BILATU

maiatza 09, 2011

ETAren DESAGERPENAREN AURREAN



Oraingoan badirudi baietz, azkenik Euskal Herriaren gizartea aske gera daitekeela ETAren bortizkeriatik. Horrela adierazten dute erakusleek eta euskaldunok inoiz baino itxaropentsuago gaude, datorkeen eszenategi politiko berria dela-eta.

ETAren zigorrak hezur mamietaraino astindu du gure gizartea. Eta biolentziaren gora beheretatik ez da inor salbatu. Denok dugu norbait balantze makabroaren aktibo edo pasiboan eta berrogeita hamar urteren ondoren horrek guztiak adierazi duena objektiboki ikertuko balitz den-denok etorri beharko genuke bat, Euskal Herriaren historiako tarterik beltzenetakoa izan dela aitortzean.

Duela berrogeita lau urte ikaskide izan nuen lagun batekin mintzatzen ari nintzen lehengoan, ETAren itzalak gure promozioan utzitako intzidentziaz. Ahoa bete hortz geratu nintzen, modu batean edo bestean bortizkeriak lagatako arrastoaren tamainarekin. Ikaragarria izan da, eta denboraren poderioz pertzepzioaren gaitasuna kamustu egiten delako, nonbait, erdi lausotua nuen hain emaitza iluna. Eta lagunari agindu nion gogorapen-ariketa bat burutuko nuela, gertaerak behintzat zeharo ahaztuta gera ez dakizkigun.

Eduardo Moreno “Pertur” eta Santi Oleaga, biak erailak. Jose Luis Arrasate, bahituta eta ondorioz gaixotua... heriotza ekarri ziona. Horiexek izen propio ez-anonimoak. Hiruak Euskal Herriko semeak, beste edozeinen modukoak. Beren senitartekoek ezingo dute jasandako galera bete.

Baditugu, euren aita/aitaginarreba/anaia/koinatu/... ETAren balek erailda suertatu direnak. Baditugu euren sentimenduz kontra Euskal Herritik kanpo alde egin behar izan dutenak ere. Badira, nola ez!, euren negozioa lehergailuek zeharo birrinduta ikusi dutenak. Eta badira bakean utz zitzaten dirua mahai gainean jarri behar izan zutenak ere. Horiek sufritzaile anonimoak dira, beldurra eta... nazka gainetik uxatu ezinik daudelarik, gure gizartearen balizko normalizaziotik ezer gutxi espero dutenak.

Zenbakitara eramanda, berrogei lagunetako kolektibo batean hamabostek ETAren hatzaparra zuzenean pairatu dute, ezintasunean eta isiltasunean.

Euskal Herriko zeru muga argiago agertzen ari den une hauetan, blogeko nire txoko apal honetatik gogoeta txiki bat egin nahi izan dut, nola edo hala irrazionaltasunaren bortizkeria jasan zuten ESTEko XII. Promozioko nire lagunengatik.


Eta desagertutako Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur"en abesti bat entzutera gonbidatzen zaituztet: http://www.youtube.com/watch?v=h40uK7GS0Ww

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina