaizkion gizarteari bonbaztatzen. Arriskutsua, zeharo

Argazkia: JMVM

otsaila 11, 2019

KONTARI, KONTULARI, ERRELATOREA... HORI EZ DA ARAZOA!


Espainiako politikak gero eta betarte ilunagoa aurkezten digu. Egunetik egunera zeru goibelean beltzagoak agertzen dira oreixa iragartzen diguten hodeiak. Eta mendebaletik - alde horretatik iristen zaizkigu, eskuarki, ekaitzak eta haizealdi bortitzak, mendebal/vendaval- ez dira gauzak hobeto pintatzen. Hondamena begi bistakoa dugu. 

Kontari, kontalari, errelatorea, idazkari, notario, ... auskalo nola deitu behar zaion fatxa espainiarren trumoia altxarazi duen iriztu-pertsonaiari. Barkatu, uhin faxista jasoarazi duena Sanchez izan da, bere proposamen inozoarekin. Zeharo jota dagoen gobernu buruari ez zaizkio gauzak bat ere ondo ateratzen ari eta estropozuz-estropozu dabilkigu gurpil eroan, nondik atera daitekeen asmatu ezinik. Bien bitartean, zerumugan fusilak prestatuta agertzen dira errekete eta falangista berriak. Ez da broma.

Orain badirudi hautsi egin dela Kataluniako zorioneko mahaia, teorian alde bateko eta besteko aldarrikapenak egokiro jasotzeko kontari baten beharra omen zuena. Ni istorio honen hasieratik inguratu nauen galdera planteatu nahi dut: inork uste al du, jaramon egingo zitzaiola mahai-idazkari horri, argi bila berarengana jo behar izan balute? 

Arren! Arazoa ez da balizko mahai baten inguruan eser daitezkeenen hitzak hoberen jasoko lituzkeenaren definizio administratiboa. Ezta pertsonaia mahaian esertzea egokia den ala ez. Erroan irtenbiderik ez duena da, etxe partikulartzat hartzen ari direneko patioan inork ez duela urrats bat ere atzera eman nahi, espazio komunak eraikitzeko inor ez dagoela bere aldetik ezertxo ere galtzeko prest. Eta horrela lantegia alperrekoa da. Trintxeretan segituko dira (gara) Bitartean, Franco Valle de los Caidosen. Ad eternum?
Argazkia: JMVM

otsaila 04, 2019

NI EZ NAIZ GARA


Baina Gararekin nago, bera modu zikinez erasotzen dutenean ni ere kolpatzen nautelako. Hogei urte inguru eman dira Garzonen erresoluzio lotsagarri eta tranpaz josia ezagutu genuenetik. Justiziaren paladin herrena dugun epaile mediatiko zinbulu-zanbulugarriak erabaki sinestezina hartu zuenean auskalo zein goi aginduri jarraitzen zion eta zein tekla sakatu zuen, polizia ustelkorrak eta lau politiko erok -Aznar barne- bakarrik ontzat eman zuten diktamena aldarrikatzeko. Eta ez naiz okertzen Garzonen herrenkuraz, Villarejorenganako harreman isilak ekarri baitio hankamotzaren defizit etikoa.

Ni ez naiz Gara, baina min nago berriz ere euskal prentsa belaunikatu erazi nahi izan dutelako. Inongo ahots gidariren kontsignei jaramonik egin gabe berrogeita bost urtez ihardun dudalarik, euskal prentsako langilea naiz, Gara eta Egin baino lehenagokoa, eta orain Gararen kontrako ebazpenean ni ere jipoitu naute. Horregatik indar guztiekin salatzen dut euskal egunkariari egindako eraso berria. Ez da azkena izango, hori ziur; horregatik, lerro batzuk idazteko gai naizen bitartean, erasotuek beraiekin edukiko naute.
 Argazkia: JMVM