Nire burutazio eta lanetarako tokitxoa da espazio hau. Konpartitzerik badaukat, hobe.
BILATU
maiatza 30, 2011
BILDU-ren ERRONKA ZAILA
Bildu egin ninduten Bilduk eta bere diskurtso programatikoak, nahiz eta oraindik oso garbi ez daukadan zein den agintzen duena. Baina agian horrexegatik harrapatu ninduen, ohiko alderdi politikoen erretolika nekagarri eta, azken finean, etsigarriarekin aspertuta. Ez dakit zer den Bilduk espektro politikoan bilatzen duena baina nire begien aurrean horrek ematen dio indarra bere promesari. Ez dakit nola lortuko duen, funtsean ados naukan ibilbide politikoaren gauzapena. Ezin dut antzeman, ahaleginean gogoa jartzen dudan arren, nola kudea daitekeen, inon idatzita ageri ez den Euskal Herriarentzako kudeaketa plan osoa. Baina horretxek eskaintzen dio planari erakartasuna, ainguratuta dagoen itsasontzia bezala, norabidea aukeratzeke baitago.
Politika burutzeko aukeratu beharreko bide berrietan daukat esperantza jarria. Eta Bilduk bide berri horien eraikiketan ezinbesteko protagonismoa eduki dezake, gainerako alderdiek kreditu politikoa agortu dutenean. Bortizkeriaren garroetatik aldentzea lortu duen bezalaxe, orain politika aktibo, osasuntsu, garbi, ireki eta ausarta garatzeko ahalmena duela erakutsi beharko du. Oso lantegi konplikatua da, sistema politikoa bera gaixorik baitago eta kutsatu egin dezake, irentsi, hain zuzen, bere sare ustelean. Baina ilusiozko garaia ireki da, eta Bilduk erakutsi beharko digu noraino eraman gaitzakeen bere estrategian, gu euskaldun guztion onbidean.
Aurreneko oztopoak jada bidean dauzka. Ezker-eskuin etorriko zaizkio zangotraba gehiago. Berria da Bildu politikako plazan eta oraindik zero akats ditu. Bertute gutxi ere, jakina, baina jaio berriak bat erakutsi du, orain arte agintean egondako alderdiek zeharo galdu dutena, euskal hautesleen artean itxaropena pizteko erakutsi duen gaitasuna, alegia. Edozein modutan, adi, Bildu: politikan marratxo igarri ezin bat dago maitasun eta gorrotoaren artean. Gaur zuri dena bihar beltz bihur daiteke, hautesleen harridurarako. Eta horretara ohitu gaituzte, demokraziako mekanismoak gure artean 1977an ezarri zirenetik. Denbora larregi galdu dugu.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina