BILATU

Eduardo Madinaveitia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Eduardo Madinaveitia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ekaina 01, 2026

EDUARDO, JARRAITU IDAZTEN!

 


Bizitza bira eta bueltaz betetako bidea da, uneoro eszenatoki berriak eskaintzen dituena eta, une batzuetan, gure patuan eragina izan zuten bizipen asko ezkutatzen dituena. Eta gertatzen da, noizean behin, zerbait agertzen dela zure barnera biltzen zaituena eta sentimendu alaiak esnarazten dizkizuna.

Nire lagun eta Gasteizko Institutuko ikaskide ohi Eduardo Madinaveitiak idatzitako "Y al final... el miedo" liburua irakurri berri dut, hark eskaini eta bidalia. Aire fresko bat bezala izan da miasma eta ustelkeriaz betetako eguneroko eszenategi honetan. Ordu batzuetan, bere gorabehera txiki guztiekin, bizitzak merezi duela sinestarazten duen sentsazio gozagarria piztu da nigan. Itxaropenezko abestia den testu bat sortu du Eduardo lagunak, izenburuak bestela pentsatzera eraman gaitzakeen arren.

Eta hasieran aipatu dudan bide zigizagatsuaren kontua da 17 urterekin Eduardorekin kontaktua galdu nuela, bizitzaren ibaiaren beste bihurgune batean gure bideak banandu zirenean... eta mende erdi baino gehiago igaro arte ez genuen elkarren berri izan. Ez dakit zer gertatuko zen bion arteko harremanak gure gaztetasun urrunetik bizirik iraun izan balu. Ziur ez niokeen eskertuko, orain egiten dudan bezala, bere literatur eskaintza askean hain ausarta aritu izana. Jarraitu idazten, mutil!

urria 05, 2015

HURBIL DAGO ABERRIA BAINA...



Berrogeita zortzi urte eman dira elkarri azken agurra esan genionetik, ziurrenik gainera agur hitza erabili gabe, hurrengora arte ia-ia mende erdia itxoin beharko genuela bat ere sumatu barik. Eta larunbatean elkar genuen topo egin, Interneteko eremu zabalean batak bestearen presentzia antzeman ondoren. 

Ez dut gogoratzen nork idatzi zuen bakoitzaren aberria batxilergoa elkarrekin egiten dutenen espazioa dela. Horren arabera, batxilergoko ikas-mahaiko lagunak aberrikideak ditugu. Eduardo Madinaveitia gasteiztarra eta biok batera ibili ginen Gasteizko Institutuan urte samur haietan, etorkizunak zer ekarriko  zigun zeharo ezjakinak. Nork bere bideari ekin genion hamazazpi urteko bizitza-motxila arinarekin eta herenegun elkarri besarkada zirraragarria eman ondoren gure bilobak ere izan genituen hizpide, besteak beste.

Plazera izan zen ordutxo batez, oroitzapenetako biltegia arakatuz frenorik gabe mintzatzea, eta bestela ezin zitekeen moduan  hitzordu berri bat jarri genuen ostera kontu kontari aritzeko. 

Zer hurbil dagoen aberria eta zein gutxi ezagutzen dugun!

Argazkia: Arqué