BILATU

martxoa 26, 2018

ETA ORAIN?



Altuna, Unzueta, Elkoro, Ajuriagerra

Aramaiora bildu ziren iragan astean hiru alkate ohi, Aramaiokoarekin batera mahai inguru batean esku hartzeko. Bergarako Alkateen taldekideak izan genituen lauak, 1976-77 urteetan Euskal Herriko politikagintzaren akuilu itxaropentsuak izan zirenetakoak. Elkoro, Altuna, Ajuriagerra eta Unzueta lau eredu bikain izan genituen urte haietan eta oraindik freskoak ditugu askok 1976ko uztailaren 21eko Elkororen hitz adoregarriak Bergarako pleno aretotik mundu osora barreiatuta, estatuari eta gure herriari irekitzen zitzaien aldi politiko berriaren aurrean. 

Berrogeita bi urte geroago Kataluniako independentistak kartzelara sartu dituzte, euren ideiekin borrokatzeagatik. Ahaztu egin dut zenbat eta zenbat euskaldun kondenatu dituzten lehenago arrazoi berdintsuarengatik. Europak, bitartean, espainiar estatuko barne garuntzat hartzen gaitu.

Inozoak izan al ginen abiapuntutik? Benetan sinetsi al genuen Euskal Herri askean? Gurea zer da? Fondoko norgehiagoketa? Sisiforen mitoaren hurrena? Minotauroren labirintoa? Denetik apur bat? Eta orain?

Argazkia: JMVM

martxoa 19, 2018

PENTSIOAK



Pentsioei buruzko gaiari heltzen diot gaur, oso azaletik bada ere, eta egiten dut ez bakarrik nire oinarrizko eskubideen zati garrantzitsua delako,  baizik, baita ere, jaio nintzenetik azalean itsatsita daramadan balio material horrekin botere politikoek egin duten kudeaketa oker eta interesatua salatzeko.

Bizitza bizirako  pertsonaren  eskubidea sakratua da, heriotza duinerakoa den bezala, zentzu hertsian. Eta giza kolektiboa zuzen balebil, gutariko bakoitzak - kudeaketa publikorako hautatu ditugunak barne- ahal duena eta gehiago egin beharko luke hura azken ondorioetaraino eramateko. Ikusten ari garen pelikulak, ordea, errealitate desberdina darakuskigu,  eta demagogian erori gabe, "zoazte pikutara" ozena altxarazten digu, ez soilik hileroko soldata estatuaren – gure- kutxatik kobratzen dugunoi, giza duintasuna ezinbesteko baliotzat hartzen dugun guztioi baizik.
 

Dena den, ez gaitezen engaina. Eskubideak barne-barnetik gureak diren arren, espoliazio eta lapurreta masiborako daude gertu botere faktikoak, indar politikoa ogi apurrekin mantsotu eta ezereztatu ondoren. Balizko lorpenak ez dira politikoekiko elkarrizketaren bidez helduko, pertsonaren balio ukiezinean sinesten dugunon etengabeko bultzada aldarrikatzailetik baino.

Argazkia: Tere Anda 

martxoa 12, 2018

BERNARDA ETA PAULA



Garcia Lorcaren Bernardarekin ekiten diot gaurko ekarpentxoari eta andaluziarraren poetika tragikoak lagun, Aramaioko Paularenganaino heldu naiz, pertsonaia bien arteko zerikusiak eraginda. 

Literatura unibertsaleko maisuak erakutsi zigun gizarte itxi, uzkur eta iluneko zirkuluetatik ez dagoela aurrerapauso ematerik, eta gurpil ero lazgarriaren ardatzak eragozpen hutsak bilakatzen direla askatasunerako ahaleginean. Finean, berak oharkabean elikatutako gizarte argi gabearen biktima da fikziozko Bernarda. 

Paula ere, pertsonaia historikoa XIX.ean, biktima izan genuen. Bere gabezietan murgil egiten zuen giza kolektiboaren garroetan harrapatuta, istorio zirraragarria idatzi zuen bere oinazearekin Arexolako emakume hark, baserri kutsu hertsiko zirkuluetan itota. Paularen zoritxarrak ozta-ozta izan zuen oihartzun eta denboraren amildegian behera errealitatea legenda bilakatu zen, ahanzteraino. 

Bernarda eta Paula, bi emakume desberdin baina, euren arteko paralelismoan, gizarte borreroak bortizkerian batera kondenatuta. Bi emakumeak gaurkotasun biziko adibideak ditugu, hiri giroko inguruetan ere.
 

martxoa 05, 2018

IKASGAI ESPAINIARRAK



John Carlini irakurri nion atzo "Lecciones vikingas" tituluko artikulua, eta idazkian bilbatzen zuen teorian barrena nindoala bezperan niri gertatutakoarekin lotu nuen. Aurrera begira erronkei adarretatik heltzeko islandiarren hoztasun eta zorroztasuna goraipatzen zituen kazetari ingelesak eta aldi berean Europako beste lurralde askotako behin eta berriroko auzokeria higuingarria salatzen zuen. 

Larunbateko arratsalde ilunean telebista aurrean eseri nintzen,  atletismo munduko norgehiagoketa ikusteko. Espektakulua atsegin dut, bizitza osoan kirol praktikatik oso urrun ibili banaiz ere. Ez dut ezer ulertzen marka eta atleten prestakuntzaz. Baina berdin dit, espektakulua bera baita erakartzen nauena. Espainiako telebista publiko orojalearen katea batean ematen ari ziren probak eta bizpahiru esatarik ziharduten, ikusleei, teorian bederen, pantailan agertzen zenaren gaineko xehetasunak helarazten.

Bosgarren minuturako telebista aparailuari ahotsa kendu behar izan nion, lokutoreen patriotismo nazkagarriaz kokoteraino. Irudiekin nahikoa nuen espektakulu ikusgarriaz gozatzeko.