Garcia Lorcaren Bernardarekin ekiten
diot gaurko ekarpentxoari eta andaluziarraren poetika tragikoak lagun,
Aramaioko Paularenganaino heldu naiz, pertsonaia bien arteko zerikusiak
eraginda.
Literatura unibertsaleko maisuak
erakutsi zigun gizarte itxi, uzkur eta iluneko zirkuluetatik ez dagoela
aurrerapauso ematerik, eta gurpil ero lazgarriaren ardatzak eragozpen hutsak bilakatzen
direla askatasunerako ahaleginean. Finean, berak oharkabean elikatutako gizarte
argi gabearen biktima da fikziozko Bernarda.
Paula ere, pertsonaia historikoa XIX.ean,
biktima izan genuen. Bere gabezietan murgil egiten zuen giza kolektiboaren
garroetan harrapatuta, istorio zirraragarria idatzi zuen bere oinazearekin Arexolako emakume hark,
baserri kutsu hertsiko zirkuluetan itota. Paularen zoritxarrak ozta-ozta izan zuen
oihartzun eta denboraren amildegian behera errealitatea legenda bilakatu zen, ahanzteraino.
Bernarda eta Paula, bi emakume desberdin
baina, euren arteko paralelismoan, gizarte borreroak bortizkerian batera kondenatuta.
Bi emakumeak gaurkotasun biziko adibideak ditugu, hiri giroko inguruetan ere.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina