BILATU

1960 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
1960 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urria 11, 2026

MARGO TAILERREAN


  Hamar urte nituela, marrazketan nire lehen gutxiegi jaso nuen. Gasteizko Ramiro Maeztu Institutuan izan zen batxilerraren lehen ikasturteko azterketan, oraindik nire oroigailu kuttunen artean gordetzen dudan ikas-kartillan ikus daitekeen moduan. Eta horren harira diodan, argazkian azaltzen diren bi sinadurak Eduardo Madinaveitia eta emazte izango zuen Mertxe Villaciani dagozkiela, geroko bizitza-ibilaldian bihotzeko adiskideak izan nituenak. Eta nigan gaitasun artistikorik ikusi ez zuen irakaslea Julian Ortiz de Viñaspre “JOVI” izan zen, hura ere urteetara Urrezko Zeledonetan lagunkide izan nuena, eta inoiz nire gutxiegiko anekdota pairatu behar izan zuena. Egia esan, irakaslea zuzen egon zen nire gaineko ebaluazio akademikoan, ez bainaiz inoiz marrazteko edo margotzeko talentuarengatik nabarmendu.

Gauza da, ia hirurogeita hamar urte geroago, Bergarako Luis Lascurain artistak eskainitako bi eguneko margo tailerrean parte hartu dudala. Aitortu beharra daukat, ideiak mihise batera estiloz islatzeko gaitasuna dutenak nola ari ziren zuzenean ikusteko gogoz eman nuela izena ikastarorako. Eta ez naiz damutzen parte hartzeaz... hori bai, ikasle behatzaile gisa, ez baitut bi egunetan pintzel bakar bat ere eskuratu, erabat barregarri geratuko ote nintzen beldurrez.

Ezagutzak ez duela tokirik hartzen diote. Eta hori egia denik guztiz konbentzituta ez nagoen arren, ikastarotxoan eman ditudan bi egunek aukera ahalbidetu didate berriro ere baieztatzeko teoria funtsezkoa dela abiatzen garen edozein abenturarako, artean, zientzian edo lan munduan. Izan ere, behin eta berriz frogatu da teoria on bat baino ezer praktikoagorik ez dagoela.

apirila 06, 2015

VATIKANORI ERREGUTUZ



Alberto Onaindia, Iñaki Azpiazu eta beste zenbait apaiz euskaldun euskal elizaren hondamendiaz Vatikano jakin gainean ipintzen aritu ziren 1938 inguruan. Bando faxistak Euskal Herriko eliza goitik behera urratu zuen, eta dozenaka apaiz eta erlijioso erail zituzten euskaldunen defentsan jarduteagatik. Onaindia, Azpiazu eta besteek ezer gutxi lortu zuten Vatikano gorretik, Erromako goi hierarkia faxistekin lerrotu baitzen. 

Duela 55 urte, 1960ko maiatzean, euskal apaizek ostera altxatu zuten euren ahotsa, erregimen frankistaren mehatxupeko euskal gizarte eta elizarentzako askatasuna eskatuz. Elizaren goi agintariei igorritako idazkia pertsona eta kristau bezala sinatzen zuten hiru ehun baino gehiago apaizei eman zitzaien erantzun bakarra jazarpena izan zen. Iluntasunak nagusi izaten segitu zuen. 

Orain berriz ere atera dira hainbat euskal kristau kexu eta kezkati, Arabako gotzainaren aldaketa dela eta. Idazki bat bidali nahi diote Aita Santuari, euskal gotzain batek eduki beharko lituzkeen oinarrizko nolakotasunak gogoraraziz. Hona hemen, labur bilduz, eskaeraren zutabe nagusia:
 
Ebanjelioaren arabera, pobreen eliza xumearen bultzatzaile izatea; ministerio guztietan laikoen parte-hartzea babestea, batez ere emakumeena. Jainkoarenganako bidea eraiki asmoz, herriaren arazoetatik eta ametsetatik eragileak litezkeen lan komunitateen adore emaile izatea; Euskal Herriko gainontzeko gotzainekin batera, Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizkoak, denak batera, lan egin dezaten Lurralde Eliztar bereko Euskal Eliza eragile izatea. 

Ulertuko al du Vatikanok, behingoz, euskal elizaren erregua? 

Oharra: idazkiaz bat egi nahi izanez gero, bidali mezu bat, izen eta bi abizenekin: placerugarte@gmail.com


  http://www.fentmuntanyaiformacio.es







iraila 02, 2013

GIZON IZATEN IKASTEN ARI





Jean Haritshelhar lagun nuen eta euskal langile porrokatua izan zenaren oroimenez


 Abuztuko irakurgaien artean aspaldiko liburu bat izan dut. Eta hain aspaldikoa, izan ere hamalau urteko gaztetxo bizar gabea nintzela irakurri behar izan nuen lehen aldiz, testu liburu gisa. “Aprendiz de hombre” titulatzen da, Gonzalo Torrente Ballester espainiar idazleak prestatuta. Eta liburuaren orrietatik gora eta behera aritu izan naizenean oroitzapenetako kajoian hamaika jauzi egin dituzte bertara bildutakoek. Garbi dago oroitzea bizi izatea dela. Frogatu ahal izan dut, berriz ere. 

