Nire burutazio eta lanetarako tokitxoa da espazio hau. Konpartitzerik badaukat, hobe.
BILATU
maiatza 30, 2011
BILDU-ren ERRONKA ZAILA
Bildu egin ninduten Bilduk eta bere diskurtso programatikoak, nahiz eta oraindik oso garbi ez daukadan zein den agintzen duena. Baina agian horrexegatik harrapatu ninduen, ohiko alderdi politikoen erretolika nekagarri eta, azken finean, etsigarriarekin aspertuta. Ez dakit zer den Bilduk espektro politikoan bilatzen duena baina nire begien aurrean horrek ematen dio indarra bere promesari. Ez dakit nola lortuko duen, funtsean ados naukan ibilbide politikoaren gauzapena. Ezin dut antzeman, ahaleginean gogoa jartzen dudan arren, nola kudea daitekeen, inon idatzita ageri ez den Euskal Herriarentzako kudeaketa plan osoa. Baina horretxek eskaintzen dio planari erakartasuna, ainguratuta dagoen itsasontzia bezala, norabidea aukeratzeke baitago.
Politika burutzeko aukeratu beharreko bide berrietan daukat esperantza jarria. Eta Bilduk bide berri horien eraikiketan ezinbesteko protagonismoa eduki dezake, gainerako alderdiek kreditu politikoa agortu dutenean. Bortizkeriaren garroetatik aldentzea lortu duen bezalaxe, orain politika aktibo, osasuntsu, garbi, ireki eta ausarta garatzeko ahalmena duela erakutsi beharko du. Oso lantegi konplikatua da, sistema politikoa bera gaixorik baitago eta kutsatu egin dezake, irentsi, hain zuzen, bere sare ustelean. Baina ilusiozko garaia ireki da, eta Bilduk erakutsi beharko digu noraino eraman gaitzakeen bere estrategian, gu euskaldun guztion onbidean.
Aurreneko oztopoak jada bidean dauzka. Ezker-eskuin etorriko zaizkio zangotraba gehiago. Berria da Bildu politikako plazan eta oraindik zero akats ditu. Bertute gutxi ere, jakina, baina jaio berriak bat erakutsi du, orain arte agintean egondako alderdiek zeharo galdu dutena, euskal hautesleen artean itxaropena pizteko erakutsi duen gaitasuna, alegia. Edozein modutan, adi, Bildu: politikan marratxo igarri ezin bat dago maitasun eta gorrotoaren artean. Gaur zuri dena bihar beltz bihur daiteke, hautesleen harridurarako. Eta horretara ohitu gaituzte, demokraziako mekanismoak gure artean 1977an ezarri zirenetik. Denbora larregi galdu dugu.
maiatza 23, 2011
LIZARTZAKO LAPUR BABESTUA
Bart, hauteskundeen emaitzak ezagutzen zihoazen neurrian, gehien interesatzen zitzaidan datua, bitxia irudi badaiteke ere, Lizartzakoa zen. Norbaitek galde dezake zer arraio galdu dudan nik Gipuzkoako herrixka horretan. Ezer ez, eta asko. Ez dakit esplikatuko ote naizen. Begira: Herri honek- Euskal Herriak- duela lau urte bere duintasunean eraso zital eta doilorra pairatu zuen eta Lizartzako Udaletxean zirkorik txarrenetan ematen ez den espektakulu negargarria eskaini zen eta Regina Otaola PPko funanbulista txatxuak eskuratu zuen Lizartzako alkate-aulkia.
Espainiar medioek egundoko zarata atera zuten, azkenik emakume haren bitartez Euskal Herrira bakea etorri zela adieraziz. Diario Vascoren kronikak zioen, 2007ko uztailaren 2koan:
"Quiero dejar hoy bien claro que nada, excepto lo inevitable, va a apartarnos de nuestro principal objetivo, que es la libertad para todos", destacó la alcaldesa, quien reprochó al nacionalismo democrático no haber "sabido estar, a las duras y a las maduras, con los ciudadanos que se ven privados de libertad para asegurarles una vida digna si daban la cara frente a los violentos en sus respectivos pueblos, como Lizartza”
El Pais ez zen, ez alajaina, atzean geratu: "La alcaldesa Otaola amansa Lizartza" titulatzen zuen erreportaiak, 2010-06-13an.
