BILATU

PSOE etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
PSOE etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

azaroa 20, 2023

ERREKONKISTA SAKRATUA

Dena etorriko da, ez ibili presaka. Ikusiko duzue laster Feijook PSOEko idazkari nagusi eta gobernuburua desafiatzen duela ezpata borroka batera, baina ez esgrima kirol joko noblean erabilitakoetatik, baizik eta Don Pelayo motakoetatik. Fenomeno asturiar hark, beso armatuaren kolpez, musulmanen mugimenduari galga jarri ziola diote, Espainiako errekonkista deiturikoari hasiera emanez. Horrela irakatsi zidaten behintzat eskolakume samurreko urteetan.

Nolanahi ere, lehia ez da inoiz gertatuko, galiziarraren aurka Sanchez borrokan ari den bitartean, "me gusta la fruta" entzun eta segundoko milaren batean bizkarretik eraso bat jasateari dion beldurrarengatik. Eraso horrek, inondik ere ez ustekabean, Galiziako apostolu demokrata trump-etaria (oximoron) ere harrapatuko zukeen, aberri-saltzaile fedegabea akabatzeko ahaleginean martir bezala eroriko zena.

Pelayorengana itzuliz, hain da eztabaidatua bere jatorriaren, balentrien eta abarren tesia, non asmakizun bat dela pentsatzea besterik ez dago, “bat-handi-aske”ren kontrako sentimenduak oro ezpataz ezabatzeko inbentatuta. Matxinada gorri eta gualdako egun hauetan, oinazetik eta beldurretik begiratzen diegu berriro errekonkista sakratuari.

Argazkia: wikipedia

apirila 29, 2019

HEMEN EZ DU INORK IRABAZI


Amaitu da zirkoko funtzioa. Eta badirudi, zenbakiei begira, ekitaldian gehien gustatu duen numeroa PSOErena izan dela, behintzat estatu mailan.  Ez zaie psozialistei gaizki joan, hori garbi dago, eta eskuin muturreko indarrak desaktibatuta geratu dira oraingoz, teorian bederen. Herriak, herri xeheak, beldurra sentitu du kanpainan zehar eta boto ematera hurbildu da. Beste maila batean, distantziatik eta EAEri dagokionez, Mayor Oreja lehendakari gai izan zeneko 2001eko abentura oroitzen dut. Orduan hautestontzira sekula ez hurbildutako pertsonak joan ziren euren boza ematera, donostiarrak euskal politikarako adierazten zuen arriskua zela eta. Orain gauza berdina gertatu da.  

Estatu mailan  PSOEk irabazi ei du eta ospatzen ari da garaipena, baina herri xehea, hots zirkorako sarrera txartela erosi genuenok, ekitaldiko mozkorraldiaren ajearekin geratu garelakoan nago.  Nire ikuspuntutik inork ez du ezer irabazi eta denok atera gara norgehiagoketatik piska bat orbanduta, izan ere bateon batek azal al liezadake zer programa eskaini zuten zirkoko aktore desberdinek euren agerpenetan? Haize bolada arin batek hankaz gora jar zezakeen edozeinen erretolika merkea. Ez dugu, beraz, programarik hautatu; gure botoa esloganek - eta mehatxuek-  eragin dute, aldeko ala kontrako jarrerarekin. Beldurrak, alegia. 

Ez gaitezen engaina, lehen bezain ilun gaude, eurek ere - hautesleria beren proklamekin zorobiatu dutenek- ez baitute oso garbi zer demontre datorkigun gainera. Baina, politena eta aldi berean etsigarriena da, legealdi gutxi geratzen zaidan arren, kontzientzia zibikoak eskatzen didala egokiera desberdinetan nire papera hautestontzira sartzea, untxi miragarria aterako delako esperantzan; magikoa bailitzan. Horrela izan al da beti?

Argazkia: JMVM

urria 20, 2014

BLESA, RATO ETA ENPARAUAK


Blesa eta Rato barrez lehertzen ibiliko dira oraindik, epaileak ipinitako fidantza dela eta. Barrez, urtetan hiritarroi sartu diguten ziri txorizeroarengatik ere, eskuin zabalak - PPtik PSOEra- ahalbidetutako bitarteak inork baino hobeto erabiltzen jakin izan dutelako. Eta barrez lurretik zilipurdika, Kode Penalaren arabera, balizko delitu fiskal gehienak preskribitu egin zaizkielako, gainerako  beste iruzur, kalte eta abarrek makula bat ere uzten ez dien bitartean. Deputurrudefoa, aizu


Baina, lasai, lapurren soka ez da horiekin amaituko. Ustelkeria eta lotsagabekeria botere ukiezinean sartuta denean boteretsuek jainkotzat hartzen dute euren burua. Eta beraien arteko lotura-sarean kiratsa darien aintzazko koroiekin azaltzen zaizkigu, morroi burugabe lerdoek txalotzen dieten bitartean.  

Barcenas ahaztu bide dugu eta Urdangarin eta Gurtelekoak... Badirudi kaka batek aurrekoa estaltzen duela eta gizakion oroimena hain laburra den non hats haien pertzepzioa lurrundu egiten zaigun berehala. Agian oroimenaren ezgaitasun horri esker bizi gaitezke,  digestio okerraren ondorioz oka egite amaigabea saihesten baitugu, ito gabe, nahiz eta horrenbeste ustelkeriaren aurrean gorputz txarreko sentsazio oinazeztatuarekin geratzen garen.

Argazkiak: La Vanguardia

ekaina 25, 2012

AURELIO ARTETAK BELDURRA EMATEN DIT

Atzo, igandea, normalean irakurtzen ditudan egunkarietako batean Aurelio Arteta katedradunak zerbitzatzen zigun artikulu interesgarria irakurtzeko aukera izan nuen (pazientzia eta San Juan gau magikoaren osteko ajeari irribarre batekin eusteko ahalmena izan zituen beste edozeinek bezalatsu) “Memoria, relato... y juicios de valor” zeritzan idazkia.

EHU-ko irakaslearen ohiko lerrotik zetozen tiroak eta beraz ongi parapetatuta irentsi ahal izan nuen idazkia, nire osotasun psikikorako ezelako arriskurik gabe. Orain hurrengoan PSOEko Jesus Egigurenek zioen moduan, Arteta nondik datorren zangotzarra abiatu baino lehen ikusten zaio, ahalegin handirik egin barik. Gurdia idien aurretik jartzera ohituta dagoenez gero, teoriak ere halakoxeak ateratzen zaizkio unibertsitari-maisuari. Inor gutxi konbentzitzeko gai da, behintzat burmuinean razionaltasunari toki eskaintzeko gauza direnen artean.

Gonbidatu egiten zuen Artetak irakurlea aurriritzi faltsuak desterratzera, besteak beste gure diferentziari buruzkoak. Eta hori gutxi bailitzan, eskubide kolektiboen entelekiaz mintzatzen zitzaigun, EHUn filosofia morala erakusten duen nafarra. A! Eta gaixotasun etnizistari buruzko ez dakit zer nolako harri bitxiak botatzen zituen, lasai asko, euskaldun guztion diruarekin finantzatzen den erakunde akademikoko asalariatuak. Hori bai da demokrazia, ezta Arteta jauna? Talaia paregabetik –hots, Euskal Herri etnizistan egunkari gehien saltzen dituen komunikabide-taldearen baitako medioetatik- deskargatu egiten zituen bere pistolak, liberalismo eskuindar baztertzaile higuingarriaren ildotik. Polita, oso, etnizistok antidemokratikotzat jotzen gintuen bitartean.

ETAren amaierak euskal abertzaletasunaren egokitzapenaz ez baizik eta horren gaineko galdeketaz zerikusirik eduki beharko lukeela zioen filosofoak. Eta nazionalismoari legitimitate irrazionala dagokiola gehitzen zuen. Korolario gisa, berriz, euskal gizarteak nazionalismoaren desarmeari buruzko foro iraunkorra izan beharko lukeela azpimarratzen zuen, baina –aldi berean- bere burua inozo hurrengotzat jotzen zuen halako planteamendu egiteagatik, konbentzituta izan nahi ez duena konbentzitu nahi izatea ariketa antzua delakoan baitago. Albert Camusen aipu batekin amaitzen zuen pentsalariak, zeinean limurtu ezin daitekeen gizakia gizaki beldurgarria dela adierazten zuen frantziarrak.

Dirudienez Aurelio Artetak ez daki gauza handirik ispiluen jokoaz... edo giza banakoen askatasunaz hain konprometitua dagoen ze bere libertatearen labirintuan ahaztu egin du, simetrismoaren oinarrizko postulatuengatik bere burua ere jarri beharko lukeela balizko limurtzearen ahalezko jokalarien artean. Nik behintzat ez diot inoiz aditu (entzun, irakurri) prest legokeela pertsuaditua izateko, baldin eta konbentzitzen badute, noski. Horretarako joko dialektikora ireki egin behar da, aurriritzi eta lokarri liberal antzugarri eta kamustaileak alboratuz. Eta, zer esanik ez, liberalei beltz jartzen zaieneko interbentzionismorako deietara jo barik.

Niri, Aurelio Artetak –pertsuasiorako gertu ez dagoen heinean- beldurra ematen dit, izua.



Argazkia:  ciudadanovoltaire.blogspot.com

urtarrila 10, 2012

LIDERRAK EDO IDEIAK. ZER DA LEHENAGO?



Espainiako sozialistak ideologiari buruzko barne hausnarketa prozesuan bide dabiltza, alderdiaren lema noren eskuetan jarriko ote duten erabakitzeko. Aurreko baieztapenari zalantza puntu bat eman diot, ez bainago ni oso ziur, orain arte aurkeztutako bi hautagaien aldetik egiazko erreflexiorako ildoa ahalbidetzen ari ote den ala, soilik, militantziari leiho mugatua zabaltzen zaion, “biharamunean” kide bakoitzak  bere burua –batez ere ikuspuntu biologikotik begiratuta, gainera- non eta nola koka lezakeen ikus dezan.

Eztabaida sortzen denean –sortu den bezala- “ideiak eta liderra” binomioaren barruan lehentasuna zeri dagokion argitzeko, zerbait ez dabil ongi. Izan ere, eman al daiteke liderrik ideiarik gabe? Edota ba al da ideiak pizterik lider barik?  PSOE gaizki pasatzen ari da eta boteretik erortzeak maldan beherako galera itzela ekar diezaioke, irudika ezin dezakegun moduan.  Sozialistek ez dute bat ere errazik espainiar eskuinak irabazitako espazioa berreskuratzea. Ez nagokio, noski, hautes-espazioari, ez. Hori, azken finean, hautesleen kopuru mugatuari dagokion aldagaia da, zenbakia -hitz batez adierazita- eta formula matematikoak irtenbideren bat eman lezake, eskuinaren higadurarekin batera letorkeena.

 Batere dudarik gabe, sozialistei mingarrien gertatuko zaien galera ideologiarekin zerikusirik duena da.  Eskuinerantz eskoratu den doktrinak nekez berreraikiko du babes-etxea, gaur bere sustraietatik ukituta, munduko botere-korronteen ertzera ekarri baitu egungo sozialismoak bere joko-eremua. Hau da, dinamitatu egin ditu errotik hamarkadetako ohiko diskurtsoa eta lorpenak. Eta espainiar sozialismoa, Europa osokoa bezala,  dialektika kontrajarriko laberintoan dago galduta gaur, inoizko sentsaziorik penagarriena dariolarik. Ez da teoria koherenterik bilbatzeko gauza.