Liburuaren lehen argitalpena –Delegación Nacional de Juventudes zeritzan elkarteak eraginda- 1960ean kaleratu zen da eta nik daukadan alea 1963koa da, laugarrenekoa, hain zuzen. Testuaren helburua - tituluak darakutsan legez- garaiko mutilak uneko balore induzituetan prestatzea zen eta, zer esanik ez, gure izaera espainiar zipriztinez elikatzea. “Formación del Espíritu Nacional” ikasgai haren estilokoa dela esango nuke -–“esta obra ha sido declarada de texto para enseñanza de Educación Política de 2º Curso de Bachillerato General” dio liburuak kreditu-tituluetan. Baina bazuen partikularitate bat:  mundu osoko literaturaren zati hautatuek osatzen dute liburua. Horrela,  Sofocles, Kipling, Frisch, Aldecoa, Curie, Chejov, Foe, Shakespeare, Vigny … Jose Antonio Primo de Rivera, Perez de Urbel, Miró  eta gure izpiritu gaztetxoan eragina izan zezaketen pertsonaia “politikoki zuzenak” azaltzen dira, nor bere ekarpenarekin.

Torrente Ballesterek egileen hautaketa egin zuen eta liburuaren atarikoa eta kapitulu bakoitzaren sarrera eta epilogoa idatzi zituen. Itxura guztien arabera, galiziarrak orekari eutsi behar izan zion zenbait puntutan, zentsurarekin tupust ez egiteko. Ez dut gogoratzen zer sentitu nuen nire gaztaro gordinean lehen aldiz irakurri nuenean. Seguruenik, ez hotz ez bero utziko ninduen liburuak. Oraingoan, ordea, harriduraz bete naute zenbait kapituluk, batez ere lanari eskainitako arlokoak, beren tonuarengatik. Eta adibide gisa bi zati aukeratu ditut. 

Lehenean, “Cuando se desdeña el trabajo” tituluarekin, irakurtzen da: “¡Penoso espectáculo el de la gran España, con sus campos incultos, sus labradores pobres, sus ciudades melancólicas y sus miles y miles de tramposos, ladrones, pícaros y mendigos … El arte de robar constituido en meta de las aspiraciones de los muchachos … porque es profesión lucrativa” 

Bigarrenean, aldiz, “El señoritismo” titulupean idatzi zuen Torrente Ballesterek: “El español no cree en la eficacia del trabajo. El menosprecio del trabajo llega a inventar la curiosa paradoja de que el trabajo es deshonor. Cuando la sociedad piensa disparate semejante ¿quién puede asombrarse de que la gente no trabaje? Y sucedió que mientras los españoles holgaban o esperaban el remedio de la fortuna que había de llegar sin esfuerzo, el resto de los paises europeos se levantaban sobre su esfuerzo, sobre su trabajo. Aquí no nos dábamos cuenta de que corrían una carrera en la que nos iba a ser muy difícil alcanzarlos” 

Torrente Ballesterek 1960n idatzi zituen aurrekoak. Aplikagarriak izan litezke egun?
 
Oharra: Torrente Ballesteren idatzien azpimarra nirea da.

ekaina 10, 2013

ARGAZKI ERAKUSKETA ADIERAZGARRIA



  

Argazki bilduma interesgarri bat daukagu egun hauetan ikusgai Arrasateko Kulturaten. Garbi dago  interesa piztu duela, inauguratu aurretik polemika piztu baitu edo bederen batzuek horixe ireki nahi izan dute. Baina jakina den moduan, bik ez dute eztabaidatzen  batek ez badu nahi.

"Zezen festak Arrasaten, XVI-XX mendeak" liburua argitaratu du Ana Isabel Ugalde Arrasate Zientzia Elkartekideak, eta horren harira prestatu da argazki erakusketa. Ene ikuspuntutik, oso erakusketa erakargarri bezain adierazgarria da. Ikustea merezi duten horietakoa.

Edozein herriren erretratu bildumarik zintzoena bere biztanleek  denboraren joanean eskainitakoa da. Garaiak aldatzen doaz gu emakume eta gizakumeok horrela eragiten dugulako. Eta soziologikoki zeharo garrantzitsua da gizartearen bilakaera behar bezala aztertzea, nondik gatozen, zer garen eta norantz apuntatu beharko genukeen iragartzeko. Hori egiten ez duen kolektiboa abiapuntu ez egokitik  ari da lan egiten. 

Duela hirurogei urteko gizarte osoa gertaera baten inguruan  erretratatuta ikusteak - berdin dit oraingo erakusketa honen gaiak edo beste edozeinek- klabeak eskaintzen ditu gure iragana nolakoa izan zen hobeto ulertzeko, zein baldintzatan bizi ginen gogoratzeko eta ordudanik emandako aldaketa neurtzeko.

Urte latzak ziren, grisak, eta gizon eta emakume haien baitan lanak erabateko garrantzia zeukan, euren bizitzaren zatirik handiena hartuz. Aukera gutxi zegoen barre irekirako, izpirituaren askapenerako. Alde horretatik,  nire baieztapen hau idazten ari naizenean nobela bat datorkit burura, arrasatear gizarte haren erradiografia gordina egiten duena, hain zuzen: “Donde el hierro se hace luz” (1960),  Unión Cerrajeran lan egin zuen Jose Alberto Marinena. Zintzotasun gardenaz deskribatzen du egileak giro itogarri hura. 

Erakusketa honetako argazkiek -Bentxes ahaztu ezinak lortuta- gristasun hartatik atera nahi zuen giza kolektibo bat dakarkigute gogora. Politiko, eklesiastiko, kultural eta sozialki preso zegoen arrasatear gizarteak barrea zuen amets. Eta edozein aukerari heltzen zion erabateko askatasun egarri hura asebetetzeko.  Horregatik, barrea da nagusi erretratuetan. 

Argazkietako milaka pertsonen artean agertzen ez naizen arren, erretratatuta ikusi naiz. Berun koloreko gizarte hartan hazi eta hezi ninduten eta horrexegatik dakit nola aldatu garen. Premiak egin gintuen askatasun izpiritualerako borrokalari. Hirurogei urte geroago, aitzitik, oraingo gizartearen barrea artifiziala da. Betekada materialaren seinalea dugu hori.