Atzoko emaitzak garbi utzi du Regina Otaola kargu bat ebatsi zuela, legeak lagun. Eta medioek, esango al dute ezer?
Argazkia: http://ketari.nirudia.com/slide/tag/lizartza
maiatza 17, 2011
ETAren DESAGERPENA, TORTURA ETA BORTIZKERIA
Txoko honetan maiatzaren 9an ETAren desagerpenaz idatzitakoak erreakzio guztiz adeitsua sorrarazi dio Eneko Barberena lagunari, eta Mondraberrin irakurri ahal izan dugu bere erantzuna. Benetan eskertzen dut ekarpena.
Eta esan behar diot ados nagoela bere iritziekin. Gure herrian den-denok sufritu dugu bortizkeriaren zama, eta ez nolanahikoa gainera, edozein tokitatik begiratuta. Duela gutxi, blog honetan horixe salatu nuen, oraindik ere torturatu egiten dela konbentzituta bainago. Daramagun borroka ilun honetan, berrogeita hamar urteko historia latza hartzen du torturak. Hori ETA sortu ondoren. Zertarako aipatu, 1936tik erakunde armatua sortu bitarteko torturak! Eta aurrekoak? Bortizkeria-soka luze batekin otzandu –menpetu- nahi izan gaituzte,
Gehiago esango dut: ziur nago, ETAk bere ekintzak bertan behera utzi arren, euskaldunok estatuen indarkeriaz jasaten segituko dugula. Gure ardura izango da modu egoki eta efektiboan erantzutea. Izan ere, ni ez nago prest nire burua zilarrezko erretiluan entregatzera eta horregatik defentsa aktiboan jarraituko dut.
Aurrekoa adierazi ondoren, diodan ESTE-n irizpide desberdinetako kideak ginela. Oraindik ikusten ari naiz zein nolako bronkak antolatzen ziren Jose Ramon Rekalderen klaseetan: zuzenbide zibileko irakaslea FLPren teoriak defendatzen eta ikasleria – 40 lagun!!!- zatituta (gutxi gora behera, orain bezala) ezker eta eskuineko jarrerak oihuka inposatu guran. 1968 urtea zen.
Eta, azkenik, Perturen desagerpenari buruzko Angel Amigoren teoria ona balitz ere... nire ikaskide ohiak bortizkeriaren biktima izaten segituko luke.
Eskerrik asko, Eneko, zure hitzengatik.
maiatza 16, 2011
ZINTZOTASUNA MORRONTZAREN GAINETIK, POSIBLE OTE?
Datorren igandeko hauteskundeen aurrean, egunkari baterako iritzia eskatu zidaten, nire herriko udal-talde berriari zer eskatuko niokeen adierazteko. Erantzunean ez nuen balio materialeko ildoetatik jo, gutxien balio duen faktorea delakoan nago-eta. Hauxe botepronton adierazitakoa:
“Ez dakit aurrekontuko diruaz lor daitekeenik nik eskatuko nukeena: ardura publikoa hartuko dutenen kargua herritarrentzako hurbila egitea. Gero eta urrunago ikusten ditut behin kargura helduz gero. Ondorioz, errealitate hori egunero egiaztatzen dugu herritarrok udal-kudeaketa osoan. Udala esklerosizatu egin da, zurrundu, eta sentsazioa daukat gero eta konplikatuagoa dela udal-egitura adeitsua, adikorra bihurtzea.
Korporazio berriari gestioan freskotasuna eskatuko nioke, hau da, irudimena erabil dezatela, arinkeriarik gabeko irudimen partizipatiboa. Eta parte hartzeak suposatzen du siglarik gabeko lankidetza, hots, hauteskunde kanpainan hainbeste aldarrikatzen den “herriaren aldeko” helburu hori, alderdi politiko eta sindikatuen morrontzatik aske bideratzea. Azken finean, hiritarrok pertsonak gara, gure betebehar eta eskubideekin, eta horiek lau urtean behin baino maizago islatu behar dugu, egiazko demokrazian biziko bagara”
Tokiko administrazioari dagokion hausnarketa txiki hori, herrialdeko edota beste edozein motatako administrazioaren konplexutasunari aplika liteke samur asko, zertzelada multzotxo apur batekin aberastuta.
Oinarrizko exigentzia, beste edozeren gainetik ondratasuna da, kargu publikoen zintzotasuna, hain zuzen. Ez dezatela eskua zikin. Pentsa dezatela uneoro gutxien uste dutenean legearen zama eror litekeela euren gainera... Nahiz eta, daukagun zirko politikoaren karpa azpian, legea hanka artetik pasatzen den askotan, administratuok ergel aurpegiarekin uzten gaituzten bitartean. Baina, ni behintzat eskatzeagatik ez naiz isilik geratuko.
Eta administratzaile publikoentzako gainerako eskakizunak koordenada kartesiarren ordenatu eta abzisa-ardatzetako balio bakarretik pasarazten ditut: zintzotasunetik. Gauza asko ez dakit nik geometriaz, eta ez nago oso seguru hori posible ote den. Horregatik, nik ere galdera egiten dut: Ezina al da, kargu publikoek teorian bederen defendatzen duten herriarenganako zintzotasuna, bakoitzaren alderdiarenganako morrontzaren gainetik jartzea?
maiatza 09, 2011
ETAren DESAGERPENAREN AURREAN
Oraingoan badirudi baietz, azkenik Euskal Herriaren gizartea aske gera daitekeela ETAren bortizkeriatik. Horrela adierazten dute erakusleek eta euskaldunok inoiz baino itxaropentsuago gaude, datorkeen eszenategi politiko berria dela-eta.
ETAren zigorrak hezur mamietaraino astindu du gure gizartea. Eta biolentziaren gora beheretatik ez da inor salbatu. Denok dugu norbait balantze makabroaren aktibo edo pasiboan eta berrogeita hamar urteren ondoren horrek guztiak adierazi duena objektiboki ikertuko balitz den-denok etorri beharko genuke bat, Euskal Herriaren historiako tarterik beltzenetakoa izan dela aitortzean.
Duela berrogeita lau urte ikaskide izan nuen lagun batekin mintzatzen ari nintzen lehengoan, ETAren itzalak gure promozioan utzitako intzidentziaz. Ahoa bete hortz geratu nintzen, modu batean edo bestean bortizkeriak lagatako arrastoaren tamainarekin. Ikaragarria izan da, eta denboraren poderioz pertzepzioaren gaitasuna kamustu egiten delako, nonbait, erdi lausotua nuen hain emaitza iluna. Eta lagunari agindu nion gogorapen-ariketa bat burutuko nuela, gertaerak behintzat zeharo ahaztuta gera ez dakizkigun.
Eduardo Moreno “Pertur” eta Santi Oleaga, biak erailak. Jose Luis Arrasate, bahituta eta ondorioz gaixotua... heriotza ekarri ziona. Horiexek izen propio ez-anonimoak. Hiruak Euskal Herriko semeak, beste edozeinen modukoak. Beren senitartekoek ezingo dute jasandako galera bete.
Baditugu, euren aita/aitaginarreba/anaia/koinatu/... ETAren balek erailda suertatu direnak. Baditugu euren sentimenduz kontra Euskal Herritik kanpo alde egin behar izan dutenak ere. Badira, nola ez!, euren negozioa lehergailuek zeharo birrinduta ikusi dutenak. Eta badira bakean utz zitzaten dirua mahai gainean jarri behar izan zutenak ere. Horiek sufritzaile anonimoak dira, beldurra eta... nazka gainetik uxatu ezinik daudelarik, gure gizartearen balizko normalizaziotik ezer gutxi espero dutenak.