Zer da lehenago, ideiak ala liderra? Nor da gai liberalismo suntsitzailearen ordez gizadiaren elkartasunaren bila abiatu beharko litzatekeen diskurtso mamitsu eta esperantzagarria aldarrikatzeko? Gauden zulo etsigarrian egonda, ezin da bertara sartu gaituzten erantzuleen aldetik inolako formula magikorik espero. Eta ezin da, hain zuzen, magia –sarritan esan dudan bezala- gezurra delako. Erabateko aldakuntza higienikoa behar da, eta horretarako buru argiak dira ezinbestekoak, euren lepoan inongo motxilarik ez daramaten gizon-emakume ausart bezain mugarik gabeko gizartearekiko konprometituak, baldintzarik gabeak. Hain justu, eguneko politikoen kontrako irudia.

Espainiar sozialisten eta, oro har, beste edozein balioren gainetik giza-eskubideen errespetu eta defentsa aktiboaren alde dauden mundu osoko pertsona guztien elkartasunerako lantegiak liderrak behar ditu. Baina balizko horiek teoriaren sustatzaileen artetik aterako dira, egiazko korronte ideologiko suspertzaile eta iraultzailea izango bada. Bihar etziko sozialismoak, edo izen desberdinarekin giza-duintasuna lehen helburutzat har lezakeen ideologiak pikutara bidali beharko lituzke interes ekonomiko, sozial eta erlijioso bastardoak, etnozentrismoak, estatu eta nazioen sakralizazio ortodoxoa, eta gizon-emakumeen garapen askerako behaztopa gerta litezkeen arropa guztiak. Arrosa dalia bilakatu beharko litzateke.

Hori, adiskideok, ez da goizetik gauera gorpuzten. Baina gaur bidean jarriko bagina, hurbilago egongo ginateke xedetik.
Argazkiak: Tere Anda

urria 25, 2011

RAXOI ETA BILDU


Raxoik  dio bere helburua -PPrena- Bilduri botoak kentzea dela. Baieztapen horrek zilegitasuna eskaintzen dio euskal alderdiari, beste kontsiderazio askoren gainetik. Ez da gutxi. Komentzituta nago Raxoi jakin gainean zegoela ETAren azken komunikatuan esango zenaz. Rodriguez Zapatero, CNI eta enparauak zeuden bezalaxe. Enteratu bide ez zen bakarra Patxi Lopez dugu, jokoz kanpo harrapatuta lehen  pilotakadatik.
Baina gaurkoa ez doa ETAren erabakiari buruz baizik eta Raxoiren asmo teluriko ilunaz. Izan ere, lurrikararik galantarenarekin ere gailegoak ez zukeen ergelkeria handiagorik esango.

Nola arraio kenduko dio PPk Bilduri botorik? Produktu berdinik saltzen dute, ala? Ez dago zalantzarik egungo PP eta PSOEeren arteko diferentzia hutsaren hurrena dela, gobernu programari dagokionez. Badirudi bata besteak zer esango zain egoten dela, bere lan lerro programatikoak aldarrikatzeko. Egia da, bi alderdiak arrantza esparru berdintsuetan ari direla eta antzerako sareak erabiltzen dituztela. Galdeketa bat egingo bagenu bi alderdien arteko diferentziak zehazteko, ziur nago pertsonalak ez lukeela inondik ere asmatuko, biak zein biak joko arau berdinekin ari baitira hautesleen bila.

Sarritan jarri dut sarrailgilearen adibidea: ekoizle guztiok sarrail berdina fabrikatzen badute, merkatuak laster hondoa joko du, degradatu, deskontu eustezinekin eta mahai azpiko jukutriekin. Merkatuaren dibertsitatean datza ekoizle bakoitzaren osasuna eta, ondorioz, merkatuarena berarena. Eta espainiar bi alderdi nagusiek ez dakite azaltzen euren eskaintzaren diferentzia non dagoen.

