Azaroaren
hauteskundeetara ailegatzen ari garen heinean eztabaida politikoa areagotuko da
alderdi eta eragile politikoen artean. Horretarako ditugu politikoak, ideologia
desberdinetako ordezkari direnak, nahiz eta daramagun gain beherako martxa
honetan diferentzia politikoak non dauden asmatzea gero eta ariketa zailagoa
bihurtzen ari zaigun.
Katalunya aldean
pizturiko hizkuntza-istilua bizi ari garen uneotan, euskaldunok ezin dugu
ahaztu euskararen kontrako erasoak ere izan direla iraganean, ongi
orkestratuak, nondik-eta katalanaren erabilera askea eragozten ari den
tipologia bertsuko pertsonaiengandik. Auzitara jo zutenek jakin badakite
–bazekiten, salaketa ipini zutenean ere- katalanak ez duela inondik ere
espainiera arriskutan jartzen, baina beldurraren estrategiari eutsiz eta
espainiar medio askoren laguntza ordain ezinarekin, bozgorailuak piztu dituzte,
botoen arrantzan ale batzuk irabaztearren. Ez da txikikeria, alde horretatik, Katalunyan, Euskal Herrian bezala,
bertakook ez ezik gero eta etorkin gehiago bizi dela, eta horiengana beldurraren
haziarekin zipriztintzeak inperio sakro santuaren aldeko uzta ekar
dezakeelakoan ari dira betikoak. Inork sinesten al zuen euskarak gaztelania
arriskutan ipintzen zuena?
PSOE-PPko gobernu batekin Gasteizen –ongi idatzi dut, PSOE- hizkuntza eztabaida ez da hain bortitza
gurean, ez –jakina- Celaa eta enparauek euskararekiko euren jarreran oraingo
Generalitatekoek bertoko hizkuntza baino tinkoago defendatzen dutelako, baizik
eta –justu- kontrako arrazoiarengatik. Eta ez dute Lakuako maizterrek brunete
mediatikoaren grina sorrarazten euren politika linguistikoarekin, batzuek eta
besteek uraska berdinetik edaten dute-eta. EAEn behintzat, azaroaren 20
bitartean eztabaida horretatik libre egongo gara... euskararen kaltetan, noski.
Argazkiak:
http://www.que.es
http://www.socialistasvascos.com
Katalanagatik esaten dekanaz bat natxeok, baino ez diat ondo ulertzen Euskal Gobernuaz zer esan nahi dekan. Eusebio
ErantzunEzabatuEskerrik asko irakurtzegatik!
ErantzunEzabatuBegira, Lakua eta medioak -euskal "birusak" jota ez daudenak, noski- uhin berdintsuan ari dira hizkuntza politika dela-eta. Horrexegatik ez dute inoiz auzirik sortuko, zalapartatsua. Zer kontatuko zioten, bada, espainiar merkatuari (benetan interesatzen zaienari)?
Auzia, pentsatzen dute, sor dezatela euskaltzaleok! Baina, hori bai, gure estalpe mediatikorik gabe.
Beraz, automatikoki, auzia, etxe-auzia da; hau da, euskaltzale folkloristak bilakatzen gaituzte, gure ezintasunean.
Nahi baduzu, ostiralean segituko dugu horren inguruan.
Besarkadarekin