Zenbakitara eramanda, berrogei lagunetako kolektibo batean hamabostek ETAren hatzaparra zuzenean pairatu dute, ezintasunean eta isiltasunean.
Euskal Herriko zeru muga argiago agertzen ari den une hauetan, blogeko nire txoko apal honetatik gogoeta txiki bat egin nahi izan dut, nola edo hala irrazionaltasunaren bortizkeria jasan zuten ESTEko XII. Promozioko nire lagunengatik.
maiatza 05, 2011
Y AUN DICEN QUE EL PESCADO ES CARO: BAI NOSKI!
Itsas kai arrunt batean, gaur goizeko lehen orduan. Itsasuntziak iristen ari dira eta bart saretutako arrainak deskargatzeari ekin diote. Ez dakit ilusio handirik jartzen ote duten ariketan. Nekatuta daudela ematen du. Gau osoko lan astunak arrastoa utzi du arrantzaleen begitarteetan. Ikusliar batzuk hurbildu gara karelera eta lonjatik esku gurdiren bat ekarri dute kaxak enkante-guneraino garraiatzeko. Ez da asko behar, gaurko emaitza ez baita luxuzkoa izan. Atzokoaren parekoa. Eta, ziurrenik, biharkoak ere ildo beretik joko du. Itsasoa agortzen ari da.
Lonjara sartu naiz, enkanteak bere xarma baitu eta berehala hasi dira makinak produktuen zenbaki, argazki eta irteerako prezioak zehazten. Urte batzuk direla, gizon-emakumeen ahots kantarien oihartzunak areto zabala betetzen zuen. Egun teknologiak isiltasunera kondenatu du operazioa, asepsiarik anonimoenera. Telebista pantailetako informazioari teleagintetik erantzuten dio norbaitek. Auskalo nora joango den arrain kaxa hori!
Hori bai; itsasuntziko arrantzaleen aurpegi ilunak zerikusirik eduki dezake pantailetako zenbakirik serioenarekin. Izan ere, saio hasierako prezioaren zentimoz-zentimoko gainbeherak, gauean euren ahalegina inbertitu dutenen izpiritua goibeltzen du.
Gaur goizean ikusi dudana: enkantera kiloko lau eurotan atera den arraina, 0´75etan adjudikatu zaio maiorista bati. Arrain hori, handik bi ordutara, maiorista horrek herrian daukan arraindegian 3´15 eurotan eros daiteke. Arrainen miraria ez, baizik artekariena, deitzen diot nik horri.
maiatza 02, 2011
OSAMA BIN LADEN ETA BILDU
Albiste batek bestea estali du. Eta Osama Bin Ladenek eskua luzatu die Goi Epaitegiko 61. Aretokoei, hauen erabakia (ez dut kalifikatiborik ipini nahi) bigarren (edo hirugarren) mailakoa bilakatu delarik gaur goizean espainiar komunikabideetan. Iritzi publikoa, kaleko jendea, arabiar terroristaz ari da. Une hauetan nagoen espainiar hirian atzo gauean Madrilen izandako deliberamenduaz ez du inortxok ezertxo ere aipatzen.
Bin Ladenen heriotzarik gabe ere bestela gertatuko ote zen pentsatzeko arrazoirik ez dudan arren, gaurko berri nagusia haren inguruko “egia bakar eta osoari” dagokiona da: Bin Laden hil da. Bildu koalizioari buruzkoa baztertu egin du AEBren ekintza armatuak.
Goi Epaitegiko bederatzi kide lasaixeago egongo dira gaur goizean, euren boto partikularrarekin eragindakoa (jarraitzen dut kalifikatiborik ipini gabe) urtua geratu baita beste motako uhin-zaparrada baten azpian.
Argazkia: http://www.andigital.com.ar/noticia.php?noticia_id=16838