PPk eta Bilduk, bistan da, produktu desberdinak dituzte eta merkatuak garbi dauka bakoitzaren eskaintza zein den. Ez du dudarik azalduko botoa emateko orduan. PPk botoak, batez ere, PSOEri kenduko dizkio. Agian, banaka batzuk EAJri (alderantziz ere gerta liteke) Baina Bildu eta PPren arteko hautesleak galaxia desberdinetakoak dira.  Hor lasai egon daiteke Bildu, hortik ez baitzaio arriskua etorriko. Baina koalizioari iragarpenak pikutara joan dakizkioke, baldin eta besteen demerituetan bakarrik eraikitzen badu bere hauteslegoa.

Bilduri ekintza positibista eta posibilista argigarria arlo guztietara ematea dagokio. Eta horrela, seguru, dardaran PP eta bere orbitako guztiak egongo dira. Era horretan bakarrik joan ahal izango da aurrera herri honen eraikuntza itxaropentsuan.

Orain arteko erokeria guztiak albo batera utzirik, Euskal Herriaren gero  baikorrean sinesten dugunon indarra elkartuko bada urratsak elkarren arteko konfidantzan eman behar ditugu.

Amaitzeko diodan gaur, urriaren 26, ez dudala ezer ospatzerik, hau ez baita nire eguna.


Argazkia: elrincondelalibertad.blogspot.com
 


iraila 07, 2011

EUSKARA, KATALANA ETA ESZENATEGI POLITIKO BERRIA



Azaroaren hauteskundeetara ailegatzen ari garen heinean eztabaida politikoa areagotuko da alderdi eta eragile politikoen artean. Horretarako ditugu politikoak, ideologia desberdinetako ordezkari direnak, nahiz eta daramagun gain beherako martxa honetan diferentzia politikoak non dauden asmatzea gero eta ariketa zailagoa bihurtzen ari zaigun.

Katalunya aldean pizturiko hizkuntza-istilua bizi ari garen uneotan, euskaldunok ezin dugu ahaztu euskararen kontrako erasoak ere izan direla iraganean, ongi orkestratuak, nondik-eta katalanaren erabilera askea eragozten ari den tipologia bertsuko pertsonaiengandik. Auzitara jo zutenek jakin badakite –bazekiten, salaketa ipini zutenean ere- katalanak ez duela inondik ere espainiera arriskutan jartzen, baina beldurraren estrategiari eutsiz eta espainiar medio askoren laguntza ordain ezinarekin, bozgorailuak piztu dituzte, botoen arrantzan ale batzuk irabaztearren. Ez da txikikeria, alde horretatik, Katalunyan, Euskal Herrian bezala, bertakook ez ezik gero eta etorkin gehiago bizi dela, eta horiengana beldurraren haziarekin zipriztintzeak inperio sakro santuaren aldeko uzta ekar dezakeelakoan ari dira betikoak. Inork sinesten al zuen euskarak gaztelania arriskutan ipintzen zuena?
      
                         PSOE-PPko gobernu batekin Gasteizen –ongi idatzi dut, PSOE-  hizkuntza eztabaida ez da hain bortitza gurean, ez –jakina- Celaa eta enparauek euskararekiko euren jarreran oraingo Generalitatekoek bertoko hizkuntza baino tinkoago defendatzen dutelako, baizik eta –justu- kontrako arrazoiarengatik. Eta ez dute Lakuako maizterrek brunete mediatikoaren grina sorrarazten euren politika linguistikoarekin, batzuek eta besteek uraska berdinetik edaten dute-eta. EAEn behintzat, azaroaren 20 bitartean eztabaida horretatik libre egongo gara... euskararen kaltetan, noski.


Argazkiak: 
http://www.que.es
http://www.socialistasvascos.com